2015. urtean eratu zen Oaintxe in deu! Txaranga lasarteoriatarra. Hamarkada honetan zehar, herriko bizipozaren ikur bihurtu da; giro alaiak musikatzeko elementu ezinbesteko. Hortaz, egindako ibilbidea aitortzeko, ospakizun berezia antolatu dute, larunbat honetan: Txaranga Eguna. Horren harira, beste lau txaranga gonbidatu dituzte egun osoz udalerria musikaz girotzera.
Ospakizuna goiz hasi da, goizeko 10:30etan. Lasarte-Oriako txistulariek diana egin dute, Okendo Plazatik abiatuta eta Lasarte-Oriako kaleetatik barrena. Euren doinuekin pixkanaka-pixkanaka festa giroa sortu da, herrian.
Txistulariak txistulari, sorkuntza tailer berezia eraman dute aurrera, Okendo plazan, 11:00etan. Jarduera honek helburu izan du herriko haurrek txarangak ezagutzeko, instrumentu propioak sortzea. Bertan, txindatak egin dituzte, tronpetak eta marakak. Erabilitako materialak; tuboak, arroza eta plastikozko edalontziak izan dira, besteak beste. Era berean, irakasle izan dituzte Oaintxe in deu! Txarangako zenbait kide. Umeak oso gustura aritu dira. Gero, harro erakutsi eta erabili dituzte beraiek sortutako soinugailuak, baita txarangekin batera jotzeko baliatu ere.
Ordulariak eguerdia zela adieraztean, Oaintxe in deu! Txarangakoei omenaldia egin zaie, enparantzan bertan. Lehenengo, taldeko kide ugari, euren artean taldearen sortzaileak, oholtzaratu egin dira, eta elkarrizketa laburraren bidez, txarangaren historiaren inguruko lauzpabost pasadizo kontatu dituzte. Horren ondotik, Imanol Jimenez eta Juan Luis Eizmendi gogoratu dituzte, eta beren senitartekoei oroigarri bana banatu diete.
Donostiarrak egin dira Lasarte-Oriako kaleen jabe, 12:30etan. Ordu horretan partitu da Joselontxos Txaranga Jalgi taberneruntz. Estilo eta orotariko abestiez osatutako errepertoriarekin, herritarrak berehala jarri dituzte dantzan eta kantan. Eguzkia goi-goian zelarik, edateko eta hitz egiteko deskantsuak egin dituzte musikariek, noizbehinka. Buenetxearen terrazan ipini eta segidan, ibilbidea Ilargi tabernatik pasata, Okendon amaitu dute.
14:30etan, bazkaria. 240 bat lagun jateko. Txerrikiak, arrai pastela eta herriko hiru elkarte gastronomikoek prestatutako paella; Extremadura Etxeak, Semblante Andaluzek eta Ttakuneneak, hain zuzen. Goserik zirela, mahaikideak berehala eseri dira. Otorduan, antolatzaileek banatutako Oaintxe in deu! txarangaren urtemuga ospatzeko zapi berdeak mota askotariko kapelak bihurtu dira; ezkerra zein eskuinera, atzera zein aurrera begiratuta, norberak bisera propioa egin du. Postrea ere izan da; tarta.
16:30etan, Oaintxe in deu! txarangak hartu ditu kaleak LOZETen erraldoiek eta buruhandiek lagunduta. Okendotik Isla Plazarako bidea egin dute. Behin helmugara iritsita, Arranopola Txaranga gaztea bertan zen lekukoaren esperoan. Instrumentuak jotzen hasi aurretik, gazteek esker oneko testua irakurri diete, eta opariak eman, talde propioa sortzeko emandako laguntza eskertzearren. Ondotik, Arranopolak debutatu egin du. Publikoa gogotsu zen Lasarteko txaranga berria entzuteko; jendartean, kideen senideak agertu dira lehen kantarekin batera, telefono mugikorreko kamararekin argazkiak eta bideoak egiteko. Umore onez, Jaizkibel Plazarako bidea hartu dute.
Gaueko zortziretan, Mutil Gazteak Txaranga iruindarraren unea izan da. Talde hau Jazkibel Plazan hasi eta herrian barrena aritu da Okendo Plazaraino iritsi arte. Nahiz eta dagoeneko laugarren txaranga izan, publikoak indartsu jarraitu du doinuarekin batera disfrutatzen. Hamarretan, azken emanaldia Kalean Txarangaren eskutik. Gaueko hamabiak arte izan dira jotzen.
"Herrian eta herritik sortutako txaranga" izanda, Oaintxe in deuk! festa handia antolatzeaz gain, lasarteoriatarren esker ona jaso du, larunbat honetan. Lehenengo edizioa izanda asteburu hontakoa. Alabaina, ziur datorren urteei begira, maiatzeko larunbat bat txaranga doinuekin dantzatzen eta abesten pasatzea tradizioa izango da, Lasarte-Orian.