Goizeko 10:00etan gerturatu dira lehen motorzaleak, Okendo plazara. Zita berezia izan dute gaurkoa Scooter Club Euskadik aurten 25. rallya ospatzen dihardu-eta. Vespekin ala Lambrettekin, enparantza motorrez bete dute. Kolore biziak, pegatina kuriosoak edota gurpildunekiko afizioak orotariko publikoa erakarri dituzte erakusketara. Euria egin arren, jende mordoa bildu da. Askok gertutik miatu dituzte garraiobideak. Ikusitakoarekin harrituta, telefono mugikorrarekin argazkiak egin dituzte ziurrenik urkoei erakusteko asmoz. Era berean, haurrek garai bateko motorrak aurrean izan dituztelarik, aspaldiko automobilekin gozatu dute.
Motorrak motor, Txalagore taldeak giroa txalaparta, trikitixa eta pandero doinuez alaitu du, Artizar tabernan egindako barrikotea. Euskal kantutegiko abesti klasikoak joz eta abestuz, mokadu goxoak jan dituzte, kupelatik bertatik eskuratutako sagardo frexkoarekin batera. Bien bitartean, salmenta postuak ere izan dira, Okendon. Bertan, askotariko produktuak saldu dituzte Scooter Club Euskadikoek; besteak beste, kamisetak, telazko poltsak eta pegatinak.
Bazkalorduan, motorzaleek kaskoak eta txusbakeroak ipini eta Okendotik partituta, ibilbideari ekin diote. Gasolina usaiez eta motor soinuez bete dute herria eta Oriaruntz abiatu dira Gipuzkoako zenbait herrietatik barrena aritu ondoren, Hernanira ailegatu eta denek batera Jauregi jatetxean bazkaltzeko.
Arratsaldean eta igandean, gehiago
Ospakizunak arratsaldean ere jarraituko du. Izan ere, motorren erakusketa egingo da, Andapa kalean, 18:30etatik aurrera. Gaueko hamarretan, Vespa TX 200 motorraren zozketa. Buenetxea kafetegi-tabernan amaituko da gaurko festa. Bertan, The Storninos eta Los Ragtones taldeen kontzertuak eskainiko dira. Jarraian, Rudy Garcia eta Zamorano DJen saioak.
Bihar, igandean, ekitaldi gehiago egingo dira. Goizean goiz, 11:15etan, motorzaleak Zirkuitu bidean elkartuko dira. Jarraian, ibilbideari ekingo diote. Horren ostean, bermuta eta Thee Eliam taldearen kontzertua, Arkupe tabernan. Aurtengo rallyarekin amaitzeko, denek batera bazkalduko dute, taberna berean.