Beste hizlari batzuk bezala, Zumaburu auzokoa da Bermejo. Haurra zenean, B ereduan ikasi zuen, modelo horretan jardun zen bigarren belaunaldiko kidea izan zen. "Guay zegoen B ereduan ikastea: besteak beste, aukera izan nuen ETBra joan eta programa bat grabatzekoa, irratia egitekoa...".
Esperientzia polita izanagatik, D ereduan ikasten zutenengandik "irainak, barreak" eta antzekoak jaso zituzten, "baina beste ikasle batzuek beste gauza batzuengatik jasotzen dituzten bezala". Batxilergoko hiru urteak B ereduan egin eta gero, urrats bat gehiago egin eta Dn hastea erabaki zuen. Ikasturte gogorra izan zela oroitu du: "B ereduko 'motzak' ginen haiengana gentozenak, dagoeneko banatuta zeuden ikasleak gela bakoitzeko... Lehen ilaran eser behar izan genuen, a zer kurtsoa!".
Unibertsitate ikasketak euskaraz egin bazituen ere, hizkuntzarekin harremana galdu zuen, ikaskideek gaztelaniaz hitz egiten zutelako beraien artean. Bukatzerakoan, maila berreskuratzea erabaki zuen. "Egunero egiten ditugu hautuak. Erabakia hartu nuenean nire ingurura begiratu nuen, ikusteko nork eta zerk erraztuko zidan bide hori. Handik urte gutxitara, herriko euskara elkartean lan egiteko aukera eman zidaten, Ttakunen. Zintzotasunez, esan behar dut muga izan zela euskara hasieran, baina ez naiz damutzen egindako hautuaz".