Inurri lana saritu, tabuen kutxa hustu

Txintxarri Aldizkaria 2022ko eka. 3a, 12:47

Ostadar SKTren Auzolan Saria jaso du Izan Iñurri elkarteak. "Ohore handia" izan da aitortza elkarteko kideentzat, eta bertan bizitakoen berri eman diote TXINTXARRI-ri. Horrekin batera, 'Tabuen kutxatik oholtzara' bertso saio musikatuz ere hitz egin dute Ostadar SKTren Auzolan Saria jaso du Izan Iñurri elkarteak. "Ohore handia" izan da aitortza elkarteko kideentzat, eta bertan bizitakoen berri eman diote txintxarri-ri. Horrekin batera, 'Tabuen kutxatik oholtzara' bertso saio musikatuz ere hitz egin dute 

Berezia izan zen maiatzaren 28a Izan Iñurri elkartearentzat,  Ostadar SKTren denboraldi amaierako festan Auzolan Saria jaso baitzuen. "Zirraragarria" izan da bi arrazoi nagusigatik; batetik, orain arte saririk jaso ez zuelako, eta, bestetik, berriz, herriko elkarte batek egindako aitortza izateagatik. Une hunkigarriak bizi izan zituen Elena Ginea Izan Iñurriko kideak. Bera izan zen saria jasotzera joandako inurritxoa, eta han bizitakoen berri eman dio TXINTXARRI-ri, Julene Illarramendirekin batera. Aintzatespenaz gain, azken aldian oholtzaz oholtza darabilten proiektuaz ere hitz egin diote aldizkariari.

Oraindik ere saria jaso izanaren ilusioarekin hitz egin diote kazetariari. Nabarmendu dute "izugarria" izan zela, eta inondik inora ez zutela halako aitortzarik espero: "Gugan pentsatu dute, eta Auzolan saria eman digute. Hori gara gu, auzoa, herria, elkarlanean eta zaintzan oinarrituta ari garen talde eder bat". Gogoan ditu Gineak bizitako uneak: "Hain nengoen hunkituta, ezen antolatzaileek mikroa eman zidatean, hitz egiteko gai ere ez nintzela izan; ohorea izan da". Azaldu du "bultzada handia" eman diola taldeari: "Egiten dugun lana aitortu dute, eta horrek, ari garenarekin jarraitzeko indarra eman digu".

Kirol taldeari eskerrak emateko ere baliatu dute bi protagonistek aldizkariarekin hitzordua: "Eurek gure lanarekin egin duten modu berean egin nahi dugu guk ere eurenarekin, jardun ederra egiten baitute. Besteak beste, kirol inklusiboaren alde ari dira lanean eta hizkuntzarekin duten konpromisoa ere txalotzekoa da".

"Ari garenarekin jarraitzeko indarra eman digu Ostadar SKTren sariak"

Isilpekoak aireratzen
"Konturatu gabe" baina izugarri hedatu eta sendotu da duela hiru urte eratutako inurritegia. Gaixotasuna baino, pertsonak (gaixoak eta zaintzaileak) erdigunean jarriz, orain arteko lanak bazter utzi gabe, ekimen berri batekin ari da buru-belarri lanean Izan Iñurri urtarrilaz geroztik; Tabuen kutxatik oholtzara bertso saio musikatuekin. Hain zuzen ere, uste baitute ezinbestekoa dela, eritasunaz isilpean gordetakoak aireratzea: "Soilik horrela lortuko dugu gaitza modu normalean bizitzea".

Ane Labaka bertsolari lasarteoriatarraren eskutik jarri zuten martxan ekimena: "Elkarteari bere ekarpena egin nahi zion, eta bertsolaritzaren bitartez egitea proposatu zigun". Ideia bikaina iruditu zitzaien, eta erabaki zuten lau emakumezko bertsolari (saioro ezberdinak izaten dira) ariko zirela taulagainean, bi musikarik lagunduta. Gai jartzaile lanetan beti dabil Amaia Agirre. Berak lantzen ditu gaiak mikro aurrean jakinarazi aurretik, baina, ez ditu huts-hutsetik berak sortzen, minbizia duten elkarteko emakumeekin adosten ditu. "Gure bizipenak, anekdotak, minak, beldurrak, doluak, azken agurrak eta bestelako kontuak proposatzen dizkiogu kanturako gai gisa", azaldu du Gineak. Jakin badakite ez direla gai samurrak, baina, bertsolariak eta ikusleak eroso sentitzeko ahalegina egiten dute: "Une hunkigarri bezain gordinak sortzen ditu saioak, baina horiek umorez janzten ere saiatzen gara".

Lau emanaldi egin dituzte dagoeneko. Doka kafe antzokikoa izan zen lehena, urtarrilaren 30ekoa eta "sekulako arrakasta" izan zuen. Sarrerak zazpi minutuan agortu ziren, eta 200 baino gehiago geratu zen aretora sartu ezinik. "Ezin genuen sinetsi. Suposa genezake arrakastatsua izango zela, baina inondik inora ez genuen imajinatu berehalako erantzun hura, ezta han bizitakoa biziko genuenik ere. Hitzetara ekartzea zaila da oso, bizi egin behar da".

Herritarrek kontzientzia hartu eta hilaren 12ko saiora joan daitezen nahi dute


Arrakasta ikusirik, bigarren saio bat egin zuten. Asteasun izan zen hori eta horren atzetik etorri ziren hirugarrena (Errenterian) eta laugarrena (Aginagan). Azarora bitarte izango dira gehiago, baina lasterrena herrian bertan, Manuel Lekuonako oholtzan. Datorren igandean, hilaren 12an egingo dute, 18:00etan eta Jone Uria, Onintza Enbeita, Oihana Bartra eta Maider Arregi bertsolariak, Ixak Arruti eta Gari Otamendi musikariak, eta Amaia Agirre gai-jartzailea ariko dira jendaurrean. Horiekin batera, Kukuka antzerki eta dantza eskolako kideak hartuko dute parte, azken horien eskuzabaltasunari esker egin ahal izango baitute saioa kultur etxean – Kukuka antzerki eta dantza aste bete-betean izango da –.  "Pozarren" daude Illarramendi eta Ginea emanaldia herrian taularatuko delako, eta orain artekoak bezala, "mimo handiz" landutakoa izango dela iragarri dute. Sarrerak ondoko estekan eros daitezke: https://www.izaninurri.com/product-page/dohaintza-tabuen-kutxatik-oholtzara. Beste zenbait udalerrietakoak ez bezala, Lasarte-Oriakoa inolako dirulaguntzarik gabe finantzatu beharko dute, eta horregatik, dei egin diete herritarrei kontzientzia hartu eta bertara daitezen. Adin guztietako ikusleak joatea desira dute, baina, batez ere gazteak erakarri nahi dituzte.  Orain artekoek "sekulako harrera" izan dute, eta herrikoari ere halakoa egitea espero dute.

Bertso saio batean gerta litekeena aurreikustea ia ezinezkoa bada ere, ziurtatu dute "emozioz beteriko emanaldia" izango dela, "hustu eta betetzekoa". Horrela gertatu zaie behintza orain artekoetan bi protagonistei: "Bertso saioen ondoren, bi eguneko aje emozionala izaten dugu. Izugarri ikasten ari gara". Ikus-entzuleen hainbat feedback ere kontatu dituzte: "Pedagogikoa dela esaten digute, eta terapia egiten laguntzen diola esan digunik ere bada. Korapiloak askatzeko lagungarria izaten ari dela uste dugu, eta hala bada, gu poz-pozik, hori baita lortu nahi duguna".

Ezin amaitu genezake artikulu hau, gutxienez, emanaldiaren amaieraren azaleko erreferentziarik egin gabe; ezohikoa bezainbeste, errealitatearekin parez pare jartzen zaitu. Ez dugu informazio gehiegirik aurreratuko, ederrena zuzenean ikustea baita, baina...protagonistak oholtzan, minaren eta biziaren orbainak aurrez aurre, eta guzti horrekin batera,  gorputz "ez normatiboen" aldeko aldarria, bozgorailuek Rigoberta Bandini Kataluniako abeslariaren Ay Mama abestia aireratzen duten bitartean. Taulagaina errebindikaziorako bide hartuta; aukera bakarra ez delako minbiziaren ondorioz galdutako titia berregitea.

Nola askatu korapiloak, horiei begiratu, eutsi eta saiatuz ez bada? 

 

Bazkide kanpaina martxan

Izan Iñurri proiektua bideratu ahal izateko, Izan zaitez iñurri bazkide kanpaina bat jarri du martxan elkarteak. Bazkideen ekarpenekin minbizia modu zuzen nahiz zeharkakoan paraitu duten pertsonen bizi kalitatea hobetzeko beharrezko material eta baliabideak lortzera bideratuko dute. Eta laguntza horiek eskertzeko, hainbat onura izango dituzte bazkideek. Elkarteen jardueren berri emango zaie, eta antolatzen duten ekimen bakoitzean, bi sarrera zozkatuko dituzte horien artean. Horrez gain, salgaiak eskuratzeko lehentasuna ere izango dute, eta sare sozialetan, berriak eta jarduerak gertutasunez ikusteko aukera ere bai. 

Honako hauek dira bazkidetza egiteko hiru aukerak:

  • 30 euro urtean 
  • 7.5 euro hiru hilean behin
  • 60 euro urtean
  • 15 euro hiru hilabetean behin

Hala, bazkidetzarekin bat egin eta bazkide egin nahi dutenek  honako esteka honetan egin dezakete: https://docs.google.com/forms/d/1esCqHv8pb3E2n4tvRSfv4mW3ASOWEURLhYmkdbPSs3c/viewform?edit_requested=true