Aparkatu ezin den zaletasuna

Iñigo Gonzalez Sarobe 2025ko eka. 21a, 08:00

Motorzaleak, aurtengo rallyko ibilbide luzeari ekiten.

Buenetxea kafetegi-tabernan elkartu gara Scooter Club Euskadiko zuzendari Isa Lopezekin (Lasarte-Oria, 1972). Egun batzuk atzera, sekulako festa zuten taberna horretan, Vespa eta Lambretta marketako motorzaleen 25. rallyaren barruan. Konturatzerako, hilabete askotan antolatutakoa ziztu bizian igaro da, motorrak berak baino azkarrago, eta egindakoa baloratzeko unea da orain. Horri eta beste kontu batzuei buruz galdetu dioGU TXINTXARRI-kook.

Mahaietako batean edariak daude. Albokoan, paretaren ondoan dagoenean, Isaren kaskoa (motorra kanpoan aparkatu du). Eta hormaren goiko aldean, orain arte egindako 25 topaketen kartelen erakusketa koloretsua. Erdiak-edo falta dira, gutxi gorabehera, rallyan zehar besteak enkargatu eta erosi egin dituztelako motorzaleek. Nabaritzen da, antolatzen duten guztia bezala, mimoz eginda daudela. Zaletasun eta bizitzeko modu bat, dozenaka zentimetro luze eta zabal dituzten afixa batzuetan. Oraindik zintzilik daudenetako batzuk oroitu ditu Scooter Club Euskadiko zuzendariak, eta ez daudenetako zenbait ere bai, esate baterako, 2015ekoa: "Baserritar jantzitako emakume bat zen, motorraren gainean, soineko gorri batekin. Gogoratzen naiz partaideetako batzuek kolore horretako gona jantzi genuela rally horretarako". 

Motorzale berriak

Gure udalerria Vespa eta Lambretta motorren burrunbak hartu zuenetik igaro dira urte batzuk eta Lasarte-Oriako 11.a egin berri dute: "Igande arratsaldea [hilak 15] aprobetxatu genuen, dena amaitu eta jaso ostean, ordu batzuez hitz egiteko, lehen eginda geunden arren. Topaketen 25. urteurrena denez, ohi baino jende gehiago espero genuen, baina eguraldiak ez du batere lagundu eta Fermin Muguruzak larunbatean eman zuen kontzertuak ere eragin du. Hala ere, ohiko partaide kopurua izan dugu, eta, gainera, gidari berri batzuk animatu dira". Horietako batzuk Lleidatik (Katalunia) animatu dira aurten aurrenekoz, eta beste batzuk, Galiziatik. Horrek erakusten du zaletasun honen depositoa erregaiz bete-betea dagoela.

Isari iruditzen zaio "bete-betean" asmatu zutela, adibidez, larunbat gauean Vespa bat zuzenean zozketatzen, Buenetxean bertan. "Egitaraua ez da asko aldatzen urte batetik bestera baina saiatzen gara jarduera berriak sartzen". Tiburtzio Artizar tabernan jarri zuten ikusgai motorra eta garbi dago ikusmina eragin zuela, rallya egin baino hiru aste lehenago jarri zituztelako txartelak salgai eta denak agortu zirelako. "Herritar askok erosi dituzte eta baita kanpokoek ere: gure sare sozialen bidez harremanetan jarri ziren Lepe udalerriko (Huelva, Andaluzia) batzuk!". Ekimenari are bizitasun gehiago eman zion irabazi egingo zuena ekitaldira joan izanak.

Rallyari bizitasuna eman zioten baita ere kontzertuek. "Eguraldia txarra izan bazen ere, oso ondo atera ziren. Los Ragtones taldekoak, esaterako, duela zortzi urte jo zuten Lasarte-Orian eta itzuli egin dira aurten. Politak dira horrelako kasuak, Guadalajarakoak [Gaztela-Mantxa] direlako eta lurralde horretatik kanpoko aurreneko saioa gure rallyan egin zutelako".

Lehen aipatu moduan, urte berezia izaten ari da aurtengoa Scooter Club Euskadiko lagunentzat, 25. rallya egin izana ospatzen ari direlako. Horretarako, berebiziko ahalegina egin dute eta 2025 hasieratik ari dira jarduerak aurrera eramaten. Motorzaleen topaketa, egitarauko jarduera nabarmenena igaro berri bada ere, programa ez dute itxi eta udazkenerako ari dira beste ekimen batzuk prestatzen: egun bakarreko topaketa, bermuterako tartearekin eta zuzeneko kontzerturen batekin, eta elkarteko bazkideen urteroko bazkaria. Data definitiboak ez dituzte itxita oraindik baina horretan ari dira.

"Gustura gaude hemen"

Zergatik hasi ziren rallyak Lasarte-Orian antolatzen? Horri erantzuteko beste memoria ariketa bat egin du Isak. Aurrenekoak Donostian egin zituzten, garai horretako ohitura hirietan elkartzekoa zelako. Ondoren, elkarteari Scooter Club Euskadi izena jarri ziotenean, erabaki zuten Euskal Autonomia Erkidegoko hiru lurraldeetako hiriburuetan (Donostia bera, Bilbo eta Gasteiz) txandak egitea eta urtero horietako batera joatea. 2011ra arte eutsi zioten horri, probintzia horietako eragile bakoitzak bere bidea hartu arte. Gipuzkoako kideek erabaki zuten hemengo hiri eta herrietara itzultzea. "Donostian eta Hondarribian izan ginen urte batzuez, 2015ekoa Lasarte-Orian egitea proposatu nuen arte", oroitu du. "Ordurako buru-belarri nenbilen antolakuntzan sartuta [2011n hartu zuen aurreko lehendakariaren lekukoa] eta Zero Sette orkestran aritzetik ezagun eta kontaktuak banituen. Iradokizun hori egitea erabaki nuen eta gaur arte, gustura gaude hemen".

Joan den urtean oroigarri bat eman zieten udal ordezkariei, Lasarte-Oriako 10. rallyaren atarian (Isa Lopez ezkerrean dago).
Lasarte-Oriako lehenengo rallya 2015ekoa izan zen. Argazkian, Okendo plazako erakusketa eta, iskin batean, urte horretako topaketako kartela.

Bikotekidearengatik, Ramon Anguianorengatik sartu zen Isa Vespa eta Lambretten munduan. "Kuriosoa da. 18 urterekin atera nuen gidabaimena eta ordutik izan dut aukera motorrak gidatzeko, baina beti izan naiz autozaleagoa. Aitak bazuen Vespa bat etxean baina ez nuen ukitu ere egiten, Ramonekin hasi nintzen arte". Laguntzaile gisa joaten zen rally eta bestelako ekimenetara, egun batean gidari izateko urratsa egin zuen arte. "Harrituta" utzi zuen Ramon. Ez du gogoratzen zehatz-mehatz zein urtetan izan zen, baina bai abuztua zela. "Araeta jatetxeko parkinera joan ginen Ramon, elkarteko lagun bat eta hirurok. Hala ez dirudien arren, oso lotsatia naiz eta urduri nengoen niri begira zeudelako. Halako batean, bertatik atera eta buelta luzeago bat ematea erabaki nuen, Txiki Erdi, Geltoki kalea eta Hipodromo etorbidean barrena joanda, aparkalekura itzuli arte". 

Hamabost egun geroago rally bat egin zuten Logroñon (Errioxa), eta bere ibilgailua prestatzeko esan zion Ramoni, haraino gidatzen joatea erabaki zuelako. Ez zuen azkar konbentzitu, baina azkenean bai. Eta horrela, gaur arte: "Motorra ez dut berriro aparkatu". Etorkizunera begira, elkartean bera bezalako emakume gidari gehiago nahiko lituzke; gaur egun, hiru dira.

Erlazionatuak

Motorrek hartu dute herria

Txintxarri Aldizkaria eka 14 Gizartea