Lehenengo lasterketetan nerabeak izango dira lehian. 2008-09an jaiotako kadeteak lehenik (12:15ean) eta hamar minutu geroago, 2010 eta 2011 urteetako infantilak. Bi maila horietako korrikalariek 1.200 metroko bidea egingo dute; Uistin eta Geltoki kaleko zirkuituari bi itzuli emanez.
Ostean, 12:35ak aldera, lehenengoz krosean parte hartzen duten haurrek urduritasun eta ilusioz beteko dute Geltoki kaleko zuzengunea. Txanda ezberdinetan, 2018. urtean jaiotako txikiek euren indar guztiekin 100 metro egingo dituzte.
2016-17 urteetan jaiotako haurren lasterketak 12:45ean hasiko dira. Horiek 50 metro gehiagori aurre egin beharko diete, hau da, 150 metroko bideari.
Koskortuago dauden 2014-15 urteko gaztetxoek (12:55ean) 400 metroko bidea egingo dute Uistin eta Geltoki kaletik barrena eta 13:00ak aldera, 2012-13 urteetan jaiotakoek emango diote amaiera Korrika festari. Horiek 800 metro egingo dituzte.
Izen ematea
Hilaren 29an, korrikalari txiki eta euren gurasoek kontuan izan beharreko ohar bat eman dute Ostadar SKTko antolatzaileek; haurrek lasterketa hasi baino 15 minutu lehenago egon beharko dute dagokien harrera guneetan (ikus irudia). Adinaren arabera bi gune ezberdin izango dira: 2018 eta 2016 urte artean jaiotako txikiak Michelin gunean eta gainerakoak Mercero plazan. Guztiak Okendo plazan elkartuko dira euren lasterketa amaitzerakoan.
Eta izena eman ez duten gazte eta haurrei azken ordura arte ez itxaroteko gomendioa ere eman diete antolatzaileek. Horretarako, gaur inskripzio gunea irekia egongo da, hilak 27, Manuel Lekuona Kultur Etxean, 17:00etatik 20:00etara; bihar, Michelin kirol guneko pilotalekuan, 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 19:30era. Azken aukera, igandean bertan izango da, 09:00etatik 10:00etara, kirol gunean.
Haur bakoitzak 7 euro ordaindu behar ditu. Trukean kamiseta tekniko bana, eta, lasterketa amaitzean, bestelako opariak jasoko dituzte.