"Oriatarra naiz eta erdaraz ikasi nuen txikia nintzenean, baina, era berean, zortea izan nuen, Erketz taldean aritzen nintzelako eta bertan jaso nituelako euskal kultura eta giroa". Zumaburuko etxe batean elkartzen ziren, besteak beste, komiki tira batzuk marrazteko: "Ni ez naiz Izaskun, Itziar naiz...". Hor konturatu zen euskaraz bizi nahi zuela baina bere ingurua ez zela horretarako aproposena. Are premia gehiago sentitu zuen Errenteriako talde batean eskubaloian jokatzen hasi zenean.
Erromesaldi bati ekin zion Legazpi eta beste herri batzuetan barrena, lotsa motxilatik kanpo utzita. "Ez zitzaidan kostatzen itzulpenak egitea, dena asmatzen nuelako. Gaizki esaten nituen hitzak baina tira, ez nuen lotsarik". Euskaraz "ongi" hitz egitea eta komunikatzea ziren "arazo handienak" Ramirezentzat, eta, hori erdiestera bidean topatu zituen oztopo zailenak, ikasgai batzuk: "Gramatika, nor-nori-nork, deklinabideak.... asko aspertzen nintzen eta gehienez ere bi hilabete irauten nituen euskaltegietan, Muntteri AEKra iritsi nintzen arte".
Hori izan zen berak nahi zuena ikasteko toki aproposa. Pentsa, urte eta erdi inguruz aritu zen han. Eskolaz kanpoko jarduerak zituen gogokoen, esate baterako, "euskal poteoa". Horren bidez kalean euskaraz harremantzen ikasi zuten. Bide ederra egin badu ere, uste du ez dela helmugara iritsi oraindik, gustatuko litzaiokeelako euskaraz are hobeto bizi eta komunikatzea. "Beste erronka bat izango da hori".