Goikaleko eskolan euskaraz ikasi zuen Gilek, baina erdalduna zen bere ingurua, familia eta lagunak. Institutu garaian hasi zen hizkuntza horretan gehiago harremantzen, gaur egun bere bikotea dena ezagutu zuenean batez ere: "Beste giro batzuetan ibiltzen hasi nintzen eta euskaraz hitz egiten zutenean ez nien asko ulertzen, beraz, nire buruari esan nion ezin nuela horrela segi, batez ere ezagutu nuen pertsona horrekin etorkizuna irudikatzerakoan". Umore ukitu batekin, pertsona horren gurasoak ezagutu zuenekoak gogoratu ditu: "Zerbait egin ezean jai nuela ikusi nuen, 'belarrimotza' edota 'Non topatu duzu hau?' bezalakoak entzun nituenean".
Urnietako kooperatiba euskaldun batean lan egiten du, txandaka. Hortaz, euskaltegian ikasten zuenean une gogorrak bizitu zituen, batez ere goizetan joaten zenean: "Pernando amezketarra eta biok geunden". Arratsaldeetako eskolak samurragoak ziren, ikaskideekin ariketak eta hitz egiten ikasteko praktikak egiten zituelako.
"Noizbait familia izatekotan, argi nuen nire seme-alabak euskaldunak izatea nahi nuela", azpimarratu du herritarrak. "Harro nago hori egitea lortu dudalako, etxean nahiz lanean euskaraz bizi naiz".