Herria eraikitzen jarraitzeko gakoak partekatu dituzte

Txintxarri Aldizkaria 2024ko ira. 25a, 10:58

Joxemi Zumalabe fundazioko kideekin batera aurrera eraman dute ikasturteko lehen saioa Borobilean Elkartekoek. Herri mugimenduen eta beste zenbait kontzepturen teoria landu dute aurrena eta taldetxotan bildu dira gero, Lasarte-Orian gaur egun dagoen elkarlanaren diagnostikoa egin eta etorkizuneko ildoak zehazteko.

Neurri batean, atzokoa lehen eskola eguna izan zen Borobilean Elkarteko lagunentzat eta Joxemi Zumalabe fundazioko kideentzat. Lehen eskola egun hori, gainera, ikastetxe bateko musika gelan izan zen, Oriarte Landaberri eraikinekoan. "Urduri" zeudela onartu zuten ikasturte berriko lehen borobileko antolatzaileek eta gonbidatuek. Borobileanekoak, ez zekitelako iaz erdietsitako arrakastari eta interesari eutsiko zioten; Joxemi Zumalabekoek, ez zekitelako atzoko mahai inguruaren aurkezpenean beraiekiko sortutako espektatibak beteko zituzten ala ez, sarrera bikaina egin baitzuen Ixiar Arteaga moderatzaileak. "Urduri gu jarri gara orain, ezingo genituzkeelako gure buruak hobeto aurkeztu. Gainera, kurtso honetako jendaurreko lehen saioa da guretzat". Solasaldiaren martxa zer-nolakoa izan zen ikusita, batzuk zein besteak lasai asko egon daitezke: Borobileanekoak, 19:00ak baino lehen jarri zituzten aulki guztiak (eta gehiago) bete zituztelako; Joxemi Zumalabekoak, ordu eta erdiko saio interesgarri eta dinamikoa aurrera eraman zutelako.

Herritarrak, elkarteak, komunitatea... Elkarrekin herri bat eraikitzen! izenburupean egin zuten atzoko saioa. Horretan adituak bainoago, "arituak" direla esan zuten Ikerrek eta Unaik. Euskal Herrian bestelako jendarte eredu batzuen alde lanean herri mugimenduei laguntzen diete. Honela definitu zituzten atzo: "Autonomoki antolatzen diren herritar taldeak dira, amankomunean dituzten kezka eta gogoak asetzea helburu dutenak. Aldaketa politikoak egin eta komunitateak trinkotzerakoan gakoak dira". Gisa horretako azalpenak eman zituzten solasaldiaren aurreneko zatian, atal teorikoaren barruan.

Horren aurretik, elkar ezagutu eta "Lasarte-Oriako elkarlanaren lehen mapa" egiteko ariketatxo bat egin zuten, parean zituzten dozenaka herritarrei euren izenak eta norbanako edo eragileren baten ordezkari gisa bertaratu ziren zehazteko eskatuta. Unaik hartu zuen post-it laranja batzuk hartu eta elkarte bakoitzaren izenak arbelean itsasteko ardura eta bota zuen izerdi pixka bat, udalerriko hemezortzi kolektibotako kideak bertaratu baitziren: Sorgin Jaiak, Ihitten elkartea, Ttakun Kultur Elkartea, Ernai, Lasarte-Oriako Gazte Asanblada, Kukuka eskola, Irakurle Txokoa, Zabaleta Auzolan, Xumela korua, Errigora egitasmoa, Bizipoza elkartea, LOOPA plataforma, Sare Herritarra, Buruntzaldeko Transmaribibolloak, Islada Ezkutatuak, LAB sindikatua, Landaberri Guraso Elkartea eta Borobilean Elkartea bera, jakina.

Elkarlana, "aberasgarria"

Atzoko borobilaren helburu nagusia izan zen Lasarte-Orian gaur egun dagoen elkarlanaren diagnostikoa egitea eta norabide horretan etorkizunean egin beharrekoa irudikatzea. Fundazioko kideen iritziz, elkarlana "aberasgarria" da komunitatea eta herria eraikitzea laguntzen duen neurrian: "Herritarren elkar ezagutza eta kohesioa bultzatzen dituztenez, eragin positiboa du". Halaber, nabarmendu zuten partaideen arteko hartu-emana dela "benetako elkarlana", hau da, mugimendu bat eratzerakoan kide guztien gogo eta nahiak kontuan izatea, ez batzuenak gailentzea.

Azalpenen eta testuingurua marraztearen tartea amaituta, bertaratu zirenak taldetxoetan elkartu ziren Lasarte-Oriako harreman sareaz eta moduaz hausnartzeko. 20:30ak arte aritu ziren gure herria eraikitzen jarraitzeko gakoak partekatzen eta horren gainean hausnartzen.

1996ko apiriletik lanean

Joxemi Zumalabe fundazioa 1996ko apirilean eratu zuten eraldaketa sozialean ari diren herri mugimenduak aitortu eta lan egiteko kultura hori indartzeko. Geroztik, makina bat lanketa burutu dituzte hamaika eragiletako kideekin, sinergia eta ahalduntze prozesuak aurrera eramanda. Arteagak hiru nabarmendu zituen atzo: Lakaxita gaztetxean jazotako eraso matxisten aurkako protokoloa, Bilboko mugimendu euskaltzalea biziberritzea eta Lekeitioko Andra Etxea ametsa izatetik proiektu izatera arte egindako prozesua. 

Borobilean Elkartekoek urrian egingo dute hurrengo mahai ingurua, kultura aniztasunari buruz. Hernaniko Amher elkarteko, Zarauzko Zaraueta ikastetxeko eta Zaldibiako esperientzietan aditu diren kideak gonbidatuko dituzte Oriarte Landaberri eraikinera. Azarokoa ere zehaztuta dute. Etxebizitza eskubideaz ariko dira solasean, askotariko etxebizitza ereduak mahai gainean jarriz. benduan, berriz, Euskal Herriko pentsiodunen ametsak, aldarrikapenak eta borrokak izango dituzte mintzagai.

Erlazionatuak

Ikasturteko lehen borobila, iruditan

Txintxarri Aldizkaria ira 25 Gizartea