"Lau kide joan ginen saria jasotzera, baina azpimarratu nahi dut inurri guztiona dela, oso pozik gaude", adierazi du egitasmoaren sortzaile eta koordinatzailetako batek, Julene Illarramendi herritarrak. Bera eta inurritegiko beste hiru kide etorri dira Ttakuneneara: Sandra Barkaiztegi, Elenita Ginea Elenita eta Amaia Ullate. Lasarteoriatarrak lehen biak ere, eta usurbildarra hirugarrena. Denek hitz egin dute euren minbizi prozesuen berri podcastaren saioetako batean, lehen pertsonan. "Parte hartzeko deitu nindutenean, berehala esan nuen baietz", dio Amaiak. "Denek esaten zuten 'urduri nago', eta ni, aldiz, lasaiegi agian... Gure gaia da, gure gaixotasuna; nire esperientziak balio dezala egoera berean daudenei eta gizarteari erakusteko minbizia zer den, balio dezala tabuak ezabatzeko". Sandrak kontatu du "biluzte ariketa bat" izan dela berarentzat: "Ohitura hori dugu Iñurrin: batzuetan gure gorputza erakusteko biluzten gara eta, oraingo honetan, barruan sentitzen duguna azaleratzeko. Bakoitzak bere erara bizitzen du prozesua, eta modu guztiak dira zilegi: hori adierazi nahi dugu". Elenitak azpimarratu du ordenagailu, sakelako telefono eta bestelako gailuetan ikusi eta entzuten den produktuaren atzean lan "izugarria" dagoela. "Eseri eta gure esperientzia kontatzen dugunontzat espontaneoagoa da, baina dena oso zainduta eta prestatuta dago".
"Ohitura hori dugu Iñurrin: batzuetan gure gorputzak erakusteko biluzten gara, eta, oraingo honetan, barruan sentitzen duguna azaleratzeko"
Entzun, ikusi, ikasi eta aldarrikatzeko ikus-entzunezko bat da (Min)bizi. Hori da euskarazko podcastaren izena: zortzi kapitulu sareratu dituzte, eta bederatzigarrenarekin bukatuko dute –erdarazkoa, aldiz, Dragón Cáncer da, lau saio egin dituzte–. Elenitak aipatu duen lanaren haritik, lau pertsonakoa da zuzendaritza taldea: Jordina Arnau, Olatz Mercader (aurkezle ere badira biak), Julene Illarramendi eta Miren Cuerdo. "Lau zaldiko gure motorra", gehitu du Amaiak. Aurkezlea, lekukotza ematen duten inurriak eta aditu bat esertzen dira mahaiaren bueltan. "Iruditu zitzaigun modu aproposa izan zitekeela jendea Iñurrira erakartzeko, badagoelako jendea ausartzen ez dena urrats hori egitera, mila arrazoigatik", zehaztu du Julenek. Gipuzkoako Foru Aldundiaren dirulaguntza bat jaso zuten, proiektua martxan jartzeko. Elenitak kazetari papera hartu du orduan, eta galdera hau egin: "Egitasmoa diputazioari aurkeztu zenioten eta gero dirua jaso, edo alderantziz?". Juleneren erantzuna: "Ideia lehendik genuen, baina finantzazioa behar genuen, argi genuelako produktu txukun bat egin nahi genuela. Egia da Iñurri hein handi batean boluntariotzan oinarritzen dela, baina garbi genuen podcasta aurrera eramateko lan profesionala egiten dutenei ordaindu behar geniela".
Jendearen eskertzek, "indarra"
Minbiziari buruz jarduteko formatu hori arrakastatsua izaten ari dela uste dute. Julene: "Halakorik ez zegoenez, gabezia bat bete du eta funtzionatzen ari da. Egia da lan asko ematen duela, baina merezi du". Podcasta zabaldu eta zabaldu ari da Amaia, Nafarroan dituen lagunei ere bai: "Horietako baten alaba Medikuntza ikasten ari da, eta harrituta geratu zen. ETBko albistegian ere izan gara berriki, eta jende askok hitz egin dit, zorionak eman... Indarra ematen dizu egiten duzunak balioa duela ikusteak". Hausnarketa hau egin du Sandrak: "Esker mezu ugari jaso ditut, eta eman berri diguten saria bezain polita da hori. Gainera, balio du erakundeei erakusteko nolako gauza politak egin daitezkeen haien diruarekin".
Gero eta gehiago diren inurriek elkartzeko inurritegi bat behar dutenez, mezu garbi bat bidali diote Lasarte-Oriako Udalari, elkarteko kide denen izenean –egitasmoa gure herrian sortu zuten bi lasarteoriatarrek, Julenek berak eta Maialen Cuerdok, 2019an–: biltzeko lokal bat behar dute. "Gero eta jende gehiagok galdetzen digu ea egoitza non dugun, baina ez dugu", esan du Julenek. Horren harira, Amaiak oroitu du Izan Iñurrirekin harremana egin zuen egunean faltan bota zuela bilgune fisiko bat: "Horrelako tokirik ez dugu oraindik, eta behar dugu: elkartu, lasai hitz egin...".
"Izan Iñurriren mezua, Lasarte-Oriako Udalari: lokal bat behar dugu"
Proiektu berri bat sortzeko amets edo ideia bat izan, eta dirurik ez. Edo egitasmoa aurrera eramaten laguntzeko bilgunea falta. Edota dagoeneko martxan dagoen zerbait hobetu nahi, baina ez dago sosik. Hori bera gertatzen zaio osasun sistema publikoari. "Osasun sistema pribatizatzen ari dira, kaka eginda dago; hor jarri behar dugu arreta", uste du Elenitak. Tra-tra tratamendua atalean parte hartu zuen Jesus Blanco onkologoaren hitzak ekarri ditu Julenek, Onkologikoaren egoera islatzeko: "45 bat paziente izaten dituzte egunean; bakoitzarekin, bost minutu. Minbizia duzula esaten dizutenean, adibidez, edo bular bat kendu behar dizutela...Prozesatzeko astia behar duzu. Horrez gain, denbora eskatzen du profesionalen hizkera teknikoa ulertzeak, eta hori, euskaraz edo erdaraz hitz egiten baldin badakizu; pentsa nola dauden hizkuntza horietan moldatzen ez diren pertsona migratzaileak". Horren harira, kimioterapia saio batera joan zenekoa oroitu du Amaiak: "Dosia hartzen ari nintzela, emakume bat zegoen alboan, ukrainiarra-edo, Europa iparraldekoa, eta alaba zuen alboan, interprete lanak egiten, ez zuelako ulertzen medikuek esaten ziotena. Sei orduak han pasa zituzten ama-alabek. Horrela izan behar al du horrek?".
"Onkologoren bat, agian, zakarra izango da izaeraz, baina ez dut uste hori denik arazoa: lanez gainezka daude, eta egoera okerrera doa. Niri esan zidatenean titi bat kendu behar zidatela, goxo jokatu zuten eta mimatu ninduten, baina hori da segun eguna, segun denbora...", kontatu du Elenitak. Hori entzun eta berehala, Julenek esan du horrek ezin duela horrela izan, paziente guztiek behar dutela tarte jakin bat, entzun berri dutena eta haien egoera prozesatzeko. Osasun sistema hobetzearen aldarria "minbizia dugunona eta gizarte osoarena" dela azpimarratu du Sandrak: "Inurri lana, hemen ere".
Metastasia, are tabuago
Minbiziarekin lotura duten gai, ertz, gogoeta eta faseak lantzen dituzte podcastean. Metastasia ere bai. "Minbizia tabua bada, metastasia, zer esanik ez. Ez dute ahotsik inon. Badugu taldetxo bat Iñurrin; izugarrizko indarra dute, eskerrak ematen dizkiet saioetako batean parte hartzeagatik". Myriam Martin ikerlaria ere gonbidatu zuten: "Egoera oso prekarioan daudela kontatu zigun, metastasia ikertzean egindako aurrerapenak gizarteratzeko dirua behar dutela. Funtsezkoa da finantzazioa", gehitu du. Elenitari kapitulu hori gustatu zitzaion gehien: "Ez nuen fase horri buruz ia ezer ezagutzen". Era berean, onartu du "korapilo bat" sentitu zuela bere barruan. "Bularreko minbizia duten hamar pertsonatik hiruk metastasia izango dute; errealitate gogorra da hori, noski, baina erakusten eta hitz egiten jarraituko dugu", azpimarratu du Julenek.
Metastasiari buruzko saioak korapilo ugari eragin ditu ikus-entzuleengan, elkarrizketatuek adierazi dutenez. Are gehiago, zenbaitek ezin izan dute, oraingoz behintzat, podcasteko minutu bakar bat ere ikusi. Esan dute lehen ere: parte hartzeko urratsa egin ala ez, podcasta ikusi ala ez ikusi, prozesu hori bizitzeko era guztiak zilegi dira.
"Ikertzaileak oso egoera prekarioan daude; funtsezkoa da finantzazioa"
Mezu esanguratsuak
Osasun sistema publikoa zaindu eta indartzeari buruzko mezua ez da podcastaren saio bakar batean ere falta. Hauek ere ez: "Arrosa ez, minbizia ikaragarrizko marroia da"; "gu ez gara pink, punk baizik"; "bizi, minbizi, hil arte bizi!"; eta beste asko. Izan Iñurri egitasmoaren muina zein den ere jartzen dute mahai gainean: "Ikuspuntu eraldatzaile eta feminista batetik, minbiziaren gainean dibulgazio, formakuntza eta, batez ere, akonpainamendu lana egiten duen elkartea da".
Inurritegia "izugarri" hazi da 2019tik hona. "Euskal Herri osora zabaldu gara", esan du Julenek. Argia hedabidearen aitortza jaso zutenean, herritarrak esan zuen Izan Iñurrik "bide luzea" duela aurretik. Horren aurrean, galdera: zer gehiago duzue eskuartean? Eta erantzuna: "Urte hau, batez ere, martxan dugun horretatik guztitik gauzak bueltan jasotzera bideratu nahi dugu, eta eraiki duguna zaintzera. Egia da askotan esan bai, baina gero kosta egiten zaigula betetzea... Noski, erabat irekita gaude edozertara eta hazten segi nahi dugu e, ez dut kontrakoa esan nahi, baina ez edozein modutara". Hori da elkartearen etorkizunetako gakoetako bat, herritarraren esanetan. "Etorriko diren gauza berriek erritmo eta denbora jakin bat beharko dute. Gaur egun, lau pertsonaren artean koordinatzen dugu elkartea. Horrek eskatzen duen guztiaz aparte, beste lan batzuk ditugu, bakoitzak berea".
"Urte hau, batez ere, martxan dugun horretatik guztitik gauzak bueltan jasotzera bideratu nahi dugu, eraiki duguna zaintzera"
Berriki, Bizipoza elkartean sartu dira inurriak, eta Mundu berri bat guztiontzat egitasmoaren hirugarren argitalpenean parte hartu dute, eguneroko lana abesti eta bideoklip banaren bidez kontatzeko, beste hamar eragilerekin batera. Podcastak bezalatsu, (Min)bizi izena du abestiak: Oihana Iguaran bertsolariak sortu du letra, eta Idoia Asurmendi musikariak jarri dio ahotsa. "Bizipozako lagunekin hasieratik gaude harremanetan, Leire [Elizegi] ezagutzen dugu; elkartean sartzeko urratsa iaz egin genuen", azaldu du Julenek. "Izugarrizko lana egiten dute, mundu berri bat eraiki nahi dugun guztioi tokia egiten digute".
Elenitari, adibidez, abesti kañeroagoa gustatuko litzaioke. Hori bai, uste du Mundu berri bat guztiontzat proiektua "zoragarria" dela. Sandraren iritziz, ongi dago abesti guztiek erritmo oso bizia ez izatea: "Aktibatu egiten zaituzte kanta batzuek, eta beste batzuek, honek bezala, besarkatu. Denetik behar dugu". Zentzu horretan, Amaiari iruditzen zaio "modu oso aproposa" izan daitekeela jendea inurriekin harremanetan jartzeko; "atsegina, goxoa".
Pertsonak, erdigunean
Sandrarentzat, inurritegiko kide izatea "ahalduntze prozesu bat" izan da: "Iñurrik pertsonak jartzen ditu erdigunean, bakoitzaren behar eta ezaugarriak errespetatuz; ni horrela tratatu naute, eta nirekin harremanetan jartzen direnei jasotakoa ematen diet". Berarekin kontaktatu zuen Amaiak. "Ongi oroitzen badut, esan nion 'Sandra, jakin ezazu bularreko minbizia dudala eta prest nagoela egoera berean dagoen norbaitekin kafe bat hartzeko'. Marroi hutsa da hau, tokatu egin zaigu eta aurrera egin behar dugu. Elkarrekin, eta naturaltasunez".
"Marroi hutsa da minbizia, tokatu egin zaigu, eta aurrera egin behar dugu. Elkarrekin, eta naturaltasunez"
Julenek ideia hau jarri du mahai gainean: "Zer esan behar diot minbizia duen pertsona bati, nola jokatu berarekin? Hori galdetzen digutenean, guk, naturaltasun osoz, erantzuten diogu ez dagoela hitz edo ekintza magikorik. Uste duguna baino sinpleagoak dira gauzak, guk konplikatzen ditugu". Hori irudikatu du Amaiak: "Bilduta ginela, hizketan, negarrez hasi zen behin kideetako bat: altxa, eta besarkatu egin genuen, eskua luzatu zion batek... Horrela erreakzionatu genuen".
Inurritegia hazten ari den heinean, eta bilgune finko baten faltan, hango eta hemengo plazak hartzen ari dira, ttipi-ttapa. "Plaza publikoak profesionalentzako soilik ez dira, zerbait konkretuki oso ongi egiten dutenentzako bakarrik. Tabuen kutxatik oholtzara bertso saioetan bezala [aurten, honezkero, 6-7 emanaldi martxan dituzte], ba joango gara gaiak jartzera, hobe ala okerrago, baina egingo dugu. Horrela, gauza denekin. Espazio horiek guztiak guretzat ere badira, aletxoa jarri nahi dugun ororentzat". Honakoa atxiki du: "Kontu horretan, gizonezko konkretu batzuek hartu dituzte plazak, haientzako; espazio horiek okupatzen ari gara, heteropatriarkatu zurrunetik atera eta beste era bateko harremanak sustatzen".
Sistema patriarkalak "inposatzen" dituen edertasun kanonez ere gogoeta egin dute. "Gure gorputzak zergatik ez dira ba ederrak izango? Heteropatriarkatuak ezarritako ezaugarri konkretu batzuk ez dituelako? Ba ez, hori ez da horrela, gu ere ederrak gara", nabarmendu du Sandrak.
'Kaña ematen', eta goxo
Inurritegiarekin bat egin nahi dutenek ez dute zertan bularreko minbizia izan, batetik; eta, izanez gero, ez dute titi bat edo biak berreraikitzearen aurka egon behar, bestetik. Oso argi utzi dute hori elkarrizketatuek. "Ikusarazi nahi dugu minbizi mota askoz gehiago daudela, ia-ia gorputzeko toki guztietan; ari dira horiek sufritzen dituztenak ere gurekin harremanetan jartzen", jakinarazi du Julenek. Amaia: "Nik, adibidez, ez dakit zer egingo dudan. Bularra berreraiki, ez... Egiten dudanean, ez dut presiorik jasan nahi inorengandik. Norberak balora dezala, baina sentitzen duenaren arabera erabaki dezala". Ñabardura bat egin du Julenek: "Podcastean, adibidez, horri buruz ere hitz egiten dugu. Ez gaude titia berreraikitzearen kontra; nahi duguna da medikuek pazienteak artatzen dituztenean, automatikoki hori egitera ez bideratzea". Norabide horretan, hausnarketa hau egin du Sandrak: "Garbi dugu bizirik gaudela osasun arloko profesionalek eman diguten tratu onagatik, baina kontraste hori badago, gure prozesuen eta gorputzen gaineko erabakiak hartzeko askatasunarena".
Azken gogoeta hori uztartu dute emakume izatearekin eta amatasunarekin. "Gaztea bazara eta minbizia diagnostikatzen badizute, obuluak izoztu behar dizkizutela esaten dizute: zuk, beharbada, ez duzu garbi ama izan nahi duzun ala ez, baina hori erabakitzera bultzatzen zaituzte, diagnosia jaso berritan", esplikatu du Amaiak.
Bisita, podcast, bertso saio.. Formatua edozein izanda, bidea egiten segiko dute inurriek: "Aldarrien bidez kaña ematen jarraituko dugu, eta aldi berean goxo jokatzen, pertsonak eta zaintza erdigunean jarrita".
Mahaitik altxa eta elkarrizketa (formala) amaitutzat eman aurretik, elkarrizketatuei aipatzeke geratu zaien gauzaren bat esan nahi duten galdetu die kazetariak. Hausnarketa hau partekatu dute, irakurle, hedabide eta gizarte osoarekin: "Azkenaldian, saria eman digutela-eta, elkarrizketa asko ematen ari gara. Gustura, noski, oso-oso eskertuta inurrioi zabalkundea emateagatik, baina hau ahaztu gabe: gure hitzek karga emozional bat dute, beste biluzte ariketa bat da. Kontuan izan behar dugu".