EDUKI BABESTUA

Tailer mekaniko, bizitoki, garaje eta gaztetxe izandako etxe historikoa

Txintxarri Aldizkaria 2024ko aza. 22a, 10:00

Zubiaurre etxearen kanpoaldea, 80. hamarkadan. Argazkia: Lasarte-Oriako Udala.

Garai batean Zubiaurre etxe historikoa zegoen tokian gaur egun zer dagoen asmatzea izan da toponimiari buruzko bigarren lehiaketako azken erronka. Dagoeneko existitzen ez den eraikin horren historian arakatu dugu hilabete honetako Toponimiaren txokoa atalean, 'El Diario Vasco' hedabidean Lasarte-Oriako kronika 40 urte baino gehiagoz idatzi zuen Txema Valles kazetariaren laguntzarekin.

Zubiaurretik gertu (Kale Nagusiaren hasieran zegoen, Plazaolako trenbidearen ondoan, eta beste aldean errementaldegi bat zegoen) jaio zen Valles, zehazki, Torre etxean, 50. hamarkadaren amaieran. Gogoratzen du garai horretan etxearen beheko zatian Yerobi-Bengoetxea familia bizi zela eta tailer mekaniko bat ere bazutela bertan. Goialdea, berriz, Pablo Mutiozabal mediku ezaguna zenaren aitak (Pablo Mutiozabal zen bera ere) erabiltzen zuen garaje gisara. Valles txikia zeneko pasadizo bat ekarri du gogora: "Bertan ikusi nuen 1965eko munduko txirrindularitza txapelketa; abuztu-irailean jokatu zuten".

Kazetari erretiratuak esan duenez tailer mekaniko hori 60. hamarkada amaierara arte izan zuten han eta gero Blas de Lezo kalera eraman zuten. Torre etxean bizi izan zen Valles 1969ra arte eta gero Zabaletara joan zen. Urte batzuen ostean berriro izan zuen Zubiaurreko jardunaren berri, dagoeneko El Diario Vasco-ren berriemaile zenean gure herrian. "1986. urtea izango zen okupa batzuk etxe horretara sartu eta gaztetxe gisa erabiltzen hasi zirenean", oroitu du. "Gogoratzen naiz data horretaz, Lasarte-Oria udalerri independente gisa eratzearekin (urte horretako otsailaren 15ean eman zioten estatus hori) bat egin zuelako". Zubiaurre herriko gazteen topaleku izan zen pare bat urtez, herritarrak zehaztu duenez. Bertara mugitu aurretik, Ama Brigitarren komentu ondoko hiltegi izan zenean aritu ziren, eta, ondoren, "eskola berriak" deitzen zituztenetara joan ziren. Bitxikeria gisa, artikulu hau ilustratzen duen Zubiaurre etxearen argazkia garai horretakoa zen, balkoietako batean "Gazte Leku" jartzen duen egurrezko kartel gorri bat zintzilikatuta ikus daitekeelako. Horren aurretik bizitoki, tailer mekaniko eta garaje ere izan zen, gutxienez.