Gune aldaketaz gain, berrikuntza nabarmenak izan zituzten 2010eko Sorgin Jaiek. Hasteko, abesti berria, Ane Labakaren hitzak eta herriko Trikihots taldearen doinuak uztartu zituena. Honela dio letrak:
Edabe magikoaren usaiak piztu dizkigu juergarako nahiak
gaindituz inkisizio garaiak goza ditzagun Sorgin Jaiak.
Izan nahi nuke sorgina, aztia ilargipean bihurtuz piztia
dantzan igarotzeko gau guztia atera arte eguzkia.
Sasi denen gainetik ta lainoen azpitik, herriarentzat herritik
aupa mutil ta neska gauza hoberik ezta beraz has dadila festa!
Akelarrean triste zabiltza zu norbaiten falta sumatzen al duzu?
barroteei eman behar diegu su ez daudenentzat mila muxu.
Eguzkilorez jantzi da Lasarte ez egon txozna gunetik aparte
eta hara hurbiltzen bazarete ezetz joan bukatu arte!
Sasi denen gainetik ta lainoen azpitik, herriarentzat herritik
aupa mutil ta neska gauza hoberik ezta beraz has dadila festa!
Horrez gain, tradizional bilakatu den kuadrillen jaitsiera egiteari ekin zioten, 1936ko gerran hildakoen senideek irakurri zuten jaietako pregoia eta gazteen arteko olinpiadetara Lizarra eta Gabiriako herriak gonbidatu zituzten. Horrez gain, ordubeteko geldialdia egin zuten ekainaren 29an, gehiengo sindikalak deitutako greba tarteko.
Hamargarren urteurrena
Hurrengo urteko Sorgin Jaietan ospatu zituzten festa eredu alternatiboaren aurreneko 10 urteak, Loidibarrenen oraindik ere. Hurrengo urtean hasiko ziren akelarreak erdigune-erdigunean egiten, Okendo plazan. Aurrekari gisa, 2011ko egitaraua enparantza horretan bertan aurkeztu zuten. Urte horretako pregoia irakurri eta txupinazoa botatzeaz Sorgin Dantzako kideak arduratu ziren; antolakuntzakoek horren bidez eskertu zieten 2001ean Txosnak bai zioen pankarta eskuetan hartu izana, udalak gune hori ezartzea debekatu ostean. Horrez gain, ekitaldi horren 25. urteurrena kontuan izan zuten urte horretako omendua erabakitzerakoan. "Erabakia hartzea ez da erraza izten eragile ugari ari baitira lanean jo eta su", adierazi zuten.
Urtemuga berezi hori Xirimiri elkartean ospatu zuten eta 250 pertsona elkartu ziren. Gainera, urte horretan hasi ziren bakailao txapelketa ospetsua egiten.