Euskara eta euskal kultura gogotik ospatu dituzte, lehen ordutik

Txintxarri Aldizkaria 2025ko urr. 19a, 20:35

Lasarte-Oriako Kultur Sailak eta Ttakun Kultur Elkarteak elkarlanean antolatu dute festa. Kultur Atelier ere prestakuntza lanetan aritu da.

Hamaika doinu txistulari taldearen diana aurtengo Euskal Jaien beroketa lana izan da. Bi ordu inguruz aritu dira erdiguneko kaleak berotzen, jaierako kozinatzen, notaz nota. Bien bitartean, bazkaria prestatzen aritu dira, sukaldariak. Esandakoaren arabera, goizeko zazpitan piztu dute sua. Geroztik, ehun lagunentzako, entsalada, zikiroa eta azkenburukoa prestatu dute. 

Hamaiketan, ofizialki hasi da aurtengo edizioa Pontxo eta Tomas txalapartariekin batera. Jarraian, Xumela Korua oholtzaratu da, eta bi abesti eskaini dizkio Okendo Plazara gerturatutako publikoari. Lehena Behin betiko kantua izan da, bigarrena, Autodeterminazioa, originala hura. Tablatuan kasik sartzen ez ziren arren, dantzan eta kantuan gogoz aritu dira. Doinu artean, euren hurkoak agurtu dituzte irribarre eginez edota eskumuturrak eraginez. Eszenatokitik jeistean, kantujiran aritu dira, erdigunetik barrena. 

Jaiaren programa biziari jarraiki, abesbatzarekin batera, enparantzan Dinagu Azoka ospatu da. Euskal Herriko 25 emakume sortzaileek eta ekoizleek makina bat postu ipini dituzte. Besteak beste, bitxiak, jatekoak, arropa, eskulanak. Hamaika kontu erosteko aukera izan dute lasarteoriatarrek. Artisauen artean, herritarrak ere izan dira: Inurri Elkartea, Basokomaxuxta, Uxune Iparragirre Hamarratz eta Koöl Estudioko Karmele Salsamendi. Eguraldi itzelak animatuta, plaza bete da. 

Kirolak ere protagonismoa izan du, Euskal Jaiaren goizaren baitan. Alde batetik, Mirentxuko Trinketean bildu dira Aritz Solanok eta Unai Arrutik zein Iker Artetxek eta Iban Vazquezek osatutako bikoteak erraketarekin lehiatzeko. Markagailua Solano eta Arrutiren alde agertu da, 22-19an. Bestetik, Jon Pello Artetxe - Julen Urruzola eta Ibon Taberna - Julen Chiapuso norgehiagokan aritu dira; kasu honetan, eskuz. Lehen parejak irabazi du 30-29n. Partida itzelak izan dira, eta jokaldi ederrak ikusi ditu bertaratutako publikoak. Hori ez ezik, atsedenaldietan, Unai Gaztelumendi eta Eli Pagola bertsotan entzuteko aukera izan dute. 

Ariketak fisikoa Mirentxuko Trinketean eman den arren, Kale Nagusian ere gailendu da. Izan ere, bertan herri proben erakustaldia eman da. Hasteko, umeak aritu dira lokotxetan, zangoekin edota zaku lasterketan. Hiru taldetan banatuta, etxeko txikienek ederki pasa dute. Jarraian, sei harrijasotzaile aritu dira, proban. Garmendiatarrek, Garik eta Xabierrek, Okerra harria jasotzen saiatu dira; bost minutuan, gutxienez zortzi aldiz. Xabierrek hamar aldiz jaso du, Garik bost altxaldi egin ditu. Beñat Telleria herritarrak, berotuta, behin altxa du.   

Goizeko ospakizunen errematea izan da herriko euskara eragileei eginiko aitortza. Pontxo eta Tomas txalapartariak, trikitilariak eta Earra Bertso Eskolako kideak oholtzaratu dira herriko agente horiek omentzeko. Horrekin batera, herriko bazkaria egin da, eta hasi bezala, Euskal Jaia alaitsu eta umoretsu abiatu da arratsaldeko errondara.

 

Erlazionatuak