Esan bezala, 1923an hasi ziren lasterketak jokatzen bertan, besteak beste, San Sebastian Saria edota Espainiako Sari Nagusia. Orotara 26 proba aurrera eraman zituzten 1936ra arte, Gerra Zibilagatik jarduna eten behar izan zuten arte. Lau urte geroago berriz jarri nahi izan zuten martxan, baina sustatzaileen asmoak zapuztu zituen II. Mundu Gerrak.
Lasarte-Oriako Udalak toponimiari buruz duen atari digitalean erregistratuta ditu azpiegitura historiko horri erreferentzia egiten dioten toki izenak: Zirkuitu ibilbidea eta Tribunak kalea dira horietako bi. Aurrenekoaren era dokumentala 2004an erregistratu zuten aurrenekoz eta beste erreferentzia batzuk biltzen ditu, hala nola, Zirkuitu pasealekua eta Zirkuitu parkea. Bigarrenarena ere urte berean dokumentatu zuten lehenengoz eta zenbaitetan Tribunak izena soilik ere agertu izan da. Toponimo horrek zirkuituak zituen harmailei egiten die erreferentzia; bertatik jarraitzen zituzten lasterketak ikusleek. Kirol proba horiek sekulako ikusmina pizten zuten jendearengan eta Lasartetik nahiz inguruko herri edo hirietatik bakarrik ez, nazioartetik ere etortzen ziren.