Haurra zenean "hurbil" zuen euskara Arzadunek, aiton-amonen hizkuntza hori zelako. Gurasoek, ordea, ez zuten euskaraz ikasi eta seme-alabei ez zieten transmititu. Gainera, ikasgai guztiak gaztelaniaz ematen zituen eta kuadrillakoekin ere hala hitz egiten zuen.
Hortaz, ulertzeko gaitasuna bazuen baina ez komunikatzekoa. Bikotekideak animatuta erabaki zuen euskaltegian izena ematea. "EGA agiria eskuratzeko ikasten ari zen bera eta 'zergatik ez duzu izena ematen, ez zaizu zaila egingo' eta horrelakoak esaten hasi zitzaidan". Lauzpabost urtez aritu zen euskaltegian, eta, horren ondorioz, gaur egun euskaraz bizi da familiarekin eta lagunekin. Lankide batzuekin ere hizkuntza horretan mintzatzen da. "Etxez etxe ibiltzen nintzen konponketak egiten udalerri euskaldunetan, Andoainen edota Villabonan adibidez. Nire egunerokorako asko lagundu dit euskara ikasteak".