SORGIN JAIEK 25 URTE

Kiosko inguruko Jai Alternatiboak

Txintxarri Aldizkaria 2026ko ekainaren 2a

2002ko ekainaren 28tik 30era ospatu zituzten urte horretako jai alternatiboak, Sorgin Jaia izenarekin. "Festa parte hartzaileak, herrikoiak eta irekiak" ospatzeko egitaraua eta hurrengo urteetan zapietan-eta erabiliko zuten irudia ere aurkeztu zituzten sorginek. Txosna gunea erdigunean jartzearen debekua indarrean zuenez oraindik udalak, inprobisatu eta Sagardotegi kalean urte askotan kiosko izandako eraikina okupatu zuten. 

Hilabete askotan buru-belarri lan egin ostean aurkeztu zuten herriko gazte ugarik 2002ko Sorgin Jaia, edo, bestela esanda, San Pedroetako Jai Alternatiboak. Helburua garbi zuten: "Jai parte hartzaileak, herrikoiak eta irekiak ospatzea". Udalak antolatutakoaz harago joan nahi zuten, "batere" berritzen ez zuten eskaintzatik atera eta herritar orori gustatzeko moduko egitaraua aurkeztu zuten. Gaur egunera arte iraun duten zenbait ekimen iragartzen hasi ziren orduan, hala nola kuadrillen jaitsiera.

2002ko egitaraua

Ekainak 28, ostirala

  • 20:00etan, harrera Sorgin Jaiari.
  • 20:00etatik 21:00etara, herri poteoa, txarangarekin.

Ekainak 29, larunbata

  • 12:00etan, makarroi jana prestatzea kuadrillen artean.
  • 18:00etan, kuadrillen jaitsiera, txarangarekin.
  • 19:00etan, txosnen aldeko manifestazioa.
  • 20:00etan, herri poteoa.
  • 00:00etan, gaueko olinpiadak.

Ekainak 30, igandea

  • 12:00etan, haurrentzako jolasak. Ostean, presoei omenaldia.
  • 20:00etan, akelarrea.
  • Gauean, Mari Burdin erretzea.

Jai alternatiboei kutsu mitologikoa ematea izan zen sorginak pertsonaia nagusi bilakatzearen arrazoia. Hori irudikatze aldera, azken egunean Mari Burdin erre zuten, sorginekin tirabirak izatearen erantzule eginda. Asmo honen berri ere eman zuten, baita bete ere: "Urtero Lasarte-Oriako jaiak sorginen jaiak izatea nahiko genuke". 

Txosna guneari dagokionez, udalaren "tokia eta ordutegiak desegokiak eta murritzegiak" zirela salatu zuten gazteek. "Txosnak ez dira edateko tokiak bakarrik, gune bat ere badira, eta aurtengo arautegiak ematen digun gauza bakarra da edariak saldu ahal izatea, gainera, aparte. Lotsagarria da arautegi berri hori eta horrela ez du merezi", kritikatu zuten. Hori horrela, inprobisatu eta urte luzez kiosko izan zen eraikina okupatu zuten eta sekulako festa giroa izan zuten egun horietan, "zipaioak ingurutik pasatzen zirenean salbu", garai horietako batzordeko kide ziren Beñat Iriondok eta Gorka Lizarragak gogoratu zutenez, maiatzaren 9an Sorgin Jaiek egindako Free Tourrean.

Material osagarria

Erlazionatuak