Borobilean Elkarteko kide eta atzoko hizlarietako bat izan zen Xuar Agirrek sarreran bota zituen datuak izan ziren entzun eta eserlekutik ziztu bizian altxatzeko modukoak, aretotik azkar ospa egiteko. Inork ez zuen hori egin eta eskerrak, bi ordu oso interesgarri eta emankorrak izan zirelako, pil-pilean dagoen gaietako bati buruz: etxebizitza. Kontu hori kalean dagoela nabaritu zen, mahai ingurua hasi aurretik jarritako baino aulki gehiago ekarri behar izan zituztelako antolatzaileek, Oriarte Landaberrira bertaratu ziren guztiek eserita jarrai zezaten saioa. Horrek, Agirrek aipatu zuenez, poztu ditu Borobileanekoak, jorratzen dituzten gaiek interesa pizten segitzen dutelako. Atzokoan, gainera, eta inork ez dezala gaizki hartu, ikus-entzuleen batez besteko adina ohikoa baino baxuagoa izan zen, gazteei zuzen-zuzenean eragiten dien aferetako bat delako. Otaegik eta Solabarrietak ere goraipatu zuten hori.
Zeintzuk izan diren Agirrek aurkezpenen txandan aipatu zituen datu horiek? Begira: Lasarte-Oriari dagokionez, etxe bat merkatu librean erosteagatik 294.884 euro pagatu behar dituela herritar batek batez beste, eta, baten batek pentsatua badu alokatzea, kasik hobe duela etsitzea, Idealista atarian iragarki bakarra zegoelako atzo arratsaldeko zazpietan: hilabetero 1.100 euro eskatzen dituzte Beko Errota kaleko 2. zenbakian dagoen bi logelako apartamentu batengatik. Kronika hau argitaratzeko unean berriz begiratu du kazetariak eta bigarren iragarki bat azaldu zaio: Hipodromo etorbidean, bi logela, 1.150 euro hilean.
Ahoan bilorik gabe hitz egin zuten Errenteriako eta Usurbilgo alkateek: etxebizitza larrialdiaren garaian bizi gara eta egoera oso kezkagarria da. Edonola ere, horrek ez du esan nahi etsi dutenik eta ezer egiten ari ez direnik: Oarsoaldeko udalerri hori eremu tentsionatu izendatu izanaz aritu zen Otaegi; Solabarrieta, bestalde, gure eskualde berean (Buruntzaldea) eta mugakide dugun herriko proiektu aitzindari batez jardun zen, belaunaldi desberdinak komunitate berean bildu dituen Txirikorda izenekoaz, hain zuzen ere. Ondoren, Agirrek etxebizitza kolaboratiboak izan zituen hizpide; horiei buruz ondu du bere Gradu Amaierako Lana, unibertsitatekoa. Aretoa bete zutenek interesez jarraitu zituzten hiruen gogoetak eta amaiera aldera aukera izan zuten gonbidatuei galderak egin eta hitz egiteko. Ongi asko baliatu zuten txanda hori, 21:00ak jotzear zirela antolatzaileek saioa bukatu zela ohartarazi zuten arte.
Espektatibak "neurriratu" beharra
Errenteria izan da Etxebizitza Merkatu Eremu Tentsionatu izendatua izan den Hego Euskal Herriko lehen udalerria (urriaren 2an), arrazoi hauengatik: bertako biztanleek diru sarreren %30 baino gehiago erabili behar dutelako hileroko hipoteka edo alokairua ordaintzeko; etxe bat alokatzeko prezioa Kontsumo Prezioaren Indizea (adierazle horren portzentajea gehi hiru puntu gehiago) baino gehiago hazi delako azken bost urteetan; eta gizakien oinarrizko eskubideetako bat den hori ez delako eskuragarria eta erakundeek esku hartu behar dutelako horretan. "Alor horretan eragin nahi badugu, ekinbide asko jarri behar ditugu martxan", nabarmendu zuen Otaegik. Horietako batzuk aipatu zituen, hala nola, hutsik dauden etxebizitzetako jabeek Ondasun Higiezinen gaineko Zergaren (OHZ) %150eko errekargua ordaintzea edota apartamentuak alokairuan jarri nahi dituztenei dirulaguntzak ematea, baldin eta horretarako prestatzerakoan erreformak egin behar badituzte.
Udalerriak eremu tentsionatu izendatzea "aurrerapauso handia" den arren, honakoaz ohartarazi du Errenteriako alkateak: "Beldur naiz ez ote garen espektatiba handiegiak sortzen ari gai horrekin; neurriratu egin behar ditugu, izendapenak berak ez duelako etxebizitzaren gaur egungo egoera irauliko". Estatus hori duten udalerriek eskumena dute eragiteko, adibidez, alokairuaren prezioaren igoerak izozten; hori bai, izoztuko lituzketen etorkizuneko garestitze horiek gaur egungo merkatu libreko prezioen araberakoak lirateke. "Errenterian ez dugu hilero 850 euro baino merkeagoa den alokairurik".
Arazo guztiak egun batetik bestera konponduko dituen miraria ez bada ere, Otaegiri "interesgarria" iruditzen zaio udalerri denek eremu tentsionatu izendatzeko eskaera egitea, are gehiago Donostiaren "logika metropolitanoaren barruan daudenek: Lasarte-Oria bera (irail amaieran egin zuen eskaera eta Agustin Valdivia alkateak azaldu zuen hiru bat hilabete barru etorriko dela izendapen ofiziala) eta Usurbil, besteak beste. "Etxebizitza politikak ez du ulertzen udalerri mugez".
Belaunaldiak txirikordatzen
Eremu tentsionatuaren aferari heldu zion Solabarrietak bere hitzartzeari ekiteko. Jakinarazi zuen "etxerako lanak" egiten ari direla eta urtarrileko ohiko bilkurara eraman nahi dutela gaia. Horren ostean hasi zen Txirikorda egitasmoaz hizketan, maiatzean inauguratu zuten belaunaldi desberdinentzako etxebizitza komunitarioez.
Proiektuaren izenak berak dioen moduan, udalaren helburua zen 18 eta 30 urteko gazteak 65 urtetik gorako adinekoekin (bakarrik bizi direnak) "txirikordatzea, elkartzea, lotzea". Txirikorda gauzatzeko "orri zuri batetik" abiatu zirela gogoratu zuen alkateak eta bidean nahi baino oztopo gehiago (garapen urbanistiko hori kudeatu duen enpresa kontratatzailearen aldetik, batez ere) izanagatik, gauzatzea lortu zutela eta "oso arrakastatsua" izaten ari dela. Azaldu zuen aurrekontua 2.100.000 eurokoa izan zela eta aurrera egiteko "erabakigarria" izan zela Eusko Jaurlaritzaren 640.000 euroko ekarpena.
Gazteak bost urtez biziko dira Txirikordan; adinekoak, berez, ere bai, baldin eta denbora horren buruan euren egoera aldatu ez bada. "Hala ez bada jarraitzeko aukera emango diegu, ez ditugu kanporatuko". Hilero ordaindu beharrekoa bi zatitan banatzen dute: batetik, dirua (gehienez ere bizilagun bakoitzaren errentaren %15), eta, bestetik, komunitate lanetan egin beharreko zortzi ordu. Horrelako adibide gehiago eman zituen Solabarrietak eta azpimarra jarri zuen arkitekturan: "Proiektu honi buruz hitz egiten dudan bakoitzean udaleko arkitektoak zoriontzen ditut, oso garrantzitsua delako arkitektura zein ikuspuntutik egiten duzun. Txirikordaren kasuan, bete-betean asmatu dute".
Etxebizitza kolaboratiboen onurak
Agirrek etxebizitza kolaboratiboei buruzko Gradu Amaierako Lana egin du, unibertsitaterako. Adiera hori "neologismo bat" dela azaldu zuen eta Europa iparraldean duela jatorria, 70. hamarkadan; cohousing deitzen zaio. "Orain iristen ari da Euskal Herrira". Norabide horretan, Bizkaiko landa eremuan dauden hiru proiektu aztertu ditu: Ametxe, Ankurkulu eta Boronabilla.
Horien sustatzaileak elkarrizketatu ditu eta konturatu da "alternatiba erreala" dela etxebizitza kolaboratiboena, "gaur egungo logika neoliberalaren ezaugarri ezkorren aurrean". Azken etxebizitza horiek garestiak, komunitate harremana apenas sustatzen dutenak eta jasangarritasun gutxikoak diren bitartean, cohousing kontzeptuaren bueltan martxan jarritakoetan bizi direnek baldintza duinagoak dituzte, eredu jasangarriagoak bilatzen dituzte eta komunitate oso indartsuak dituzte. Edonola ere, abantailak nabarmenak izanagatik Hego Euskal Herriko instituzioek ez dute interesik gisa horretako proiektuak aurrera eramateko, Agirreren ustez.
Arestian esan bezala, mahai ingurura joandakoek galderak eta gogoetak egiteko txanda ireki zuten ondoren. Ia 21:00ak arte solasean jarraitu zuten eta Borobileaneko kide Ixiar Arteagak hartu zuen hitza orduan, saioa amaitutzat eman behar zutela ohartarazi eta hurrengo borobileko gaia aurreratzeko: Euskal Herriko Pentsionisten Mugimenduko kideak etorriko dira Oriarte Landaberrira. "Mirestekoa da adin horretara iritsi eta guztion etorkizunaren alde borrokan jarraitzea".