Gakoa elkarbizitza dela borobildu dute

Txintxarri Aldizkaria 2024ko urr. 25a, 13:51

Kulturartekotasunari buruz hausnartu du hil honetako borobilak.  'Lasarte-Oria: harrera herria?' izan da solasaldiaren izenburua, eta ekimenaren antolatzaileek gai horrekin lanean ari diren hiru eragile gonbidatuko ditu: AMHER Hernaniko Elkarte Multikulturala, Zaldibiako Lardizabal Herri Eskola eta Orioko Zaragueta Herri Eskola.

Saio berezia izan da hil honetan Borobilean elkarteak aurrera eraman duena, izan ere, lehen aldiz bat-bateko itzulpenean gaztelerara itzuli baitute saioa.

 Lasarte-Oria: harrera herria? solasaldirako gaira apur bat hurbiltzeko, aniztasunaz, kolore eta kultura askotakoak garela ekarri du gogora elkarteak, eta, esan, herritarrak elkarrengandik bereizten dituzten “ezberdintasunak” badauden arren, horiek batzen dituzten “zenbait alderdi” ere badaudela. Lasarteoriatarren kopuru handi bat migrantea dela, edo izan dela ere azaldu du, eta etorkizunera begira jarrita, aipatu, agian, izango direla. Gaineratu du urtero erroldatzen direla herritar berriak Lasarte-Orian.

Herriak historikoki jasan dituen bi migrazio mugimendu nagusiez mintzatu da gero Ixiar Arteaga Borobileaneko kidea. 60. Hamarkadan estatutik etorritako pertsonek Lasarte-Oriaren biztanleria laukoiztu egin zuela aipatu du betetik, eta 2000. urteko migrazio mugimenduaz mintzatu da gero: “Batez ere Hego Ameriketatik etorri ziren”. Hori guztia kontuan hartuta, honako datu mahaigaineratu du gero. Esan du gaur egun herritarren %43,8a Lasarte-Oriatik kanpo jaioak direla. Gauzak horrela, elkarteak gaiarekiko duen interesa zein den ere argitu du; aniztasunetik elkarbizitzarako bidea jorratzea, gakoa elkar ezagutzan egon daitekeela iritzita.

Datuok 2011-2015eko agintaldian udalak bultzatutako Anitzen Sarea egitasmoak bildutakoak direla ohartarazi du Arteagak. Orduan landutako txostena erabili dute zifra horiek hitzaldira ekartzeko. Gogorarazi du 37 elkarterekin batera egin zela Anitzen Sarea, eta, besteak beste harrera protokolo bat landu zela.

Gonbidatuei hitza eman aurretik, euskarari ere egin dio erreferentzia: “Garai bateko migranteen hirugarren belaunaldiak, gutxienez euskara ulertzeko gai dira”.

Esperientziak, banan-banan

Kulturartekotasunarekin lanean ari diren hiru eragileen txanda izan da gero.

Hernaniko AHMER Hernaniko Elkarte Multikulturaleko kideek hartu dute hitza lehenik. Kontatu dute 2004. urtean sortu zen elkarte antirrazista dela. Pertsona migratuen integrazioaren alde eta diskriminazioaren eta arrazakeriaren aurkako borrokan diharduela ordutik, eta, bizikidetzaren eta jatorri aniztasuna errespetatzearen alde.

Gauzak horrela, Hernanira bizitzera joaten diren migranteei harrera egiteaz gain, behar duten aholkularitza zerbitzua eta akonpainamendua egiteaz gain, topatzeko guneak ere eskaintzen dizkietela azaldu dute. Aurrera eramaten dituzten zenbait ekimenen aurkeztu dituzte ostean; hauen berri eman dute, besteak beste: Bizilagunak programa, Migrazinema eta Hariak eta jaialdi gastronomikoak.

Zaldibiako Lardizabal Herri Eskolako ordezkarien testigantzaren berri izan dute gero hitzaldira bertaratutakoek. Hasteko, aipatu diete euren lanketaren abiapuntua zein izan zen. Kontatu dute eskolako gela bileretan, hitzaldietan eta bestelako ekimenetan jatorri atzerritarreko gurasoen edo euskaraz ez zekitenen parte hartze apala izan zela lanketa martxan jartzeko gakoa; hortik abiatuta, euskaraz bizitzea eta eskolako ekimenetan hizkuntza hori ez dakitenen parte hartzea nola uztartu aztertzen hasi zirela.

Azaldu dute, horretarako talde lana ezinbestekoa izan dela, eta  honako agenteak egon direla inplikatuta: eskolako gurasoak eta guraso elkartea; UEMA; eskolako irakasleak; Etxekoneko elkartea; udala eta HUEZI.

Hori aurkeztuta, prozesuaren emaitzak zeintzuk izan diren kontatu diete ikus-entzuleei. Aipatu dute, adibidez, egun Telegram difusio kanalak erabiltzen dituztela eskolako edozein jakinarazpen egiteko, aplikazio horrek, unean uneko itzulpena egiten baitu edozein hizkuntzatara. Horrez gain, aipatu dute, uneotan berritzear duten guraso elkarteko taldean euskaraz ez dakiten bi kidek hartuko dutela bertan aritzeko ardura, hori kudeatzeko tresnak eskuratu baitituzte. Ttakun Kultur Elkartea ere izan dute ahotan, eragile horrek euskara errefortzu eskolak ematen baititu Zaldibiako eskolan.

Sorrerako zailtasun eta korapiloak askatzen ari direla aipatu dute hizlariek amaitzeko, eta, etorkizunari begirako erronkak ere azaldu amaitu dituzte.

Hirugarren lekukotza

Orioko Zaragueta Herri Eskolakoena izan da entzuleek jaso duten hirugarren testigantza. Ruben Iglesias guraso bat izan da hizlarietako bat, eta gogora ekarri du duela zortzi urte Lasarte-Orian aurkeztu zuen proiektu baten berri emanaz hasi da hizketan: Orioko curriculuma. Hori martxan jarri zuten, ohartu zirelako “transmisioan eten bat” gertatzen ari zela, eta horri irtenbide eman asmoz abiatu zuten orduko lanketa hura. Horretan bildu zituzten, besteak beste, herriko ohituren, nortasunaren eta leku esanguratsuen gaineko informazioa. Nabarmendu du herri partaidetza bidez aurrera eramandako proiektua izan zela.

Horren aplikazioa herri eskolak nola inplementatu zuen azaldu du jarraian, eta hausnarketa horren osteko lehen proiektua izan zen Baleatik, baleara oka jolasa sortzea. Hor agertzen dira herriko leku, pertsonaia eta bestelako elementu batzuk (ikasleek aukeratutakoak) eta horietako bakoitza azaltzen duen eskuorri bat ere osatu zuten. Denbora batera eskaintza hori “pixka bat motz” geratu zela ikusirik, hori nola zabaldu pentsatzen hasi ziren, eta horren emaitza izan da Balearen bidea. Asteasuko Muskerraren bidea eredutzat hartuta sortu dute oriotarrek eurena.

Ibilbide hori Oriora datozenei herria nolakoa den erakusteko tresna bat da. Ideia eta diseinua eskola komunitateak sortu du, errioa ardatz hartuta. Ortzaika auzoan hasi eta Orio zeharkatuz, hondartzarainoko 4 kilometroko paseo bat egiteko aukera eskaintzen du. Bideak zortzi geldialdi proposatzen ditu Orioko zenbait leku esanguratsuren gaineko informazioa jaso dezaten. Azalpen horiek, gainera, hamabi hizkuntzatan entzun daitezke, hain zuzen ere, Zaragueta Herri Eskolako ikasleen hizkuntza guztietan. Horren gaineko informazio gehiago nahi duenak ikastetxearen web atarian kontsulta dezake.

Gonbidatuen hitzaldien ostean, horiek entzutera joandakoei eman zaie hizketarako aukera. Hainbat zalantza eta hausnarketa partekatu dituzte batek baino gehiagok.

Ia bi orduko saio emankor bezain aberasgarria izan da.

Bigarren hitzordu baterako deia

Borobilean elkarteak kulturartekotasunaren gaian Bizipoza elkartea du bidelagun, eta, hori hala izanik, Arrazakeria desaktibatzen jardunaldi berezi bat aurrera eramango dutela jakinarazi du Arteagak. Azaroaren 16an izango da hori, larunbatarekin, Usurbilgo Sutegi aretoan. Bertan parte hartzeko aurrez izena ematea ezinbestekoa dela ohartarazi du.