Lasarte-Orian jaio zen Mertxe, duela 55 urte. Extremadurakoak ditu gurasoak. Hortaz, Zumaburuko eskola publikoan ikasten hasi arte ez zuen euskararik entzun inoiz; ikasgaietako bat zen Euskara. 12 urte zituen. "Ez nuen ezer ulertzen garai horretan, gogorra izan zen".
Institutuan ikasten hasi zenean jende euskalduna ezagutzen hasi zen. "Inbidia ematen zidaten, pribilegiatuak zirelako niretzat bi hizkuntzatan komunikatzen zekitelako". Hezkuntza zentroan bakarrik ez, kanpoan ere hasi zen beraiekin harremantzen, festetan, baina euskaraz hitz egiterakoan bere lagunen batek itzuli behar zion parekoak esaten ziona, edo beragatik erantzun. "Lotsa sentitzen hasi nintzen eta AEK euskaltegian izena ematea erabaki nuen".
"Sentimenduagatik joaten ginen euskara ikastera, ez titulu bat izateagatik", gogoratu du Mertxek. "Irakasleak oso jatorrak ziren eta ederki pasatzen genuen". Edonola ere, euskaltegiko ikasleen artean joera gaztelaniaz hitz egitea zenez, urrats bat gehiago egin eta Bizkaiko barnetegi batera sartzea erabaki zuen. Anekdota bat kontatu du: "Albokoak galdetu zidan, 'Zelan?'. Eta nik ezetz, lanik ez nuela egiten, ikasten ari nintzela. 'Hau nondik dator?', pentsatuko zuen". Lau hilabete pasa zituen han, euskara ulertu ez ezik, hitz egiteko gai izan nahi zuelako. "Burugogorra izan behar duzu".
Euskalduntzeko bide horretako beste mugarri bat Katxiporretako lankideak izan dira. "Beraiekin lanean hasi nintzenean nire maila apala zen oraindik, baina asko lagundu ninduten eta egiten jarraitzen dute". Ildo horretatik, onartu du "asko" lagundu diola bere inguruko jendeak.
Gogoan du "klika" egin zuen eguna: "Euskaraz amestu nuen egun horretan, orduan amaitu ziren nire barrurako egiten nituen itzulpen lanak, gaztelaniatik euskarara". Gaur egun, hizkuntza horretan bizi da.