AURREKARIAK

San Joan bezperako suak berotu ditu herritarren gorputz eta bihotzak

Iñigo Gonzalez Sarobe 2025ko eka. 23a, 23:31

Gizakia gizaki izaten hasi zen momentutik ekin zion Lurraren aroak ospatzeari. Udaran sartu berritan, urteko egunik luzeenaz gozatu dute lasarteoriatarrek Andatza plazan, San Joan bezperako suaren bueltan. Horren aurretik dantza egin dute Erketz EDTko dantzariek eta udal korporazioko zenbait zinegotzik, Alboka Abesbatzakoek abestu eta Zero Settekoek akordeoiak jo bitartean. San Pedro Jaietarako prest daude denak.

Gauza txarrak sutara bota eta itxaropenez eta asmo onez gainezka etxeratu dira lasarteoriatarrak, Andatza plazan San Joan bezperako ospakizunaz gozatu ostean. Enparantza benetan zabala da hori baina une batzuetan txiki ere geratu da ia, azken urteetan baino jende dezente gehiago bertaratu delako ekitaldira, astelehena izan arren. 

Ohitura den moduan, Erketz EDTko dantzari eta musikariek eta udal korporazioko zenbait zinegotzik ekin diote ospakizunari, udaletxe zaharreko arkupetik atera eta Kale Nagusiko errepidean dantzatuta, pare bat minutuz. Ondoren, ilararen buruan jarri dira Erketzeko txistulariak eta, Hamelingo txirulariak bailiran, politikariak eta dantzariak gidatu dituzte Andatzaraino.

Bertan zain zituzten dozenaka herritar eta baita Alboka Abesbatzako nahiz Zero Sette Akordeoi Orkestrako kideak. Egun honek berezkoa duenaz aparte, magia kutsu are gehiago eman dio koreografiak, abestiak eta melodiak horren ederki uztartu izanak. 

Gaueko hamarrak jo dutenean, Agustin Valdivia alkateak zuzia hartu eta sua piztu du. Aurreko urtean ez bezala (euria egin zuelako barra-barra), garrek berehala hartu dute indarra eta bertaratu direnen gorputz eta bihotzak berotu dituzte, baita ikasle gazteenen apunte eta koadernoak erre ere.

Erlazionatuak

San Joan bezperaren bideo laburpena

Txintxarri Aldizkaria eka 23 Gizartea