Txosna gune egonkor baten eta hori erdigunean izatearen faltan, Sorgin Jaiak antolatu zituzten gazteek inprobisatzeko eta herritik eta herriarentzat antolatutako jaiak aurrera eramateko zuten gaitasuna erakutsi zuten beste behin. Orduko horretan, bururatu zitzaien Kale Nagusiaren zati bat (Ilargi tabernaren inguruan dagoena) hartzea eta bertara furgoneta ibiltari bat eramatea, kontzertuak egiteko eta txosna gune ibiltari bilakatzeko. Antolatzaileek prestatuko zutena jakiteko irrikaz zeuden gazteak eta baita herritar gehiago ere, eta, horregatik, harrera bikaina izan zuen ekimen horrek, hurrengo bi urteetan ere burutuko zutenak.
Palmondo Irratia komunikabideko lagunek 2020an antolatzaileetako hiru (Maider Izagirre, Haizea Elizondo eta Beñat Iriondo) elkarrizketatu zituztenean haiek adierazi zuten bezala, euren filosofia zen toki finko bat eta oholtza eskatzen ez zuten ekimenen alde egitea. Horien adibide izan ziren gerora historiko bilkatutako hauek: Oria ibaiko jaitsiera edota danborrada alternatiboa.
'Sorgin-Jaiak' abestia
2004ko egitarauaren barruan berrikuntza nabarmena aurkeztu zuten sorginek: jai alternatiboen aurreneko ereserkia, Sorgin-Jaiak abestia. "Earra! bertso eskolakoei letra egitea eskatu genien eta Euskal Rock Barrokoa taldea arduratu da musika jartzeaz", azaldu ziguten orduan. "Adibide bat baino ez da festak nola antolatu ditugun adierazteko. Herritar askoren parte hartzea izan dugu eta guztien laguntza beharrezkoa da jai alternatiboak antolatzeko".
Abesti hori tabernaz taberna banatu zuten eta bigarren CD bat ere grabatu zuten, herriko musika talde ugarirekin lankidetzan. "Herriko festak gaitzat hartuta abesti bat egiteko eskatu genien eta ez zuten eragozpenik jarri". Zona Mortuoria, Txakurrak, Despervicio, Oztopo, Zama, Yennin eta 40 de fiebre taldeek parte hartu zuten lan horretan.
'Sorgin Jaiak' abestiaren letra
Egunak luzatzen direnean eguzkiak gorritzen du hortz-muga
hego haizeak udako larreak txistuarasten ditu seinale utzita
Segaren bitartez bidea eraikitzen, eskuarearekin etorkizuna biltzen
dantzatzen dugun bitartean ez daudenak ere gure bihotzean izanen dira eguna argitu arte
Sorginduta dago herria Sorgin-Jaiak heldu dira, kaleek gurekin dantza egingo dute
Zapiak lepoan jarrita goazen denok Lasartera
kanpoko inkisidoreak nahi gaituzte kobazulo barruan
herriaren erdian distiratzen duen sute handiena gurea da
erre ditzagun gure beldurrak, aska ditzagun gure ametsak
gure akelarrean ez baitago lekurik maltzurrentzat
Kobazulotik atera goazen denok Lasartera
akelarrea hastera doa batetik bestera
Sorginduta dago herria Sorgin-Jaiak heldu dira, kaleek gurekin dantza egingo dute
Zahar ta gazte batera denontzat dago aukera
Sorgin-Jaiak heldu dira kaleek gurekin dantza egingo dute
Zahar ta gazte batera denontzat dago aukera
Sorgin-Jaietan mugarik gabe sorginduko gera
Sorginduta dago herria Sorgin-Jaiak heldu dira, kaleek gurekin dantza egingo dute
Urte horretan ere eskuko programak egin eta aurrenekoz banatu zituzten etxez etxe.