Kroseko lasarteoriatar azkarrenak elkarrizketatu ditu TXINTXARRI-k

Txintxarri Aldizkaria 2023ko aza. 3a, 14:37

Lasarte-Oria Bai! 26. Kros Herrikoian parte hartu dutenen guztien artean, 381 lasarteoriatarrak, edo bertan erroldatuak izan ziren: 360 lasterkari, 3 patinatzaile eta 18 ipar martxalari. Horien artean, modalitate bakoitzeko azkarrenekin hitz egin du TXINTXARRI aldizkariak; kirol proba nola bizitu duten kontatu diote aldizkariari

 

"Helburua, hasieratik, podiuma zen" Jon Presa L-OKO LASTERKARI GARAILEA

"Oso berezia da lasterketa; urteko egutegian, egin beharreko gisa markatzen dudan bakarra. Garrantzi handia du, alde batetik herrian bertan egiten delako, eta, bestalde, txikitatik parte hartu izan dudalako. Bizipen eta esperientzia polit ugari bizi izan ditut urte hauetan guztietan. 

Duela urte batzutatik hona, gainera, kuadrillan elkartu eta elkarrekin bazkaltzen dugu; herrian sekulako giroa sortzen da. 

Prestaketa aldetik, ez dut krosa bereziki prestatu; Behobia-Donostia lasterketarako egiten ari naizenaren parte izan da, eta horren eraginez, freskotasun falta nabaritu nuen krosean zehar. Hasieratik jarrera izan zen tira egitea, gorputzak nola erantzuten zuen ikusteko. 

Hasieran, hiruk alde egin genuen, eta lehen lauzpabost kilometroak elkarrekin egin genituen. Baina, gero, Oriako kapera parean Anderrek [Ortiz, lasterkari garailea] aurre hartu zuen eta ikusten zen freskoago zihoala, beste erritmo aldaketa bat zeukala. Hortik amaieraraino bakarrik joan zen, eta erraz irabazi zuen.

Kamel [Ziani, bigarren lasterkari azkarrena] ere atzetik zetorren eta harrapatu ninduenean konturatu nintzen ez nenbilela hain fresko, hasieran egindako esfortzua ordaintzen ari nintzela. Raulek [Gomez Margallo, laugarren sailkatua] harrapatu ninduenean, berriz, jabetu nintzen oraindik banuela indarra azkeneko bi kilometroetan gorputzari buelta emateko, izan ere 7. Eta 8. Kilometroak oso gogorrak egin baitzitzaizkidan. Eta, esan bezala, azken bi kilometroetan egoerari buelta eman eta ondo, pozik amaitu nuen.

Helburua podiuma zen. Hortaz, oraingoan, xedea lortuta eta marka hobetuta, oso pozik. Baina pena txiki batekin ere bai, izan ere hasieratik hain fuerte hasi izan ez banintz, agian amaieran bigarren postua borrokatzeko  indar gehiago izango nukeen.

Datorren urtean espero dut aurten egindakoa hobetzea eta urtetik urtera hankek eta gorputzak aguantatu arte hobetze joatea".

 

"Sorpresa izan da; poza sentitu dut" Amaia Irurtia L-OKO LASTERKARI GARAILEA

"Urtean zehar aritzen naiz korrika, bereziki, neguan mendian ibiltzea gustuko dudalako eta pixka bat sasoian mantentzeko. Nire bikotea lasarteoriatarra da eta ni, izatez Añorgarra naizen arren, Lasarte-Orian erroldatuta nago eta bertan bizi naiz. Bera urte askotan atera da krosean lasterka egiten, eta aspaldidanik zirikatu nau, esanaz, herrian bizita, bizitzan behin behintzat parte hartu behar nuela; irailean, erabaki genuen elkarrekin aterako ginela.

 Erronka gisa jarri genuen 4.30etik jaistea. Berak denbora hori aise egiten du, eta nire ondoan egin zuen lasterketa guztia, animoak ematen eta lortu genuen. Sorpresa izan dena da Lasarte-Orian erroldatutakoon artean helmugaratzen lehena egin izana. Poza ere sentitu dut". 

"Giroa, beti bezala, bikaina" Kepa Rezabal L-OKO IPAR MARTXALARI GARAILEA

"Egia esan, ez nuen krosean parte hartzeko asmorik, baizik eta antolaketa lanetan ibili direnei laguntzekoa. Azkenean, Rosak [Ormazabal] animatuta erabaki nuen izena ematea.

Herrian giro polita sortzen den egun bat da, eta, nola edo ala beti izan dut parte hartzeko gogoa, eta ahal izan dudanero hala egin dut. Gehienetan antolakuntzakoei laguntzen, baina lasterka egin nuen behin, eta ipar martxalari gisa, aurtengoa bigarren aldia izan da.  

Parte hartzea zen helburua, baina, behin lehian zaudela, ahalik eta ondoen egitea nahi izaten denez, erronka bezala jarri nuen Manoli Zumetarengandik (taldekide azkarrena) ahalik eta gertuen amaitzea, bera begi bistatik ez galtzea. Eta hala izan zenez, helburua beteta. Ondo pasa nuen noski; giroa ere beti lez, bikaina". 

"Aurten barrutik bizitu dut krosa" MARI JOSE SOROA L-OKO IPAR MARTXALARI GARAILEA

"26 urte baino gehiagoz Lasarte-Orian bizi den añorgatarra naiz. Iaz, Euskararen Maratoian antolatu zen ipar martxako ekitaldian parte hartu nuen eta gutxira, Ostadarren, beste ikastaro bat egin nuen. Orduan "datorren urtean nik ere parte har dezaket" pentsatu nuen, eta halaxe izan da. Esperientzia politta izan da eta ibilbidea ere tamainakoa da.

Urtero joaten gara krosa ikustera eta aspaldian ikusi gabeko jendea topatzen nuen. Aurten ezberdina izan da; barrutik bizi izan dut, baina konturatu naiz jende hori ikusi gabe geratu naizela. Bizitzan, liburu bat idatzi, zuhaitz bat landatu eta ume bat eduki behar dela esaten den bezala, herrian biziz gero, eta aukera izanez gero, egin beharreko zerbait bezala sentitzen nuen eta hori behintzat, egin dut".