Izan Iñurriko kide Julene Illarramendik eta Maria Cuerdok agurtu dituzte igande arratsaldean kultur etxera joandako guztiak. Mimoz egindako saioa bere XX. Antzerki eta Dantza Astean barneratu izana eskertu diote Kukukari eta Sorgin Jaiei aurtengo jaiak hasteko aukeratu izana. Poza eta zirrara agerikoa zen beraien hitzetan, etorriko zenaren bide orria balitz bezala. Emozioz betetako saioa aurreikus zitekeen, eta haietan aberatsa izan da.
Hutsik utzi duten eszenariora bidean jarri dira Kukukako dantzariak. Beltzez jantzita eta elkarri eskua emanda, taldeak osatu dute ilara luzea Martxa baten lehen notak Olatz Salvadorren ahotsean entzuten ziren bitartean. Guztiak eszenariora igotzean, inurri hauetako batzuek soinean zuten zapietako bat zabalduz agurtu dira, bertso saio musikatuko zazpikoteari lekua uzteko.
Ekimen solidario honen izenburuak dioen Tabuen kutxatik oholtzara jauzia bularreko minbizia gertutik edo norberaren azalean bizi dutenek egin dute. Bizipenetatik abiatuta, zenbait egora ekarri dizkiete bertsolariei, gero, Amaia Agirrek bertsotarako gai bilakatu dituenak.
Auditorioko inurritegira bildu direnei izaki txiki eta gizaki handi hauei buruzko zenbait datu eman dizkie, gehiago ere batu daitezen inurri bilakatzera. "Inurriek zazpi begi dituzte, gaur, 300 begitik gora elkartu gara, aurrez aurrez. Toraxean sei hanka motz dituzte inurriek; guk, ahal dela, ez dugu hankamotzik egin nahi. Abdomenean ile txikiak dituzte hanketara eta toraxeraino hedatzen direnak. Gaur, gai jartzen nirekin batera arituko direnek gorputzeko ile guztiak erortzea zer den badakite. Inurriek ez dute kolore gorria bereizten, minbizia pasa dutenek gorriak eta bi ikusi dituzte. Intsektu gizartekoiak dira, kolonietan bizi dira. Gu ere lantaldean arituko gara. Ez dugu erregina bakarra, eta izatekotan ere, bizipoza litzateke gure ikur nagusi. Beraz, entzun eta ikasi. Gora gu eta gutarrak".
Agurren ondoren, lehen gai jartzailea oholtzara igo da eta hark eragin du emanaldiko lehen une hunkigarria. Ahizpak eta biek amaren azken egunak nola bizi zituzten gogoratu du Illarramendik, une gogor eta ilunenetan maitasunez eta mimoz argia nola sortu zuten, agur esan gabe agurtu arte. Biziki hunkigarria izan da, lehen malkoak eragin dituzte hitzok bertsolariengan eta ikusleengan. Bartra eta Uria ahots dardarti eta begi bustiekin despedidez aritu dira, ateak ixteaz, halako uneetarako prest ez egoteaz. Calle melancolía abestiaren doinuek lagunduta botatako bertsoen artean Uriak ondo laburbildu du: "perfekzioa ez da esistitzen/eta agurretan gutxiago".
Umore pixka bat jarrita giroa alaitzen ahalegindu da Aintzane bere bizipena azaltzean. Linfedema bat du, bularraz gain, besazpiko glandulak ere kendu zizkiotelako, eta horrek zenbait arazo eragiten dizkio. Protesirik ez erabiltzea erabaki zuen eta horri buruz askoren iritziak entzuteaz nekatu da. Pentsatutakoa esan beharrean beste zerbaitekin erantzun ohi du eta halakoez aritu dira Enbeita eta amorrua tragatzeko irribarrea ihesbide duen Arregi.
Heriotzaren gaineko tabuak, zapiak, isiltasunak... Horiek guztiak sarrera gisa baliatuta, Agirrek familia bereko kide bilakatu ditu lau bertsolariak: hiltzear omen dagoen eta dena entzuten duen amona, hura zaintzeaz leher eginda dagoen alaba, urtetan agertu ez den ahizpa moja eta sosak lapurtzen dizkion biloba. Umorez betetako unea izan da, gaia alaiena ez bazen ere.
Hurrengo gai jartzaileak, Jonek, zientziaren garrantziaz hitz egin du; minbizi metastasikoa dutenen aldarria ekarriz: "Ikerketa gehiago bizitza gehiago izateko". Uria matematikariari Pitagorasek bere teoremarekin egin bezala, Inurritegi Teorema formulatzeko eskatu dio, ahala zela “gatz pixka bat eta umorea" osagai izanda. Ahalegindu de bertsolaria hura deskribatzen eta amaieran erakutsi die bidea: "Eraiki zazue zeuk ta noski zuona/ eta eman zaizue, gustatzen zaizuen forma".
Mari lehenengoz jarri da gaur mikro aurrean. 2018an diagnostikatu zioten minbizia eta ordura arte esan zuenaren kontra, ebakuntza estetikoa egin zuen protesi bat jartzeko. Arazo ugari eman zizkion, ez zuen berea sentitzen, eta Aintzaneren berri izateak, bestelako aukerak badirela jakiteak, lagundu zion hura kentzen. Orain "besarkada goxoak" eman ditzakeela aitortu du eta frogatzeko prest dago. Horri helduta Agirrek Bartra eta Enbeitari eskatu die aurrez aurre jarri eta elkar besarkatzeko, bertsoz bertso bidea eginez. Loreak trukatu dituzte biek Todo cambia-ren doinura. Enbeitak hitzik gabe utzi zuen Bartra "joya handiegia zara bilbaina izateko" botata, baina aise bueltatu dio aitortza: "Zer nolako marabilla zu kidea izatea". Ahotsik ia gabe eta malkotan eman dute besarkada, "berdinetik berdinera". "Hunkitu egin naiz zurekin/ Egañak eta Lizasok ezingo lukete egin".
Modelo gisa bizitzen ari direna kontatu du Elena Gineak. Biluzik euren gorputzak erakutsi dituzte egutegi batean, gaitzaren ondorioak erakusteko asmoz, bai orbanak bai titiak, baina baita gorputz guztiak ez direla berdinak, gorputz normatiboak ez daudela. Eta Ondarretan biluzik eta bizkarrez egindako elkartasun protesta ere gogoratu du, Arregik eta Agirrek puntuka egiteko. Azken ofiziorako gaia, Sandrak ekarri du: Ospitalera gaixo bati laguntzera joatea. Batzuetan escape roometara joateko beharrik ez dago.
Amaierako agurraren aurretik gaiak proposatu dituzten eta kultur etxea sarreran materiala saldu duten emakumeak eszenariora igo dira, Rigoberta Baldiniren Ay Mama entzuten zela, Gineak lehentxeago esandakoa aldarrikatzeko: gorputz guztiak direla balekoak eta ikusteak ikasteko balio izaten duela.