Sustrai berberak dituzten doinuak

Lierni Apaolaza Urdanpileta 2025ko eka. 24a, 12:30

Oaintxe in deu! eta Arranopola txarangak batera, maiatzaren 17an ospatutako Txaranga Egunean.

Azkenaldian, txaranga berri asko sortu dituzte Euskal Herrian. Talde horiek guztiek dute istorio bat atzean, eta Lasarte-Oriakoak diren Oaintxe in deu! eta Arranopola taldeena elkarlotutakoa da. Bietako ordezkariekin hitz egin du TXINTXARRI-k.

Duela hamar bat urte, hiru lasarteoriatarrek saxofoia jotzeko erabakia hartu zuten. 40 urtetik gora zituztelarik, Usurbilgo Musika Eskolan matrikulatu ziren Iñaki Izquierdo, Zigor Iriondo eta Imanol Jimenez, ez baitzegoen instrumentu hori ikasteko aukerarik herriko akademian. "Gure plana ez zen saxoa ikasten eta ikasten aritzea, baizik eta ondo pasatzeko eta kalean aritzeko jotzea". Izquierdok adierazitako grina partekatuta, hirurek euren irakasleari sei pieza prestatzeko eskatu zieten. Maistrak mandatutakoa bete eta Oaintxe in deu! txarangaren hazia landatu zuten. 

Taldea osatzeko deialdia ireki zuten, berehala. Ateak orotariko adineko eta mailako jendeari zabalik, askotariko pertsonak gerturatu ziren Ola kaleko liburutegi zaharrera, hots, bolada hartako euren lokalera. Batzuk txarangekiko afizioagatik joan ziren, nahiz eta instrumenturik ez jo. Izquierdok aitortutakoari jarraiki, horixe bera egin zuen Iñigo Gomezek: "Galdetu genion ea zer jotzen zuen eta berak ezer ez erantzun zigun. Eskura genituen Ttakunen udalekuetako kazuelen tapak hartzeko eskatu, eta konturatu ginen erritmoa jarraitzen zuela". Bestalde, garaiko gazteenak, Gaizka Etxeberriak taldearekin bat egin zuen Udal Musika Eskolako ikasturte amaierako azken entsegu batean, Izquierdo proiektuaren berri ematera joan baitzen. Urte luzez bestelako taldeetan aritutakoak ere animatu ziren, musikaz "bestelako erritmoan" gozatzeko beta aprobetxatzeko. 

Partaideak lortuta, txaranga 2015eko San Pedro Jaietan loratu zen. Ez ziren programan agertzen. Iñigo Bobillo bonbojoleak onartutakoaren arabera, “aterako gara ala ez?” zalantzak asaldatu zituen, lehen emanaldiaren aurretik. Alabaina, urduritasunari kasurik egin gabe, bi egunez jo zuten; kurioski, taldekideen artean, Usurbilgo eskolako irakaslea ere izan zuten. Urteurren hori duela gutxi ospatu zuten Txaranga Eguna antolatuta, maiatzaren 17an. Egindako bidea zelebratzeko, Oaintxe in deu!-rekin batera, Gipuzkoako lau bandek, horien artean eratu berri den Arranopola txaranga lasartearrak, egun osoz jo zuten, bata bestearen atzetik, errelebo proba lez. 

Gaur egun, taldeak jarraitzen du Lasarte-Oria doinuez alaitzen, bere izenaren jatorria ohoratuz. Ez da txaranga profesionala, ez da herriz herri aritzen eta ez dute kobratzen. Aukeran, nahiago dute lortutako diruarekin bazkariak egin. Arean ere, euren arteko giroa "oso ona" da, eta bizipoz hori emanaldi bakoitzero haragitzen dute. Auzoko festak, elkarteen topaketak; ekitaldi ugariren ezinbesteko elementu dira. Noizbehinka, taldekideen ezkontzetan ere jo izan dute. Hori ez ezik, iazko jaietan, salbuespeneko emanaldia egin zuten, aspaldiko broma bete eta goizeko ordubatetatik hiruretara kalean jotzen aritu ziren-eta. Musikariek esperientzia "polita" izan zela aditzera emanda, baliteke aurten ere berriro animatzea. Erne izan beharko, festotan. 

Ezusteak ezuste, etorkizunari begira, jarraitzeko intentzioa dute, urteak aurrera joan ahala, adinagatik zenbait taldekide erretiratu eta plantilla aldatu beharko duten arren. Dena den, Gaizka Etxeberriaren ustez, taldeak geroa ziurtatuta du bere “proposamenagatik”, finean, txaranga munduan hasteko aukera ematen baitute. Izan ere, hura da bandaren misioetako bat; instrumentuak praktikatzeko aukera ematea, inon jotzeko aukerarik ez duen orori. Asmo horri esker, asko estreinatu dira eurekin batera. Horren adibideetako bat da Maitane Rebe: “Ni saxoa jotzen hasi nintzen orain dela 3-4 urte, eta lehenengo urtean, Oaintxe in deu!-n nengoen, dagoeneko. Hasiberritan, ahal nuena jotzen nuen, baina denboraren poderioz, hobetu eta pila bat ikasi dut”.

Bada jendea bi nota jotzen jakin gabe ere, beraiekin entseatzen duena. Gero, ez dira emanaldietara joaten. Baina parada ematen diete inolako mugarik gabe, musikaz gozatzeko. Eskoletatik at, asko ikasten da, eta kalean, "kodeak" desberdinak dira, lotsa galtzeko kantxa ere, izan, badago, bertan. Arestian esandakoaren harira, txarangak duela bost urte, herriko banda munizipala sortzeko mozioa aurkeztu zuten. Partidu politiko eta zinegotzi guztiek onartu arren, euren "mahaietan" datza proposamenak: "Gipuzkoan badaude 35 banda munizipal eta Lasarte-Oriak, nahiz eta bederatzigarrena izan populazioaren aldetik, ez du", gaineratu du Izquierdok. Antzerako dinamiken faltarekin tristetuta, txarangeroek egiteko hori beregain hartu dute, nolabait, baita talde berriei laguntza eskaintzea ere. Hala, musikak indarra hartzea espero dute, Lasarte-Orian, eta horretan, Oaintxe in deu!-k bere aletxoa jartzen jarraituko du. 

Enbor beretik sortuta

Aurtengo otsailean entseatzen hasita ere, Arranopola txaranga sortzeko ideia aspaldi bururatu zitzaien; duela bi urte, hain zuzen. Bertako tronpetari Lander Jimenezek eta Aratz Zigandak batera ikasten dute, Trintxerpeko Musika Eskolan. Halako batean, gazte txaranga bat osatzea pentsatu zuten, Lasartetik ateratzeko irrikak kitzikatuta. Baina ez zirenez "aktibatu", ez zuten lortu. Hala ere, Txaranga Egunarekin batera, asmo hori betetzera bultzatu zituzten Oaintxe in deu!-ko kideek. Euren konfidantzari esker, berriro animatu ziren: "Gogoratzen naiz lehenengo bilerara joan ginenean sei pertsona ginela taldean, eta hiru agertu zirela. Batek ezin zuen, beste batek egun bat lehenago ez zela etorriko esan zigun. Ez ginen asko, baina bai izan zela lehenengo aldia ideiak konpartitzeko. Intentzio bera genuela ikusita, hurrengo bilera finkatu genuen", gogoratzen du Jimenezek. Ilusionatuta, bigarren hitzordu hartan, proiektu musikalari izena jarri zioten. Lokalismoetatik abiatuta edota "mentoreen" omenez, askotariko izenak proposatu zituzten. Azkenean, txikitako marrazki bizidunen harira, Arranopolaren alde agertu ziren, WhatsApp taldeko inkesta baten bidez. 

Izena ipinita eta taldekideak lortzeko helburua ikusmiran, "kirol zuzendari" lanetan hasi ziren. Euren kontaktuekin harremanetan jarri, inguruko musika eskoletara mezuak bidali; hamarkada bat aurrerago, Iriondoren, Izquierdoren eta Jimenezen irakasle izandakoari ere idatzi zieten. Hala, Arranopolaren 11 partaide "titularrak" lortu zituzten; lau lasarteaoriatar, baita zenbait andoaindar eta donostiar ere. Nahiz eta Etxeberriak eta Jimenezek taldea "itxita" ez dela aditzera eman, adierazi dute estruktura "finkoa" izatea garrantzitsua zaiela, alde batetik, "boloetara" joatera konprometitzeko, eta bestetik, funtzionalki ezinbestekoa delako egitura abestiak instrumentuka ganoraz banatu daitezen. Hartara, Lasarte-Orian eta herriz herri jotzeko prest dira. 

Txaranga osatzean, Oaintxe in deu!-k orotariko laguntza eman zien instrumentuak erosteko eta kontu administratiboak kudeatzeko. Tira, euren bonboa ere erabili zuten arranopolatarrek, lehenengo entseguetan. Jasotako babesarekin oso eskertuta, gazteek sorpresatxoa egin zieten, Txaranga Egunean, hau da, oroigarriak eman eta testu bat leitu. "Zuek jarri zenuten lehenengo nota, guk jarraitzen dugu doinua" adierazpenarekin, argi utzi zuten beraiek gabe, eurak ez liratekeela existituko, eta ideia hori Lasarte-Oriakoak ez diren kideei "transmititzea" ezinbesteko dute. Orobat, Arranopolako partaide ugari Oaintxe in deu!-n jotzen hasi eta jarraitzen dutelarik, bertan ikasitakoak proiektu berrira ekarri dituzte, oinordekotzan; besteak beste, giro ona, komunikazioa eta gardentasuna: "Musika ogibide izatea zaila da. Hortaz, emandako aholkua ondo pasatzea da", izan zen Izquierdok gazteei emandako kontseiluetakoa.

Gomendioak gomendio, Oaintxe in deu! txarangaren hamargarren urteurrenean estreinatu ziren gazteak. Emanaldira iritsiko ez zirelarekin ikaratuta, entsegu "bereziak" egin zituzten, hots, astean bi izan beharrean, lau. Egindako lanarekin harro sentitu ez ezik, publikoak eta gainontzeko txarangetakoek emandako feedback onari esker, sekulako pisua kendu zuten gainetik, debut ostean. Musikalki ez zen emanaldi "perfektua" izan, baina proiektuak funtzionatzen zuela ohartu ziren. Geroztik, Zabaletako Jaiak, Errenteria eta Antiguo (Donostia) girotu dituzte. Estreinaldi gogobetegarriaren ondoren, "gehiago" disfrutatu omen dituzte azken ekitaldiak, lasaiago izan baitira. Era berean, San Pedro eta Sorgin Jaietan, lau saio egingo dituzte. "Urduri, baina pozarren", festetan aritzeko gogotsu dira, baita eskertuta ere, udalak eta sorginek eurak entzun aurretik festetan jotzeko aukera eman izanagatik.

Proiektu gaztea den arren, pronto dira Euskal Herriko txokoak alaitzeko; taldekideekin ongi pasatzeko aholkua gogoan dutelarik, etorkizunak zer "arranopola" eskainiko dien deskubritzeko grinatsu. Gertutik jarraitu beharko ditugu.

Atzera begiratzeko zenbait argazki

Herriko festetan debutatu zuten Oaintxe in deu!-ko kideek, eta egitarauan ez agertu arren, bi emanaldi eskaini zituzten.
 
Oaintxe in deu! Txaranga eratu zutenetik, Lasarte-Oriako askotariko ospakizunetan eta topaketetan parte hartu dute.
 
Lasarteoriatarrek ez ezik, inguruko herrietako pertsonek osatzen dute Arranopola Txaranga. 
Emanaldiaren ostean, 11 taldekideak pozik ziren Txaranga Egunean egindako estreinaldiarekin.
Erlazionatuak

Txaranga egunaren bideo laburpena

Txintxarri Aldizkaria mai 23 Gizartea

Txaranga doinuez beteriko eguna

Txintxarri Aldizkaria mai 18 Kultura