EDUKI BABESTUA

Toponimoz beteta dago Azkorte ermitara igotzeko bidea

Txintxarri Aldizkaria 2024ko api. 26a, 08:45

Toponimia da Lasarte-Oriaren ondare preziatuenetako bat. Horren garrantzia ikusarazteko egitasmo bat aurrera eramaten ari dira Lasarte-Oriako Udala eta TXINTXARRI aldizkaria. Maiatzaren 5ean Azkorteko erromeria ospatuko dugula-eta, baseliza horretara igotzeko bidean dauden toki izen batzuen jatorria aztertu dugu.

Santikurutz eguna da maiatzaren 3a eta urnietarrak egun horretan igotzen dira Azkorteko baselizara. Lasarteoriatarrek, berriz, maiatzeko lehen igandean joateko usadioa dute, 1848. urtetik. Brunet oihal fabrika ezagunean lan egiten zuten Oriako auzotar ugarik eta egun berezi hori asteguna izanez gero ezin ziren baselizara bertaratu. "Herritar horiek gurtu egiten zuten Azkorte eta Urnietako erretorearengana joan ziren Santikurutz osteko igandean meza egiten uzteko eskatzera", kontatu zion Sebastian Kerejeta lasarteoriatarrak aldizkari honi 2021eko maiatzean. 

Lasarte-Oriatik Azkortera igotzeko bidea toponimo bitxi eta historikoz beteta dago. Pentsa herritar batek maiatzaren 5eko erromeriara joateko asmoa duela eta Bekoerrota kalean bizi dela. Toki izen hori ez da ausazkoa, izan ere, XIV. mende amaieran errota bat jarri zuten martxan eremu horretan; XIX. mende amaierara arte funtzionatu zuen. Udalak bere webgunean jaso du "azpiegitura historikoa" izan zela hori, Mendaro errekako urek mugitzen zutena. Zertxobait aurrerago dago Bekokale bidea. Antza denez, hamarkada batzuk atzera Bekokale zen toponimoa baina desagertu egin zen. Gaur egun odonimo gisa erabiltzen dugu, grekerako odos (bidea) eta nomos (izena) hitzak batzetik datorrena. 

Bekoerrota kalea, argazki historiko batean. Irudia: Danok Kide elkartea

Bekokale bidean barrena joan eta zubira iritsi aurretik, eskuinetara, Antxuenea plaza dago. Enparantza horrek izen bera zuen baserritik hartu zuen izena eta 2002tik aurrera erabiltzen dugu forma hori. Urte batzuk lehenago Antxuania topatu zuten ikerlariek dokumentuetan. Gauza bera gertatzen da aurreraxeago dagoen Loidi kalearekin, izen berbera zuen baserri bat baitzegoen han.

Azkorte bidean sartu aurretik badago historiaz betetako beste bat: Plazaolakoa, hain zuzen ere. Donostiatik Iruñera zihoan trenaren azpiegitura paseatzeko gune bilakatu da. Plazaola izena Leitzaranen dagoen baserri batetik hartu zuen, lehen ibilgailua Plazaolako meatzeetatik materialak itsasoratzeko eraiki eta erabili zutelako.

Plazaolako trena. Argazkia: www.gipuzkoa.eus