Egunerokoan ia oharkabean pasa daitekeen txoko hori berezi bilakatzen da uztail amaieran, 26an Santa Ana eta San Joakin eguna ospatzen dutenean lasarteoriatarrek. Ohitura bilakatu da karkabaren bi aldeetan dauden eraikinak lotzen dituen ikurrina jartzea eta Erketz Euskal Dantza Taldeko dantzariek saioa egitea parean, eguerdian. Horrez gain, eskuinaldean historia handiko saltoki bat dago, Gil farmazia, eta, metro batzuk atzerago, garai batean ATC taldean saskibaloian jokatutako emakume kuadrillaren bilgunea. Hamarkada askotako ohitura mantentzen dute eta astearte arratsaldero elkartzen dira euren lokalean, kontu kontari aritzeko.