Ez dute borrokatzetik jubilatzeko asmorik

Iñigo Gonzalez Sarobe 2024ko abe. 12a, 12:52

Pentsio publikoen orainaz eta geroaz gogoeta egiten itxi du urtea Borobilean Elkarteak. Gai horren bueltan lanean ari diren eragileetako lau kide gonbidatu dituzte: Euskal Herriko Pentsionisten Mugimenduko kide Karlos Etxeberria, Oneka plataformako ordezkari Nekane Berriotxoa, Duintasuna elkarteko kide Joxean Urkiola eta Irungo Pentsionisten Mugimenduko ekintzaile Sole Agirre. Bakoitzaren hasierako hitzartzearen ostean, solasaldira batu dira Oriarte Landaberrira bertaratutako herritarrak.

Oneka Emakume Pentsiodunen Plataformako kide Nekane Berriotxoak argi esan du: "Zahartzaroa ez da gaitza, bizitzako etapa bat baizik". Fase horretara iritsi direnek ere, jakina, badituzte kezkak, mahai inguruko sarrerako hitzartzean saioaren moderatzaile Olatz Arozenak nabarmendu duenez: "Zenbat urterekin jubilatu ahalko naiz, eta, erretiratzerakoan, zenbat euroko pentsioa kobratuko dut hilero?". Gai hori "orainekoa eta etorkizunekoa" dela esan du segidan, izan ere, "gaurko soldatek baldintzatuko dituzte biharko pentsioak". Zentzu horretan, oso kontuan izateko gauza bat jarri du mahai gainean: prekarietatea. Aurreko logika berari jarraituta, oraingo ordainsariak prekarioak badira, etorkizuneko pentsioak ere halakoak izango direlako.

Pentsioen gaur egungo egoera ez da ona, eta, hori berresteko, azaroko bi datu eman ditu Arozenak: batetik, Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) 581.539 pentsiotatik %40,8 ez direla iritsi lanbide arteko gutxieneko soldatara (aurtengoa 1.134 eurokoa da); eta, bestetik, proportzioan gizon (EAEko pentsiodunen %23,6) baino emakume gehiago (%56,4) kaltetu dituela horrek. "Gizartearen egiturazko arazoetako bat da soldata arrakala eta eragina du pentsiodunak diren emakumeengan ere". Gaia kokatuta, hilabete honetako saioko gonbidatuak aurkeztu ditu Arozenak eta galdera pare bat egin dizkio bakoitzari.

Karlos Etxeberria, Euskal Herriko Pentsionisten Mugimendua

Borobileanek antolatutako mahai inguruek balio dute gai interesgarri askori buruz hitz egiteko, hausnartzeko eta gogoetak partekatzeko, eta baita gauza gehiagotarako ere. Adibidez, ia bi hamarkadaz lantoki izandako ikastetxera itzultzeko ere. Karlos Etxeberria donostiarra Euskara irakasle izan zen institutuan 2000tik 2017ko abendura arte. Erretiroa hartu zuen orduan eta jubilatzearekin batera hasi zen sortu berria zen Euskal Herriko Pentsionisten Mugimenduan parte hartzen. Zazpi urte hauetan ekimen "asko" egin dituztela eta horregatik Hego Euskal Herrian nahiz Espainiar Estatuan "oso errespetatua" den talde bat dela nabarmendu du. 

"Pentsiodunen eskubideen murrizketak" ekarri dituzten neurri eta faseak ere errepasatu ditu, horren guztiaren "iturburua" 1995eko Toledoko Ituna izan zela azpimarratuta. Aipatu ditu baita ere 2011ko eta 2013ko erreforma "estrukturalak", eta, batez ere, 2018an Espainiako Gobernuko Enplegu ministro zen Fatima Bañezek pentsiodunei bidalitako eskutitza: "Jakinarazi zigun gure pentsioak %0,25 igoko zituela gobernuak eta horrek sutan jarri gintuen; orduan hasi ginen kaleak hartzen". Oso-oso jendetsuak izan ziren urte horretako manifestazioak, astelehenetakoak batez ere, gaur egun aurrera eramaten jarraitzen dituztenak. Urtebete geroago, gogoeta egin eta euren borroka gizarteko sektore gehiagotara (langileak, feministak, gazteak...) zabaltzea erabaki zuten, aldarrikapenei beste dimentsio bat emateko. Urteotako eskakizun entzutetsuenak pentsio denak 1.080 eurora arte osatzea eta erretiro adina 65 urtera itzultzea (gaur egungoa 67 urtetan dago) izan dira.

Pentsiodunen mugimenduak gaur-gaurkoz esku artean duen gai garrantzitsuenetako bat da irail amaieran Eusko Legebiltzarrean aurkeztu zuen herri ekimen legegilea. "Lege proposamen bat da, eta, besteak beste, eskatzen dugu pentsioak osatzea lanbide arteko gutxieneko soldatara arte [1.134 eurokoa da aurten] eta 60 urtetik gorako pentsiodun guztiei aplikatzea". Legebiltzarreko mahaiak urriaren 29an onartu zuen ekimen hori, eta, Etxeberriak jakinarazi duenez, mugimenduko kideek espero dute hilaren 20an jakinaraztea ofizialki sinatzeko tramiteak hasiko dituztela. Ondoren hasiko da eragilea herritarren atxikimenduak biltzen, urtarrilean: herriz herri jarriko dituzte mahaiak, baita Lasarte-Orian ere. Gutxienez 10.000 sinadura behar dituzte, baina "askoz gehiago" jasotzeko asmoa dute.

Nafarroan, berriz, balioan jarri du datorren urteko aurrekontuetarako egin duten akordioa: gobernuak 1.035 eurora arte osatuko ditu pentsioak (gaur egun 899 eurora arte osatzen ditu). Bi autonomia erkidegoetan urratsak egiten ari diren arren, "inposatuak" izan diren bi marko horiek pentsionisten mugimenduko jardunbide orokorra zailtzen duela onartu du.

Nekane Berriotxoa, Oneka Emakume Pentsiodunen Plataforma

Pozarren ekin dio bere hitzartzeari Berriotxoak, esan behar zituenak adi entzuteko prest emakume dezente ikusi dituelako: "Ez da ohikoa izaten". Pentsioei buruzko aldarriekin lotutako beste eragile asko eta asko bezala, 2018an eratu zuten Oneka plataforma: "Urte horretan hasi ginen mobilizatzen, eta, LAB sindikatuak bultzatuta, emakumeak ginenak elkartzen hasi ginen". Euren egoera zeinen prekarioa zen ikusita, gizonenekin alderatuta are okerragoa, talde bat eratzea erabaki zuten, Donostiako Emakumeen Etxean aurkeztu zutena. Geroztik, helburu hauekin ari dira lanean Hego Euskal Herriko lau lurraldeetan: "Arazoa gizarteratzea, herritarrak sentsibilizatzea, eta, nola ez, emakume pentsiodunon egoera aldatzea, borrokaren bidez". Hilean behin elkartzen dira eta uneotan datorren urterako ekintzak zeintzuk izango diren zehazten ari dira.

Emakume asko eta askoren pentsioak gizonenak baino baxuagoak izatearen atzean dagoena azaleratu du ondoren. Faktore nagusietako bat, Berriotxoaren iritziz, lanean hasi eta urte gutxitara ogibideak uztea izan da, gehienetan, seme-alabak zaintzeko. "Argi esango dut: emakumeok izorratu egin gaitu zaintzak". Ordainsarietan arrakalak izateko beste motiboetako bat da emakumeen lanbideak prekarioak izatea. Hilero-hilero diru gutxiago jasotzeak, gainera, "ondorio eta kalte ugari" dakarzkie, eguneroko bizitzan nabaritzen dituztenak: "Etxebizitza baldintzak, eros ditzakegun elikagaiak...".

Berriotxoak adierazi du kosta egiten zaiela emakumeak mobilizatzea: "Ohitura faltagatik izan daiteke eta baita ere egunerokoan dituzten baldintza txarrek eragindako motibazio faltagatik ere". Edonola ere, tinko jarraitzen dute arestian aipatutako helburu horiengatik lanean, bidean zenbait oztopo topatzen ari badira ere: "Digitalizazioarena, adibidez, oso gaizki daramagu, erakundeetan-eta gero eta tramite gehiago horrela egin behar izatea". 

Joxean Urkiola, Duintasuna elkartea

Pentsiodunen baldintzak okertu eta eskubideak murriztu dituzten erreforma gehienak txarrak izanagatik, itxaropenerako bidea ireki du Urkiolak: "Indarra egiten eta borrokatzen jarraitu behar dugu, ikusi dugulako gai garela agintariengan eragiteko, guretzat kaltegarriak diren neurriak atzera bota eta premiazkoak onar ditzaten". Horren adibide dira, Duintasuna elkarteko kidearen esanetan, pentsioak urtero Kontsumo Prezioen Indizearen (KPI) arabera eguneratzea eta jasangarritasun faktorea delakoa bertan behera uztea. Azken hori PPren erreformetako baten giltzarria zen, eta onartu zutenean agintarien asmoa zen pertsonek kobratu beharreko pentsioak berriro kalkulatzea, bizi itxaropena aldagaien artean sartuta: gero eta gehiago bizitzen garenez batez beste, urtero kobratu beharreko kopurua murriztu egin nahi zuten.

Pentsioei buruzko erabaki denak Espainiako Gobernuak hartzen ditu, Madrilen. "Gernikako Estatutuan jaso zuten eskumen hori autonomia erkidegoei emango zietela eta lau hamarkada pasatxo geroago, zain jarraitzen dugu...". Norabide horretan, Urkiolari beharrezkoa iruditzen zaio gai horri "hemen bizi, hemen erabaki" deritzona aplikatu eta konpetentzia hori dagokien autonomia erkidegoei ematea gobernu zentralak. "Dagoenetik zer aldatu, ona zer den, txarra zer den... Guk erabaki beharko dugu, ezta?".

Egunen batean hori erdietsita ere, jasangarria izango ote litzateke pentsio sistema publiko bat kudeatzea, adibidez, Euskal Autonomia Erkidegoan? Hori galdetu dio Arozenak. "Eta zergatik ez? Dirua egon badago, argi dago, kontua da agintariek zertara bideratzen duten". Horri lotuta, azpimarratu du "aukerak" daudela poltsa publikora diru gehiago sartzeko, honako adibide hau jarrita: "Demagun langile batek 1.134 euro kobratzen dituela hilean. Behargin horrek irabazten duenaren %100a kotizatzen du Gizarte Segurantzan. Imanol Pradales lehendakariak, berriz, 112.000 euro pasatxo irabazten ditu urtean eta horren erdia besterik ez du sistema publikoan kotizatzen". 

Sole Agirre, Irungo Pentsiodunen Mugimendua

Borrokalaria eta ekintzailea dela lehen unetik argi utzi du Irungo Pentsiodunen Mugimenduan aritzen den Sole Agirrek. Gizarte mugimendu jendetsu eta kementsu bat sortzearen oinarrietako bat indar guztiak norabide berera bideratzea dela iruditzen zaio: "Argi izan genuen bigarren mailakoak izan zitezkeen eztabaidak, ideologiak eta bestelakoak albo batera utzi behar genituela, benetan arduratzen gintuzten gaietan fokua jartzeko". Hori ezarrita, hasieran hiruzpalau pertsonakoa zen ekimen bat asko zabaltzea lortu dute, 140-180 pertsona artean elkartzeraino astero. "Kopuruaren dantza egiten duen hotzaren araberakoa da", bota du, umorez.

Irunen egiten duten hori oso bideragarri ikusten du udalerri horren "tipologia oso antzekoa" duen Lasarte-Orian ere. "Indartsuagoa izan dadin hau, ea animatzen zareten herri honetan ere taldea osatzera eta manifestatzera; ia 200 udalerri gara, beharrezkoa bada etorriko gara beste toki batzuetakoak laguntzera. Elkarrekin indartsuagoak gara, ez dugu nahi inor bakarrik utzi, elkar babesten dugu eta informazioa partekatzen dugu guztion artean". Solasaldi irekiaren tartean aipatu dutenez, gure herrian izan genuen ezaugarri horietako talde bat, 2018ko martxotik 2021eko azarora arte lan egin zuena. Esteka honetan duzue koordinakundeak kaleratutako komunikatua, jarduera etengo zutela iragarri zutenean. 

Borrokatzearen motiboetara itzulita, Agirren nabarmendu du pentsiodunek nahi dutela euren eskubideak errespetatzea, "bizitzaren azken etapa ahalik eta duinen bizitzeko". Horri lotuta, argi utzi du ez direla adinekoengatik soilik lanean ari, baita euren seme-alaba eta bilobengatik ere. "Pertsonen duintasunagatik eta kalitatezko sistema publiko batengatik borrokatzen ari gara".