Inurrien arteko komunikazioa ezinbestekoa da inurritegiak behar bezala funtziona dezan. Elkarri lagunduz, batak besteari bultzada emanaz lortzen dute inurritegia aurrera ateratzea. Txikitasunetik, baina egitura antolatu eta ordenatu baten bidez, banakoaren senak bultzatuta jartzen dira martxan. Banako horri jarraitzeko, ordea, ezinbesteko dute taldean jardutea.
Antolaketa antzekotik sortu du Julene Illarramendik (Lasarte-Oria, 1997) aspalditik buruan bueltaka zebilkion proiektua, eta orain hilabete eta erdi hezurmamitu da: Izan Iñurri. Minbizia dutenei eta haien ingurukoei laguntzea da egitasmoaren helburua.
Illarramendik hamar urte zituela diagnostikatu zioten bere amari, lehenengoz, bularreko minbizia. Gaztetxoegia zen orduan gertatzen ari zenaz jabetzeko, baina beldurra sentitu zuela oso gogoan du. Amari bularrean ebakuntza egin eta prozesu zail bat igaro zuten arren, “amaiera ona” eduki zuen.
Sei urte beranduago, ordea, berriro ere gaixotasuna agertu zitzaion, bigarrengoz. Garai hartan, gaitzaz eta horrek dakarrenaz jabetu zen alaba zaharrena, Julene. Amari berriro ere ebakuntza egin, eta bular osoa kendu zioten. “Hau ere oso gogorra izan zen, baina oraingoan ere, gaixotasunari aurre hartzeko borrokak utzitako zenbait aztarnez gaindi, gaixoaldi bat izan zen".
Pare bat urte besterik ez ziren pasa gero, berriz ere “hainbeste gorroto” zuten hitza etxean sartu zenerako. Kolpe latza izan zen azken hura; metastasia zuen amak. Indartsu borrokatu zuten beti, positibo egunerokoan, aurrera egiteko gogoz, baina, zoritxarrez, amak, ezin izan zion gaitzari aurre egin.
Bizitako guztia eta gero, barrua askatu eta gaixotasunaz hitz egiteko beharra sentitu zuen Illarramendik, eta sare sozialetan senidearen istorioaren berri ematea erabaki zuen. Garbi, beti bezala. Amaren istorioaren berri ematearekin batera, martxan jarri nahi zuen proiekturako laguntza ere eskatu zuen, eta berehala luzatu zioten lehen eskua. Miren Cuerdo (Lasarte-Oria, 1995) jarri zen Illarramendirekin harremanetan. Horrela, martxan hasi baino lehen, Ione Zabalari (Lasarte-Oria, 1996) deitu zion Illarramendik, esku bat bota ziezaieken galdetuz. Azken honen baiezko borobila jasota, “behar zenerako prest” agertu ziren bi lagunak –Cuerdo eta Zabala–, eta egitasmoari inurri taldeen gisan ekin zioten; elkarrekin.
Hasierako ideia txikiak, ustez sinpleak ziruditenak, ordea, handi bihurtzen ari dira, pixkanaka. “Proiektuari forma ematen hasi ginenean, gauzak ondo egin nahi genituen, gure etika eta filosofiarekin bat egingo zuen egitasmoa sortu nahi genuen, eta horretarako, lan handia egiten ari gara”.
Modu batera edo bestera, minbizia bizitzen ari direnei laguntzeko sortu dute Izan Iñurri, baina ez horretarako bakarrik; tabuak hautsi nahi dituzte, isiltasunak entzunarazi.
Bularreko minbiziaren inguruan jasotzen den informazioa, ia beti dator zapi edota xingola arrosa batez apaindua, baina, horretan, pauso bat harago egin nahi izan dute hiru herritarrek. “Julenek beti hitz egin digu oso garbi, eta erabateko gardentasunez landu nahi dugu proiektua", azpimarratu du Cuerdok.
Egunerokoan "oso gutxi" hitz egiten den gaia dela argi ikusten dute: "Hizketarako gai tabuetako bat da, eta guk horrekin apurtu nahi dugu, ikusgarritasuna eman nahi diogu; horrek, gaixotasuna beste modu batera bizitzen lagunduko digu”.
Gardentasunaren bide horretatik sortu dituzte lehen ilustrazioak ere; Illarramendiren amaren istorioan oinarrituta egin dituzte.
Indarrari eman nahi izan diote garrantzia berezia, Illarramendiren amaren borrokatzeko grina izan baita oinarri, gaixorik egon zen urte guztietan, eta horrek, aldi berean, "indartsuago" egin du familia. Horregatik marraztu du Miren Cuerdok –bera da ilustrazioaren egilea; Janire Arroyoren kolaborazioarekin batera osatu du– su-gar bat ilustrazioaren erdian. Elementu horren atzean, hiru gorputz agertzen dira; amarena dago erdian. Bi alabei helduta agertzen da, eta bular baten lekuan, orbana irudikatu dute. Hain justu horrexegatik, gaixotasunaren ondorioetako bat ikusgarri egiteko.
Alde banatan bi alaben gorputzak daude, eta indarrari are presentzia handiagoa emateko, besoak gorantz luzatuta agertzen dira.
Inurriak ikusten dira hiruren gorputzetan. “Amak gustuko zituen inurriak. Tatuatuak zituen gorputzean". Ama-alabek, asmoa zuten elkarrekin tatuaje bera egiteko, baina amaren azken gaixoaldian, tatuajerik ez egiteko gomendatu zioten. "Horregatik, erabaki genuen ahizpak eta biok inurriak tatuatzea". Hortik bilakatu dute egitasmoaren ikur.
Ilustrazio horrekin batera, proiektuaren logoa ere osatu dute. "Sinpleagoa" agian, baina horrek ere berebiziko esanahia duena: inurria. "Gehiegi arriskatu nahi ez dutenek, erosoago jantzi dezaketela uste dugu".
Erantzun ezin hobea
Sekulako harrera egin diote proiektuari, orain arte. Hilabeteko bizia besterik ez du, eta dagoeneko, arrakasta handia izaten ari da. “Jendeari izugarri gustatu zaio ilustrazioa eta identifikatuta sentitu direla ere esan digu batek baino gehiagok”.
Pozarren daude hiru kideak. Noski, izan dituzten donazio kopuruak eragin du sentimendu horretan, baina inguruko eta herriko jendeak erakutsi dien babesak benetan hunkitu du hirukotea. “Hain izan da handia proiektuarekiko erantzuna, non horri aurre egiteko laguntza eskatu behar izan diegun ingurukoei, eta lan handia egiten ari dira”, azaldu dute. Adibide bat eman dute. Egunotan, 300 eskaera prestatu behar dituzte, eta hori ahalik eta modu egokienean kudeatzeko, lagunei paketeak egiteko laguntza eskatu diete. Bide batez, jasotzen ari diren laguntza hori guztia eskertu nahi dute: "Horien guztien babesik gabe, ezinezkoa litzateke".
Gaur arte, hiru produktu ezberdin eskaintzen dituzte, donazio truke: helduentzako kamisetak –bi modelo–, haurrentzako kamisetak eta bodiak eta telazko poltsak. AMA izena eman diote produktu sorta horri; batetik, ama baten istoriotik sortua izan delako, eta bestetik, Izan Iñurri proiektuaren sortzaile direlako.
Etorkizun labur batean, pegatinak eta print-ak kaleratzeko asmoa ere badute. “Donazio txikiagoak egin nahi dituztenei ere aukera eman nahi diegu”.
Produktu horiek guztiak sortzeko euskal ekoizle txikiekin ari dira lanean. “Badakigu donazioen kostua zertxobait garestitu dezakeela horrek, baina gure etikarekin bat datorren ekoizleekin lan egin nahi dugu, jendeak gustura erabiliko dituen produktuak sortu nahi ditugu”. %100 kotoi organikozkoak dira kamisetak, eta poltsak, berriz, birziklatutako materialekin eginak (%100).
Egitasmo bat baino gehiago
Ama "ondoan sentitzeko" baliogarri zaio Illarramendiri Izan Iñurri: “Ama hilda dago, baina, aldi berean, hemen dago, gure artean, sortu dugun produktu bakoitzean. Jarraitzen dugu beraz hizketan eta beraz ikasten eta hori, oso polita da. Nik kontatzen dut amaren istoria guztia berak ezin dezakeelako egin, baina istorioa, berea da”.
Izan Iñurri-ra gerturatzen direnen kasuak sakon aztertuko dituzte lasarteoriatarrek. "Istorio guztiak, banan bana entzun, banan bana aztertu eta bakoitzari bere laguntza edo aportazioa egin nahi diogu. Guretzako errazena, donazioen bitartez lortutako dirua kausa berdinak laguntzen dituen elkarteetara bideratzea litzateke, baina beste mota bateko laguntza eskaini nahi dugu”.
Harremanetarako hiru sare sozial jarri dituzte eskuragai; instagram –@izaninurri–, facebook –Iñurri– edota izan.inurri@gmail.com posta elektronikoa.
Kasu guztietan laguntzak ez du zertan ekonomikoa izan. Minbiziak eragin ekonomiko handia dakarrela jakina da, baina horrekin batera, bestelako eraginak ere sortarazten ditu, emozionala, besteak beste. Hor ere eragin nahi du hirukoteak, gaixotasuna duen pertsonaren, edo bere ingurukoengan “ezusteko politak” sortuz: “Indarra behar dutenei, indarra eman nahi diegu”. Horregatik, kasu bakoitzaren araberakoa izango da egingo duten ekarpena; bidaia bat, ileorde bat, laguntza psikologikoa, eta abar.
Julenek ama gaixorik zegoenean egin zioten oparia ekarri du gogora. EITBko Maite Zaitut programara joateko proposamena jaso zuen, eta hasieran, zalantzak izan bazituen ere, aurrera egitea erabaki zuen. “Orain, badakit, diruz ordaindu daitekeen ezerk baino poz handiagoa sortu ziola sorpresa hark amari, momentu hartan ez zuen beste ezeren beharrik". Horrelako laguntzak eskaini nahi dituzte: “Maite Zaitut txikiak egin nahi ditugu”.
Tabuek ez dute lekurik izan elkarrizketa honetarako hitzorduan. Ohi baino zertxobait urduriago joan da kazetaria Illarramendi eta Cuerdorekin hitzartutako zitara, baina urduritasuna ere berehala desagertu da. Gardentasunez, eta batez ere goxotasunez hitz egin dute elkarrekin, eta ordubete pasatxoko hizketaldia, elkarrizketa hunkigarrian bihurtu da. Amaren omenez.