"Borrokan jarraitzeko are indar gehiago emango digu txupinazoa botatzeak"

Txintxarri Aldizkaria 2025ko eka. 25a, 09:00

Urtarrilean 'Gure medikuak... non daude?' lelopean manifestazio jendetsua aurrera eraman zuen LOOPAk.

LOOPA PLATAFORMA - SORGIN JAIETAKO OMENDUA

Herrian dagoen behar baten bueltan "kontzientziak astindu eta energiak kanalizatzeko" ekimena izaki, urtebete pasatxoko ibilbidea daraman taldeko kideei "are gozoago" gertatzen zaie txupinazoa botatzearen "kariño keinua". Bihar izango dute horretarako aukera, Okendo plazan, 20:00etan.

Aurtengo edabe magikoarekin "herria sendatzeko" beharra ikusi dute sorginek, eta, norabide horretan, osasungintza sistema publikoaren garrantzia eta beharra aldarrikatzen ari den LOOPA Lasarte-Oriako Osasungintza Publikoaren Alde plataforma omenduko dute: "Gure esker ona adieraziko diegu, zaintzaren eta duintasunaren defentsan piztutako suagatik". Bihar hasiko dira Sorgin Jaiak eta orduan jaurtiko dute txupinazoa, Okendo plazan, 20:00etan. 

Egun seinalatu horren aurretik, elkarretaratze bat egin zuten joan den ostegunean Elizatze plazan, Osasun Publikoaren Aldeko Herri Plataformen Euskal Autonomia Erkidegoko Koordinakundeak deituta. Gipuzkoako mobilizazioa izan zen eta udalerrira ekartzea erabaki zuten, osasun zentroaren egoera "tamalgarriagatik". Aldarrikapen ekintza eta manifestazio artean, LOOPAko kideek tarte bat atera dute Sorgin Jaien aintzatespenaz eta orain arte egindako bideaz hausnartzeko.

"Herritik sortutako LOOPA bezalako ekimenak ez dira sortzen dominak biltzeko edota txaloak jasotzeko, herrian dagoen behar baten gainean kontzientziak astindu, pasibitateak apurtu eta energiak kanalizatzeko baizik", gogoetatu dute. Horregatik, "are gozoago" gertatzen zaie, beraiek bezala, "herritik sortutako Sorgin Jaiak bezalako jardueraren txupinazoa botatzeko kariño keinua". 

Herritarren "ezinegona" adierazteko

Duela urtebete pasatxo ekin zioten jardunari, "sinadura bilketa masibo batekin eta herrian azken hamarkadetako manifestazio handienera deituta". Geroztik hainbat mobilizazio, elkarretaratzea, mozio, hitzaldi, posta bidalketa... egin dituzte, "jarraipen handia" izan dutenak. "Herrian zegoen ezinegonari adierazteko bidea izan da gure meritu bakarra, izan ere, askok sufrimendu fisiko, psikologiko eta haserre handiak ere pilatuta dituzte, osasunerako oinarrizko giza eskubidea errespetatzen ez dutela ikusita".

Denbora horretan, "argi" ikusi dituzte gauza batzuk. Adibidez, "Osakidetzako arduradunen kudeaketa txarrak" eragin duela gaur egungo egoera: "Planifikazio falta, aurre egiteko ezgaitasuna eta osasun langileen ezegonkortasuna izan dira nagusi". Gestioa ez ezik, "ezarritako politika neoliberalaren emaitza" azpimarratu dute, "osasun publikoa pribatizatzeko lobbyaren interesetara" makurtu den politika: "Lehen Arretan gertatutakoa da adibide argiena, prebentzioa delako sistema sano baten oinarria. Logika merkantilari komeni zaio hori ahula izatea, ondorengo gastuak handiak direlako. Berriro esango dugu: diruzaleentzat osasuna ez da errenta, gaixotasuna baizik". 

Lehen Arretarekin jazotakoaren bide beretik doa, LOOPAko kideen esanetan, ezarri nahi duten sistema berritzailea. "Diziplina arteko taldeak bultzatu beharrean, horretarako prestatuta ez dauden erizain eta administratzaileak behartuko dituzte familien osasun erreferenteak izaten". 

Marko horretan, "bereziki larria" iruditzen zaio herriko osasun zentroaren egoera: "Ez dago jakiterik zenbat mediku dauden lanean. Eta okerrago, Osakidetzako arduradunek ez dute batere asmorik esateko, bertako langileei isilik egoteko abisuak emanda". Azpiegitura horren gaur egungo ezaugarriak "gardentasun falta eta beldurra" ere badirela gehitu dute.

Amaitzeko, gogoratu dute "kalitatezko osasun publiko baten alde" aritzeko sortu zirela, ez txupinazorik botatzeko. Edonola ere, "harro" botako dute: "Jakinda gaixotasunak ez duela oporrik hartzen, txupinazoak indar gehiago emango digu borroka honetan jarraitzeko. Jaiak bai, osasuna ere bai!".