EUSKAL INAUTERIAK

Lasarte-Oriako Euskal Inauterietako bi trama

David Egizabal Ollokiegi eta Juan Luis Eizmendi Arsuaga 2025ko ots. 21a, 09:45

Hilaren 28an ospatuko dituzte Lasarte-Oriako Euskal Inauteriak, arratsaldez: erromeria, dantzak, mozorroak, sua eta txokolatea ez dira faltako, ezta azalpenak ere. Festa horren zentzua eta esanahia balioan jartzeko jarraibideak oinarrituko dira David Egizabalek eta Juan Luis Eizmendik sortutako ipuin batean. Bi trama bateratu dituzte, eguzkia eta ilargiaren arteko eztabaidarena eta basoko izaki bizidunen eta gizakien arteko hitzarmenarena. 

Betidanik aritu dira eztabaidatzen eguzkia eta ilargia, ea nor ote zen bietatik maitatuena. Batak, egunaren erdia argitzen du, eta besteak, beste erdia. Txandaka aritzen dira bata bestearen atzetik elkar ikusi gabe, hitzik trukatu gabe, eta elkarri egunaren pusketa bat lapurtu nahian.

Eguzkiaren iritziz, bera zen maitatuena izaki guztiei ematen zielako argia eta beroa. Horri esker, izaki bizidun guztiek zuten janaria eta giro epela zoriontsu bizitzeko. Bera zen bizitzarako pizgarria, bera zen bizitza pizten zuena.

Ilargiak, aldiz, aurkakoa zioen. Ilargiaren ustez, bera zen maitatuena egunean zehar izandako neke guztiak berdintzen laguntzen zuelako. Bere argi leunetan aurkitzen zuten izaki guztiek atsedena eta indarrak berritzeko aukera.

Udazkenean eta neguan, ilargia indartsuen aritzen den sasoian, ilargiak lortzen du gauak luzeagoak izatea. Lanerako argitasunik gabe eta giroa hotzagoa dela, ilunabarretan etxeratzen dira gizakiak suak ematen duen argiaren eta beroaren bila. Suaren inguruan bilduta aritzen dira elkarrekin ipuin zaharrak eta eguneko gertakizunak kontatzen, baita abesti ederrak kantatzen ere.

Ama Lurrak antzera egiten du. Izan ere, Ama Lurrak ere beharrezkoa du atsedena indarrak berritu eta emankor esnatzeko. Ama Lurrarekin batera, basoko animalia eta landare askok ere euren babestokietan gordetzen dira epel-epel eta lo gozoan.

 Udaberrian eta udan, ostera, Eguzkia indartsuagoa denean, gauak laburragoak dira eta giroa beroagoa. Ama Lurra lozorrotik esnatuta, landare asko ernaldu egiten dira. Hosto erorkorreko zuhaitzak ere, soineko berde eta eder batez janzten dira. Luzaroan lo egon diren animaliak ere esnatu egiten dira. Ugaztunak, hegaztiak, zomorroak… denak hasten dira batetik bestera janari bila neguko gosea berdintzeko, eta behin goseak berdindu dituztenean, pozaren pozez hasten dira elkarrekin dantzatzen eta ugaltzen.

Hala egiten du, adibidez, hartzak. Negu osoa lo eman ondoren iratzarri egiten da. Hain zuzen, negua amaitzear eta udaberria hastear dagoen unean. Dakitenek diote, otsailaren 2an, Kandelaria egunaren inguruan, hartzen bat edo beste basoan ikusten bada, horrek esan nahi duela urte horretan udaberria ohi baino lehenago etorriko dela. Kontrara, negua luzatuko dela esan nahiko du. Atsotitz batek gogorarazten digu hau guztia: kandelaria hotz, negua motz. Garai aproposa da, beraz, Ama Lurra esnatzen hasteko, edota negu luzerik nahi ez bada, esnatzen laguntzeko.

Elezahar batek dio hartza esnatzen denean, basoko bizidun guztiak bere inguruan biltzen direla basoko bizitza arautuko dituzten hitzarmenak adosteko eta, horrela, Ama Lurraren oreka ez apurtzeko. Besteak beste, adosten dute ez sortzea kalterik elkarri, bizirauteko baino ez bada. Batak ezin du bestea hil edo jan, goseak jota ez badago edo bizirik irauteko elikagaiak eskuratzeko ez bada. Berdin dio elikagaia landare bat ala animalia bat izan. Basoko bizitza basatia bada ere, inork ez du basakeriarik egiten. Bizirik irauteko behar-beharrezkoa dena baino ezin da hartu. Horrela zaintzen dute denek basoko oreka.

Elezaharrak dio batzar hori egiten dela urtero negua amaitu eta udaberria hasten den denboran, Iñauteri garaian. Hala ere, basoko bizidunak ez doaz batzarrera ohiko itxurarekin. Gizakitu egiten dira. Gizakien itxura hartzen dute, gizakiek bezala hitz hartu, elkar entzun eta gauzak adosteko. Gizaki itxura hartu duten basoko bizidunak dira ihauteritako mozorroak. Mozorroari esker, esan bezala, gizaki forma hartuta, errezagoa egiten zaie hitz egitea eta elkar ulertzea.

Batzar horretan ikus daitezke, esaterako, “zaldikoak”, jana bilatzeko saltoka joaten diren zomorroak ditugu horiek. “ziripot” itxura dutenak, berriz, arrastaka mugitzen direnak eta gero zomorro bihurtuko diren larbak. Beldurgarrienak, behar bada, “mamuxarro” itxurakoak. Aurpegia gorrituta izaten dute eta ezten luzeak muturrean. Zomorro ziztatzaileak eta odol xurgatzaileak dira. Beste batzuk ditugu “erraldoiak”. Gose ase ezina dutelako egun osoa jan eta jan ematen duten zomorroak dira. Horregatik dira hain handi eta hain beldurgarri. Batzarreko erraldoi hauek, den-dena jaten dute, gizakiok landutako uzta osoak eta biltegietan gordetako janaria guztia.  Zomorro askoren bizileku eta janari diren landareak ere mozorrotu egiten dira, “txantxoak” edota “trapuzaharrak” ditugu horiek.

Elezaharrak dio, hasieran gizakiak ere joaten zirela batzar horietara, baina herrixkak eta etxeak egiten hasi zirenetik eta lurra lantzen ikasi zutenetik, utzi ziotela joateari. Izan ere, harrokeriak jota, gizakiak sinisten hasi ziren gainerako izaki bizidun guztiak baino trebeagoak eta argiagoak zirela. Izan ere, nahi beste janaria sor zezaketen eta bere etxeko sutondoan nahi beste argi eta bero lortu ere bai. Pentsatzen zute Ama Lurraren oreka zaintzeko itunak kalte egiten ziela, itunak ez baitzuen uzten behar-beharrezkoa zena baino hartzen. Gizakiek sinistu zuten, gainerako bizidunek baino gehiago merezi zutela. Bizi irauteko behar-beharrezkoa zena baino gehiago nahi zuten. Horregatik, batzarretara joateari utzi ziotenean, hasi ziren basoko izaki bizidun askoren bizitokiak hartzen etxeak, abereentzako larreak eta baratzak egiteko. Landare eta animalia asko kanporatu zituzten euren bizilekutik.

Jarrera hori ez zitzaien batere gustatu gainerako izaki bizidunei, eta berehala nazkatu ziren gizakien harrokeriarekin. Ituna ez betetzeagatik, zigortu behar zituztela adostu zuten batzar batean. Laster hasi zitzaion garesti ateratzen gizakiei euren handi ustea. Gizakiak itunetik kanpo zeudenez, basoko izaki bizidunak ere hasi ziren neurri gabe jaten aurrean aurkitzen zuten guztia. Tarteka-marteka, izurriteetan bildurik, milioika zomorro biltzen ziren gizakiek landutako uzta jateko eta etxeetan bildutako janariak. Horrez gain, gaixotasun ugari ere sortu zituzten. Elezaharrak dio, orduko gizakiek ulertu zutela ezin zutela bizi ituna berretsi gabe, eta batzarretara joateko baimena eskatu zuten berriro.

Hala eskatu zuten, baina basoko izakiak ez zuten traturik egin nahi izan. Etziren fio gizakiarekin, harrokeri handiz jokatu izan zuen aurretik. Animali askoren bizitokaik lapurtu zituen eta beharrezkoa ez zenean ere, landareak eta animaliak hil ere bai. Gainera, zergatik ez zuten ba jango gizakien janari goxo hori? Gizakien soro eta biltegietan nahi beste janari goxo zegoen zomorro denentzat. Gizakiek argudiatu zuten honela: dena jaten badiguzue, goseak jota hilko gara gizaki guztiok eta ez duzue izango guk ekoizten ditugun janari goxoak jateko inolako aukerarik.

Gauzak horrela, asko eta luze hitzegin ostean, lortu zuten azkenean ados jartzea. Itun berri bat sortu zuten. Itun berriaren arabera, ordain baten truke, basoko animaliek, zomorroek eta landareeak hitz ematen zuten pakean utziko zituztela gizakiak.

Horregatik, Ama Lurra esnatzear dagoenean, basoko animaliak eta landareak datoz herrira bere ordaina jasotzera bere mozorroekin. Ihauteriak dira eta gure kaleetan ikusiko ditugu txantxoak, mamuxarroak, momotxarroak, kukumarroak, marruak, zarramusteroak, trapujaleak, zakuzarrak, trapuzarrak, surrandiak, kaskarotak, kaskaboboak eta beste. Denak datoz ituna berrestera eta ordaina jasotzera.

Kontu serioa da itunarena. Izan ere, inor bada ituna betetzen ez duena, itunak jasotzen du ordainaren bila joaterakoan, premiazkoa izango dela harrapatzea eta zigortzea ituna hautsi duena. Elezaharraren arabera, urtero izan ohi da baten bat ituna betezen ez duena. “Kaxkamalo” deitzen dute hainbat lekutan. Beste batzuetan “Miel Otxin”. Lapur gaiztoak eta erraldoiak izaten dira.  Kalamitateak eragiten dituzte, baita bihurrikeri asko egin ere. Ituna bete ez dutelako, iñauteri garaian ordainaren eske herriratzen direnean, harrapatu, epaitu eta sugarretan hiltzera zigortzen dituzte. Horrela, itunaren haustea barkatzen da eta beste urtebetez berresten dute ituna gizakiek eta basoko izaki bizidunek.

Bada, gainera, beste arrazoi bat erraldoi lapur gaizto horiek sugarretan hiltzeko. Erraldoiak handi-handiak direnez, erretzen direnean su gar handi-handiak eta luze-luzeak sortzen dituzte zeruraino iristen direnak. Su gar horiekin elikatzen da eguzkia. Eguzkia indartuta, gauak gero eta laburragoak gertatzen dira eta hori gertatzen denean, Ama Lurra esnatzen da berriro emankor. Su gar horiek Kandelaria egunean egiten badira, elezaharrak dio, lor daitekeela negua laburtzea eta udaberria lehenago iristea.

Erlazionatuak