"Promesen eta propagandaren" aurrean, "benetako konponbideak" eskatu dituzte

Txintxarri Aldizkaria 2025ko eka. 19a, 19:37

Lasarte-Oriako osasun zentroaren egoera horren da tamalgarria, non Osasungintza Publikoaren Aldeko Plataformen EAEko Koordinakundeak erabaki duen Gipuzkoako elkarretaratzea gure udalerrian egitea. Dozenaka pertsona bertaratu dira Elizatze plazara eta adi-adi jarraitu dituzte eragile horretako kideen aldarriak. Eusko Jaurlaritzako agintariak Euskal Osasun Ituna onartzear dutela zehaztu dute eta "denbora irabazteko eta herrritarrak desmobilizatzeko estrategia dela" salatu, "betiko murrizketa eta pribatizazio politika berberak aplikatzen jarraitzen duten bitartean". Osasunari "negozioa" lehenesten dion "eredu neoliberal" horren aurrean, planteamendu propio bat egin dute behin eta berriro mobilizatzen ari diren plataformek.

Mukuru zegoen Elizatze plaza 18:30ean, osasungintza publikoaren alde lanean ari diren herri plataforma guztiak koordinatzen dituen eragileak deitutako elkarretaratzea hasi denean. Euskal Autonomia Erkidegoko talde guztiak gidatzen ditu eta gaur hiru lurraldeetan egin dituzte mobilizazioak. Gipuzkoakoa gure herrian egitea erabaki dute, osasun zentroaren egoera "tamalgarriaren" aurrean mezu indartsu batzuk helarazteko agintariei.

Lehenik eta behin, jakinarazi dute onartzear dutela Euskal Osasun Ituna, Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu Alberto Martinezek berriki iragarri duenez. Lanketa hori kritikatu dute jarraian, izan ere, "baztertu" egin dituzte osasun publikoaren aldeko plataformak eta beste kolektibo batzuk, "osasun pribatuaren defendatzaileak gonbidatuak izan diren bitartean". Horri lotuta, deitoratu dute agintariek "zortzi hilabete" daramatzatela "osasun publikoak dituen egiturazko arazoei konponbiderik eman gabe". Horren jatorrian "pribatizazioa" dagoela nabarmendu dute eta "argi utzi dutela" Ajuria Eneatik politika horrekin jarraituko dutela, "ehunka milioi euro negozio pribatuetara desbideratuta, gardentasunik eta kudeaketaren kontrol publikorik gabe". 

Aipatu itun horren bidez "bere irudia garbitu" nahi dute Eusko Jaurlaritzakoek, EAEko herri plataformen koordinakundearen iritziz. Bestela esanda, "denbora irabazteko eta herritarrak desmobilizatzeko estrategia" iruditzen zaie: "Bitartean, betiko murrizketa eta pribatizazio politika berberak aplikatzen jarraituko dute". Horren adibide batzuk zerrendatu dituzte: ordutegiak murriztea, osasun zentroak eta EAG Etengabeko Arretako Guneak ixtea, pribatizazioetarako aurrekontua handitzea, mediku gabeko zentroak, pazienteak beste udalerri batzuetara joan behar izatea, itxaron zerrenda "lotsagabeak", plantillaren behin-behinekotasun handia... eta abar luze bat.

 

Bestelako eredu bat

Horren guztiaren aurrean, osasungintza publikoaren aldeko herri plataformek "eredu berri bat" proposatu diete eragile politiko nahiz sindikalei, Eusko Legebiltzarreko Osasun Batzordeari eta herritarrei. 

  1. Pribatizaziorik gabeko osasun % 100 publikoaren aldeko konpromiso irmoa hartzea eta pribatizatuak izan diren zerbitzu guztiak lehengoratzea.
  2. Lankidetza publiko pribatuko politikak eta aparteko orduak erabat baztertzea.
  3. Inbertsioa berehala handitzea, Europako batez bestekoarekin parekatzeko.
  4. Lehen Mailako Arreta eta Osasun Publikoa lehenestea. Horretarako diru gehiago inbertitu behar dute prebentzioan eta osasunaren sustapenean, baita herritarren osasunari eragiten dioten gizarte, lan eta genero baldintzatzaileen aurka borrokatzeko ere.
  5. Baliabide gehiago bideratzea osasun mentalera, arreta soziosanitarioan eta genero ikuspegia txertatzean, emakumeen osasunean berdintasuna eta ekitatea lortzeko.
  6. Plantilla nahikoa, egonkorra eta kalitatezkoa bermatzea.
  7. Herritarren parte hartzea eta kontrol demokratikoa.
  8. Baliabide propioak eta kontrol publikoa dituzten itxaron zerrendak nabarmen murriztea.
  9. Tolosaldean eskualdeko ospitale publiko bat sortzea, erreferentziazko azpiegiturarik gabeko osasun eremu bakarra baita.

Osasungintza publikoak "okerrera" egiten duen bitartean eta "egiturazko arazoak konpontzeko neurririk ez" dagoen bitartean, beharrezkotzat jo dute "presio sozialarekin eta mobilizazioekin" jarraitzea. Bide hori urratzen jarraitzeko deia egin diete sindikatu, pentsiodun, gizarte eta auzo erakunde, emakume, gazte eta bestelako kolektiboei. Bestalde, honako mezu garbi hau helarazi diete agintariei: "Utzi promesak eta propaganda. Benetako konponbideak nahi ditugu".