Izan Iñurri elkarteko lagunek Dragón Cáncer podcastaren zuzeneko saio bat eman dute ostegun arratsaldean kultur etxeko auditorioan. Udalak eta zenbait eragilek Martxoaren 8aren harira antolatutako egitarauko azken jarduera izan da, eta erakarri ditu ikus-entzule ugari; tartean, udal ordezkariak ere bai.
19:00etan eman diote hasiera saioari. Oholtza gainera agertu da elkarteko kide Olatz Mercader, eta, hasi, publikoari zuzendutako Mindfullnes saiotxo bat gidatzen. Begiak itxi eta bizkarra zuzen jartzeko eskatu die aretoan bildutakoei, eta gidatutako arnasketa zuzendu du. Horretan ari zela agertu da agertokian Jordina Arnau, hau ere elkarteko kidea. Biak arduratu dira podcastari hasiera eman eta hori gidatzeaz.
Euren buruaren aurkezpena eginez hasi dira hizketan, eta, jakinarazi dute, minbiziaz "umoretik eta epaiketak alde batera utzita" hitz egitera etorri direla. Hori azalduta, zehaztu dute zein izango den saioaren hizketarako gaia: akonpainamendua. Horren inguruan solasteko hiru gonbidatu deitu dituzte oholtzara: Ainara Arce, Maritxu Galzakorta eta Maite Martin, azken hori lasarteoriatarra. Lehen pertsonan hitz egin dute hiru horiek, bakoitzak bizi eta sentitutakotik. Kontatu dute, adibidez, minbizia zutela jakin zutenean nola sentitu ziren, eta baita ere, gaixo daudela jakinarazi dutenean nola inguratu zaizkien espero gabeko pertsonak, eta, nola aldendu, gertu egongo zirela irudikatzen zituztenak. Luze eta zabal hitz egiten dute gaiaz.