Txosnarik izango ote da aurtengo San Pedroetan? izan zen herritar ugarik eta, batez ere, txosna batzordeko kideek euren buruei etengabe galdetu zietena 2001. urtean. Ordurako udalak debekatu egin zituen erdiguneko txosnak (Geltoki kalean jartzen zituzten, 1982tik, gaur egun Tahona kafetegiaren eta Kutxabank-en bulegoaren artean dagoen eremuan), "hala nahi duelako", aipatu eragileko ordezkariek TXINTXARRI-ri urte horretan kontatu ziotenez. Herritik eta herriarentzat antolatutako ekimenek eta elkarguneak zentroan egoten jarraitu behar zutela sinetsita, Pintore kalearen alternatiba proposatu zioten baina horri ere uko egin zion orduko alkate Ana Urchueguiak, jaiak hasi baino egun gutxi lehenago. Udalak erabakitako kokalekua Oria ibai alboko pasealekua zen.
Horren aurrean, Jai Alternatiboen Aldeko Txosnetako Batzordeak udalaren jokabidea salatu zuen, "erdigunetik kanpo" zegoen kokaleku izateaz aparte, oholtzarik eta bestelako baliabiderik (ura, argindarra...) ez zielako emango. Hori horrela izanik ere, "egitarau zabala" antolatu zuten, nahiz eta azkenean txosnarik ez zuten jartzerik izan, ekain amaierako gertakariengatik: Okendo plazan txosna jartzeko eragile ugariren saiakera, horren aurrean udalaren eta ertzainen errepresioa, San Pedro egunean jipoitu eta atxilotutako gazteak... Debekuak debeku, festa egunetan Okendon nabaritu zuten "hutsunea" betetzeko barra jarri zuten eta doinu afrikarrak jo zituzten instrumentuak hartuta. Horrekin batera, hurrengo urtean zer egin pentsatzen hasiak ziren. Bihar izango duzue horren berri.
Erdiguneko txosna gunearen urteak
Aurreko urtean, 2000.ean, jadanik komeriak izan zituzten txosna gunea erdigunean jartzeko baina azkenean Uistin 1 eta 3 arteko kalea erabili zuten horretarako. 1982. urtetik hasita (Sorgin Jaiek maiatzaren 9an egindako Free Tour ekimenean Mailu Arrutik azaldu zuenez; txosna batzordeko kide izan zen bera garai horietan) eta XXI. mende hasierara arte eragile eta herritar askoren topaleku izan zen Uistin eta Geltoki kaleen arteko eremu hori. "Herrigintzaren zutabeetako bat" izan zela azpimarratu zuen Arrutik berak: "Edozer erakutsi eta probatu nahi zuenarentzat hortxe zegoen oholtza, egun osoan zehar".
Sorgin Jaien beraien kasuan bezala, aurreko urteetako txosna guneen muina berbera izan zen: herritik eta herriarentzat egindako ekimena eta, baliabide gutxi edo eskasak izanagatik, horri gailendu zitzaion gogoa, grina eta ilusioa.
Material osagarria
- TXINTXARRI, 2001eko ekainaren 27ko aldizkariko artikulua: Txosnarik izango ote da aurtengo San Pedroetan?
- TXINTXARRI, 2001eko uztailaren 6ko aldizkariko artikulua: Ez da txosnarik izan 2001eko San Pedroetan
- TXINTXARRI, 2006ko ekainaren 27ko aldizkariko erreportajea: Txosnak jartzen zituzteneko urte zoragarriak
- PALMONDO IRRATIA, sorginjaiak hasiera atala.