Eguraldi ona egingo duen ala ez, hori izango da Inauteriak ospatzeko egitaraua antolatu dutenen ardura bakarra. Gainerako guztia prestatu dutela iragarri dute Okendo plazan, hilaren 12tik 17ra arteko ospakizun egunen gune nagusia izango den horretan. Agustin Valdivia alkatea, Jaiak departamentuko zinegotzi Txus Alonso eta parte hartuko duten konpartsetako (Biyak Bat, Intzak Parranda, Jalgune, La Tribu eta Sasoeta Sasoian) kideak bertaratu dira agerraldira, baita sardinaren erreketa antolatzeaz arduratzen den Aitziber Arruti herritarra ere.
Programaren oinarria aurreko urteetakoa izango bada ere, zenbait berrikuntza iragarri dituzte. Hilaren 14an, larunbatean, konpartsetako kideek eta udaleko Jaiak saileko langileek "hasiera berezi eta berritzailea" emango diote ospakizun egun nagusiari. Bestalde, sardina ez dute astelehenean erreko, asteartean baizik. Jardueren eta behar teknikoen kostuak batuta, 30.000 bat euroko aurrekontua bideratu dute Inauteriak antolatzera. Informazio hori guztia eskuorri batean bildu dute, aurten aurrenekoz prestatu eta bihartik aurrera (hilak 5) etxez etxe banatuko dutena. "Egitaraua prestatzen lagundu duten eragile guztiei merezi duten tokia eman diegu", zehaztu du Alonsok.
Euskal Inauteriak indartzeko
Esan bezala, Udal Musika Eskolako ikasleen kontzertu bufoak irekiko du egitaraua, hilaren 12an. Kultur etxean ariko dira, 18:30etik aurrera. Sarrera doakoa dela jakinarazi dute.
Hurrengo egunean, berriz, basotik gizaki itxura hartuko duten txantxoekin ituna berrituko dugu herritarrok Okendo plazan. Alonsok bereziki azpimarratu du Euskal Inauterien balioa: "Jaiaren ezaugarri indartsuenetako bat dira; hasieraren arima". Hori horrela, ostiralean beste ekimenik ez antolatzea erabaki dute. Garaikoetxea-Landaberri ikastetxekoekin iaz abiatutako lanketari jarraiki, Lehen Hezkuntzako 3. eta 6. maila arteko ikasleak mozorrotu eta Okendo plazara etorriko dira Euskal Inauteriak irudikatzera, 15:00etan. Ordu eta erdi pasatxoren ostean, txokolate jana prestatuko dute beraientzat. 17:30ean helduak batuko dira festara eta erromeria egingo dute. Azkenik, 19:00etan erreko dute Kaxkamalo bihurria, azken urtean udalerrian jazo diren gauza txarren erantzule izan dena. Eguraldi txarra eginez gero, aipatu jarduera horiek Oriarte Landaberri institutuko patioan egingo dituzte. Toki batean ala bestean, Ttakun Kultur Elkartearekin lankidetzan gauzatuko dute.
Egun nagusia, larunbata
Esan bezala, sorpresa kutsua izango duen jarduera horrekin irekiko dute Inauterietako larunbata udaleko Jaiak departamentuko langileek eta konpartsetako kideek. Ondoren, makina bat ekimen prestatu dituzte festa giroa goizaldeko ordubietara arte luzatzeko: partaideen aurkezpena eta koreografiak, mozorro lehiaketak, bazkaria, Super Bingoa, desfilea, sari banaketa, txarangekin (Oaintxe in deu! eta Arranopola) kalejirak eta disko jaia ez dira faltako.
Herritarrak nahi bezala mozorrotu badaitezke ere, gogorarazi dute parte hartze prozesu bidez aukeratutako gaia 80. hamarkada dela. Irekia eta herritarren irudimena dantzan jar dezakeen proposamena dela nabarmendu dute.
Asteartera arteko jai giroa
Hurrengo egunean LOZET elkartearen erraldoi eta buruhandiek hartuko dituzte kaleak eguerditik aurrera eta bezperako giroa suspertuko dute, Oaintxe in deu! txxarangako kideekin batera egingo duten kalejiran. Arratsaldean, aldiz, herriko musika talde batek emango du kontzertua, Ibai Berriak-ek, Antonio Mercero gune alboko karpan.
Astelehena ere haurrentzako moduko eguna izango da. 11:00etatik 13:00etara eta 16:30etik 18:30era parkea jarriko dute Isla plazan. Eguraldi txarra egitekotan, puzgarriak eta dibertitzeko bestelako tresnak Loidibarren pilotalekura eramango dituzte.
Inauteriei amaiera emateko sardina erreko dute asteartean, 18:00etatik aurrera. Okendo plazan elkartuko dira eta hiletari ekingo diote, erdigunea zeharkatuta. Enparantza horretara itzuli, suziak piztu eta arrain hori errauts bihurtuko dute. Horren ostean Kale Nagusian barrena ibiliko dira LOZETen zezensuzkoak.
Agerraldia amaitzeko alkateak hartu du hitza. "Iruditzen zait gero eta jende gehiago mozorrotzen dela eta herria betetzen dutela ongi pasatzeko asmoarekin. Inauterien aberastasuna hori da".
Egitaraua, egunez egun
Hilak 12, osteguna
- 18:30ean, kultur etxean, Udal Musika Eskolako ikasleen kontzertu bufoa. Sarrera, doan.
Hilak 13, ostirala
- 16:45ean, Okendo plazan, ikasleentzako txokolate jana. Gaztetxoek emanaldia egingo dute aurretik, 15:00etan hasita.
- 17:30ean, Okendon, erromeria.
- 19:00etan, Okendon, Kaxkamalo txantxoa erretzea eta izakien eta herritarren arteko urtebeteko ituna berritzea.
Eguraldi txarra egiten badu, jarduera horiek Oriarte Landaberri institutuan egingo dituzte.
Hilak 14, larunbata
- 12:00etan, parte hartzaileen bilera eta hasierako ekitaldi berezia.
- 12:00etan, Oaintxe in deu! txarangako kideak kalejiran hasiko dira, Okendotik abiatuta.
- 12:30ean, konpartsen jaialdiaren hasiera, Okendon.
- 12:40ean, konpartsetako kideen aurkezpen koreografiak, Okendon. Horren ostean, mozorro herrikoien desfilea.
- 14:00etan, konpartsetako kideen bazkaria, Antonio Mercero gune ondoko karpan.
- 16:00etan, bazkalosteko Super Bingoa, karpan. Kuadrillategi egitasmoko gazteek egingo dute.
- 17:30ean, konpartsen desfilea, atzetik herritarrentzako furgoneta musikadunarekin. Konpartsak ailegatzen direnean Okendo plazara, mozorro lehiaketako sari guztiak banatuko dituzte.
- 20:00etan, Arranopola gazte txarangako kideak kalejiran hasiko dira, Okendotik abiatuta.
- 23:00etatik 02:00etara, disko jaia egingo dute karpan.
Eguraldi txarra egiten badu, Okendon iragarritako ekimenak karpara eramango dituzte.
Konpartsen desfileko ohiko ibilbidea hau da: Okendo, Kale Nagusia, Ola kalea, Zumaburu kalea, Kale Nagusia, Hipodromo Etorbidea eta Okendora itzulera.
Eguraldi txarra egitekotan, desfileko ibilbidea laburtu egingo dute: Okendo, Kale Nagusia, Beko Kale, Elizatze plaza, Kale Nagusia, Hipodromo etorbidea eta Okendora itzulera.
Hilak 15, igandea
- 12:00etatik 13:30era, LOZET elkarteko erraldoi eta buruhandiak herrian barrena ibiliko dira, kalejiran, Oaintxe in deu! txarangako kideekin batera.
- 18:30ean, kontzertua emango du Ibai Berriak taldeak, Antonio Mercero gune alboko karpan.
Hilak 16, astelehena
- 11:00etatik 13:00etara eta 16:30etik 18:30era, haurrentzako parkea jarriko dute Isla plazan.
Eguraldi txarra egiten badu, Loidibarren pilotalekuan jarriko dute parkea.
Hilak 17, asteartea
- 18:00etan, sardina ehortzi eta erreko dute. Okendo plazatik abiatuko da hileta eta erdigunea zeharkatu ostean enparantza horretara itzuliko dira parte hartzaileak. Ostean, LOZETen zezensuzkoak ibiliko dira Kale Nagusian barrena.