Lasarte-Oriako Udalak eta Ikermap enpresak herriko toponimiari buruz prestatutako atari digitalaren arabera, udalerriko eremu horretan bazeuden zenbait baserri eta horiek desagertu ostean auzoak Sasoeta izena hartu zuen. Hauek ziren: Sasoetaberri, Sasoetagoikoa, Sasoetatxiki eta Sasoetaundi. Edonola ere, badirudi horietakoren bat ez dela erabat desagertu, Sasoeta izeneko sarreran jasotakoaren arabera: "Zabaleta auzoaren hasieran, Sasoeta baserri zaharraren ordezko etxea, garaikidea. Sausta dioen kartel bat du".
Auzo hori toponimoz josita dago. Horietako zenbaitek inguruko zenbait menditan dute jatorria. Sasoetara bertaratzen denak esan dezake "Buruntzatik Andatzara" joan dela urrats gutxi batzuetan, izan ere, zebra bide batek besterik ez ditu banatzen Buruntza kalea eta Andatza plaza. Urrutixeago dago Adarra kalea. Azken horrek Urnietan dagoen mendiari egiten dio erreferentzia: "Agian zuzenagoa da Adarraga forma, baina Euskal Mendizaleen Federazioaren katalogoan eta Urnietako mapan Adarra bezala arautu denez, eragozpenik ez dago forma hori mantentzen", azaldu dute Adarra kalea sarreran. Arestian aipatutakoaren beste adibide batzuk dira Aralar edota Jaizkibel enparantzak.
Lasarte-Oriako toki izenei buruzko webgunean nabigatzen duten lasarteoriatarrek alfabetikoki ordenatutako eta geolokalizatutako 700 toki izen eta 500dik gora argazki topatuko dituzte, baita alor horren lanketari buruzko zenbait datu historiko ere. Hau, adibidez: Aranzadi Zientzia Elkarteak aurrera eraman zuela gure herriko toponimiari buruzko aurreneko lana, 1989. urtean.