Askatasunaren parkean egin du Borobilean elkarteak iazko ikasturtearen balorazioa, sorreraren berri emateko aukeratu zuten leku berean. Bertan izan dira elkarteko kide Ixiar Arteaga, Joxe Mari Agirretxe, Xuar Agirre, Pablo Barrio, Olatz Arozena, eta Zigor Iriondo. Arteagak izan du balorazioaren berri emateko ardura, eta egindakoari begiratuta, jasotako inpresioak partekatu ditu.
Nabarmendu du "aberasgarria, parte hartzailea eta motibagarria" egin zaiela elkartean jardutea. Azalpen horri jarraiki, gogoratu du zazpi gai jorratu dituztela urtebete horretan, eta horietan hitz hartzeak "askotarikoak" izan direla. Komunikazioaz, zaintzaz, osasun publikoaz, gizontasunaz, belaunaldien artekotasunaz, gazteak eta gaztetxeez, eta euskalgintzaren norabideaz aritu diren ahotsak askotarikoak izan direla ere azpimarratu du. Horiei, gainera, "ertz ezberdinetatik" eltzeak saioak aberastu dituela ere azaldu du.
Saio horietara guztietara gonbidatutako hizlarien prestutasunaz mintzatu da gero, eta, esan, "parte hartzailea" izan dela horien guztien jarrera. Eskertzeko ere baliatu du hitzartzea, eta bertaratu diren partaideak ere ahotan izan ditu: "Deialdia zabaldu, hitzordura bertaratu eta iritzia emanez parte izan direnak eskertu nahi ditugu". Jakinarazi du 40tik gorako asistentzia izan dutela saio guztiek. Gogoan izan dituzte euren deialdien berri eman eta egitasmoez informatu duten komunikabideak ere.
Hori guztia kontuan hartuta, deialdiek izandako erantzuna "motibagarria" izan dela gaineratu du, eta, adieraz, osasun publikoarenak, gazteenak eta gizontasunaren gaiek jarraikortasuna izaten ari direla ikustea ere halakoxea dela.
Hitzartzeak eta aurreikuspenak
Arteagaren azalpenen ostean, arestian aipatutako kideek ere hitz egin dute, eta datpzen hilebeteetarako aurreikusi dituzten saioen berri eman dute.
Hilaren 24koa, asteartearekin, izango da lehena. Lasarte-Oria, herritarrak, eragileak, komunitatea...elkarrekin eraikitzen. Ari gara? izango da hizketarako gaia, eta hortaz hitz egiteko Josemi Zumalabe fundazioko kideak gonbidatuko dituzte. Horren gainean Agirretxek azaldu du komunitatean eta Lasarte-Oria herriaren eraikuntzan begirada jartzeko nahitik sortu dela gai hori jorratzeko proposamena. Barriok ere hitz egin du horren gainean, eta, honakoa esan: "Borobileanek egiten dio erreferentzia komunitateari, herriari. Hainbatetan esaten da herria etxebizitzen batuketa edo multzo bat dela, eta ez da hori, ezta norbanakoen batuketa soil bat, baizik eta zerbait gehiago". Hori esanda, lanketa hari horri tiraka egin asmo dutela zehaztu du.
Urrian, berriz, kultur aniztasunaren gaineko tertulia bat izango dela jakinarazi dute, eta, hizlariak hauek izango direla: Hernaniko Amher elkarteko kideak, Zarauzko Zaraueta ikastetxekoak eta Zaldibiako esperientzietan aditu direnak.
Azarokoa ere zehaztuta dute. Etxebizitza eskubideaz ariko dira solasean, askotariko etxebizitza ereduak mahai gainean jarriz. Horren gaineko xehetasunak emateko Xuar Agirre gazteak hartu du hitza, eta, hasteko, gogorarazi du pasa den ikasturtean gazteen eskutik aurrera eramandako saioa. Lasarte-Oriak duen espazioen gabezia landu zuten orduko hartan, eta, azarorako iragarri dutenaz hitz egin du gero. Hizlari gonbidatuak nortzuk izango diren zehaztu du: Aizpea Otaegi Errenteriako alkatea, Agurtzane Solabarrieta Usurbilgo alkatea eta azkenik Agirre bera; azken horrek etxebizitza kooperatiboen gainean egindako lanaren berri emango die bertaratzen direnei.
Abenduan, berriz, Euskal Herriko pentsiodunen ametsak, aldarrikapenak eta borrokak izango dituzte mintzagai, eta horri erreferentzia eginez, Arozenak hartu du hitza. Esan du gizartean pentsio sistemaren gainean dagoen kezkatik abiatuta, oraina eta etorkizun lotzen saiatuko direla saio horren bitartez: "Egungo enpleguak garrantzia dauka, etorkizuneko pentsioan baldintzatuko dituelako, beraz, iruditzen zaigu gai hau ere interesgarri izan dakiekeela herritarri". Gainera, jakinarazi du saio horretarako asmoetako bat dela pentsiodunen mugimenduko kideak gonbidatzea; horien artean izango dira Onekako kideak ( Euskal emakume pentsionisten plataforma) ere.
Urritik abendura bitarte deitutako saio horiek zein egunetan izango diren aurrerago zehaztuko du lantaldeak.
Hiru tailer
Gizontasunaren gaiari jarraipena emateko asmoa ere agertu dute. Joxe Mari Agirretxe mintzatu da horren gainean, eta honako adierazpenok egin ditu: "Lasarte-Orian geure burua interpelatuta ikusten genuen Borobileaneko gizonok ere. Nolabait ekin horri eutsi nahi genion, emakumeak, aspalditik horretan, ekinean ari direla ikusita, eta denona eta denontzat izango den mundu batek guztion parte hartzea eskatzen duela. Hori hala izanik, Hiruki Larroxako kideekin ekintza bat aurrera eraman genuen, eta 30 gizon batu ginen hausnarketarako saio hartan. Aho zapore ona utzi zigun, eta aurrera begiratzeko borondatea ere bai". Hori hala izaki, ikasturte honetarako hiru tailer antolatu dituzte, horiek guztiak Hiruki Larroxako kideekin batera egingo dituztenak. Gainera, udalarekin elkarlanean burutu ahal izateko nahia ere agertu du, eta, esan, hori hala izan dadin proposamena helarazi diotela erakundeari.
Agerraldia amaitzeko, herritarrak hemendik aurrerako deialdietan parte hartzera gonbidatu dituzte.