Lasarte-Oriako Pentsiodunen Koordinakundeak jarduera etetea erabaki du

Txintxarri Aldizkaria 2021ko aza. 17a, 13:02

Pentsiodunen koordinakundeak mobilizazio ugari egin ditu. Irudian, 2018ko ekaineko bat.

Hilabete hasieran egindako batzarrean, Lasarte-Oriako Pentsiodunen Koordinakundeak erabaki du jarduera bertan behera uztea, "aho batez". Azaldu duenez, "arrazoi pertsonalak" izan dira horretarako motibo nagusia, "hasieratik antolaketa batzordeak izan duen adiskidetasun eta laguntasun harremanaren barruan". Batzordeko kideek eskerrak eman dizkiete pentsio publikoen problematikaren gainean koordinakundeak egin duen ibilbidean laguntza eman duten guztiei. 

Gogoratu dute lehen elkarretaratze ofiziala 2018ko martxoaren 5ean egin zutela, eta hurrengo bi urteetan beste hainbat eraman zituztela aurrera, COVID-19agatik derrigorrezko geldialdia egin behar zuten arte. Azken urte eta erdian zenbait ohar plazaratu badituzte ere, jarduera presentzialik ez dute egin, eta ez dute egingo. Edonola ere, batzordeko kide bakoitzak bere kasa babestuko ditu "pentsio publiko eta duinen aldeko ekintzak". Horrez gain, zehaztu dute "prest" daudela laguntzeko, norbanako edo talderen batek koordinakundearen martxa berrartu nahiko balu. 

Egindakoaz harro 

"Gure bizitzetako azken etaparako beharrezkoak diren pentsio duinez gozatzeko beharreko ikusten genuen guztia ez lortuta ere, egin ditugun aldarrikapen ekintzekin ekarpen handia egin diogu oraindik borrokan dirauen mugimenduari", nabarmendu dute kideek. 2018tik 2020ra burututako jardueragatik izakinak pilatu dituztela jakinarazi dute, eta "modurik bidezkoenean" banatuko dituztela zehaztu, nola egin erabakitzen dutenean.

Erabaki horren berri emango dutela jakinaraztearekin batera, urteotan behin eta berriz aldarrikatu duten leloa gogorarazi dute: Gobernatzen duenak gobernatzen duela, pentsio publikoak defendatu egiten dira.