Herrian ezaguna den toponimo hori, nola ez, erregistratuta dago Lasarte-Oriako Udalak eta Ikermap enpresak elkarrekin ondu zuten atari digitalean. Brigitarren komentua da eraikinari gaur egun erreferentzia egiten dion toki izena, baina ez historian zehar erabili izan den bakarra: Brijidak, Brijiden konbentua eta Lasarteko konbentua adierak ere jaso dituzte. Komentuaren ondoan daude, batetik, Brigitarrak plaza, eta, bestetik, Brigitarren baratza. Era dokumentaleko beste toponimo batzuen bidez ezagutuak izan dira horiek ere. Lehenengoaren kasuan, Santa Brigida, Brigida Plaza eta Brigidak, Komentua; bigarrenarenean, Konbentuko baratza.
Ez da harritzekoa komentuak berak eta inguruko lekuek adiera ugari izana denboran zehar, 351 urteko historia duelako eraikinak. Lursail horren jabea Miguel de Okendo zen, garai horretako itsasgizon ospetsu bat. Egiten zuen bidaia bakoitzean Santa Brigita ama birjinaren irudi bat zeraman eta bere bizitzan berebiziko garrantzia hartu zuen honakoa gertatu zenean: espedizioetako batean ontzia hondoratu egin zen istripu batengatik, baina tripulazioko kide bakar bat ere ez zen hil. Hori guztia horrela gertatu izanaren arrazoia ikono erlijioso hori izan zela sinetsita, hura gurtu eta omentzeko kapera bat eraikitzea erabaki zuen Lasarten zuen lur eremu horretan.
Brigitarrak deitutako mojek Gasteizen komentu bat zutela jakin eta bertara joan ziren Okendotarrak, euren etxea zen horretan eraikin bat egiteko asmoa zutela jakinarazteko. Ez hori bakarrik: gurtza egitea eskaini zieten, aipatu kapera hori prest zutenean. Gauzak horrela, 1671ko urtarrilaren 7an inauguratu zuten gure herriko komentua eta hiru mende eta erdi pasa direnean zutik jarraitzen du. Eta, esan bezala, fededunen biltoki ez ezik, Eguberrietan eta urte osoan zehar musika emanaldi eta kontzertuen topagune ere bilakatu da.