Ttakun Kultur Elkarteak, udalak eta herriko zenbait eragilek prestatu duten egitaraua 16:45ean hasiko da: gaztetxoek txokolate beroa askaldu eta ongi pasatzeko jolasak izango dituzte. 17:30ean helduak batuko dira festara eta erromeria hasiko da; dantzatu bitartean, gure herriko Euskal Inauteriak testuinguruan jartzeko grabazioak erreproduzituko dituzte –David Egizabalek eta Juan Luis Eizmendik idatzitako ipuinean oinarritu dira; bi trama uztartu dituzte kontakizun horretan–. Azkenik, Kaxkamalo txantxoaren erreketa 19:00etan gauzatuko dute.
Antolatzaileek bereziki azpimarratu dute Euskal Inauterien balioa: "Jaiaren ezaugarri indartsuenetako bat dira; hasieraren arima". Hori horrela, gaurko beste ekimenik ez programatzea erabaki dute.
Egitaraua
Hilak 13, ostirala
- 16:45ean, Okendo plazan, ikasleentzako txokolate jana. Gaztetxoek emanaldia egingo dute aurretik, 15:00etan hasita.
- 17:30ean, Okendon, erromeria.
- 19:00etan, Okendon, Kaxkamalo txantxoa erretzea eta izakien eta herritarren arteko urtebeteko ituna berritzea.