Zumaburu, Zabaleta, Sasoeta edota beste edozein auzokoa izanda ere, ziur noizbait entzun duzula esaldi hau: Lasarte, caso aparte. Baieztapen hori indartzen duen beste adibide bat izan zen atzo arratsaldekoa, izan ere, 23. Korrika oraindik gure herrira iritsi ez denean, jarri diegu dagoeneko erronka eder bat antolatzaileei, hemendik bi urte barruko lasterketarako. Beno, lehen pertsonako plurala bainoago, zehatzagoa da hirugarren pertsonako singularra erabili eta "jarri die" esatea, okurrentzia Bea Egizabal clown-ikerlariarena izan delako (kronika idazten ari den kazetariak ez baitu patente eta horrelako lege kontuekin arazorik nahi). Egin berri duen ikerketaren ondorioak plazaratu ditu eta horietako bat da arazoak ditugula euskaraz haserrea adierazteko eta hizkuntza horretan sexua izateko (beno, agian orokorragoa da arazo hori). Hortaz, 24. Korrika prestatzeko bileretan problematika horri heltzea iradoki die Egizabalek saiora bertaratu ziren AEK-ko kideei.
Bide hori egiten lagun dezake material didaktikoa sortzeak. "Udalak bidaltzen dizkigu ba hitz goxoen hiztegia eta Ene Kantak CDa, txikiei hitz egin eta abesteko... Oso ongi dago hori, baina koskortu egiten dira eta liskarrak sortu eta haserretzen garenerako ezingo lukete Ene Bronkak izeneko diskoa bidali?". Euskaldunona "komunitate jatorra" izanagatik, inoiz ez haserretzen saiatzeari baino etorkizun hobea ikusten dio Egizabalek amorrua hizkuntza horretan adierazten ikasteari, "Nik bat eta paretak beste bat emango din!" bezalako esamoldeak grabatuta dituen lan bat entzunda. Gauza bera egin dezakete sexuari buruzko hiztegiarekin, izena aldatuta: Ai Ene. Hori bai, herritar batzuen ahotsak udalerri berekoek entzun eta ikasi ordez, aproposagoa iruditzen zaio lurraldeka grabatzea. Laburbilduta, hortxe ideia: Ene Kantak, Ene Bronkak eta Ai Ene, bakoitza bizitzaren etapa eta alor jakin bati zuzenduta. Gaur-gaurkoz dena segidan idazten bada ere, Ttakun-Enea bera izan daiteke grabaketa lanerako toki aproposa...
Ikerketaren beste atal batean euskaldun motak sailkatu ditu Egizabalek: euskaldun zaharrak, gazteak edo zaharrak izan daitezkeenak; euskaldun berriak, benetan berriak direnak ala garai batean euskara ikasitakoak, hau da, berri-zaharrak; euskalki batean, batueran edota sukalkian mintzatzen direnak; elebidun mota desberdinak ('euskara eta gaztelania hitz egiten dituen euskalduna, erdalduna da?' galdera bota zuen ikerlariak); gazteleradunak; eta "fenomeno oso kurioso bat", gazteleradun Goretex-a. Azken horiek iragazkortasun handia dute euskararekiko, hogei urtez hitz berberak errepikatuta ere ez dituelako ulertu eta barneratu nahi. "Horren arrazoia, agian, euskarak dituen txistukari guztiez babesteko da", bota zuen Egizabalek, ironiaz.
Euskalduntzeko bideak
Egizabalek bere azterketa lana plazaratu ostean mahaiaren bueltan eseri diren zazpi herritarrak zein euskaldun mota ote diren, ba bakoitzak jakingo du, baina argi dago hizkuntza horrekiko Goretex materiala erabili ez dutela, bakoitzak bere momentuan euskaraz bizitzeko hautua egin duelako. Egindako bideari eta beste kontu batzuei buruz jardun dira Mertxe Rodriguez, Iker Arzadun, Alvaro Gil, Amaia Ramirez, Pili Bermejo, Eli Garzon eta Diego Elbira. Behealdean topatuko dituzuen artikulu erlazionatuetan jaso ditugu bakoitzaren gogoetak.