Gure herriko kirolaren festa handiena heltzear da. Ostadar SKT kirol taldeak iragarri du hilaren 29an izango dela 26. Lasarte-Oria Bai! Kros Herrikoia, 10:30etik aurrera. Lasterkariak, patinatzaileak eta ipar martxalariak aterako dira Geltoki kaletik, Okendo plazan amaitzeko. Aurreneko biek 10 kilometroko bidea urratu beharko dute, eta, hirugarrenek, 5 kilometrokoa. Antolatzaileek zehaztu dutenez, aurtengo 1 zenbakidun dortsala "sinbolikoa" izango da, kirol proba hori errotzen eta ikur bilakatzen lagundu duten boluntario denak omenduko dituztelako. "Guztiak ezin izan ditugu batu, baina batzuk agerraldira gonbidatu ditugu; 150 bat lagun aritzen dira zeregin desberdinetan eta haiek gabe ezinezkoa litzateke krosa aurrera eramatea". Helduek lanak amaitzean, gazteen txanda izango da, 21. Korrika Festan parte hartuta.
Aipatutakoaz gain, "berritasun gutxi" ditu aurtengo aldiak. Horietako bat, Berria saria berreskuratu izana. Euskara sustatzeko asmoz, komunikabide horrek eta Ostadarrek hitzarmen bat sinatu dute. Gauzak horrela, Kale Nagusian tarteko helmuga bat jarriko dute eta modalitate bakoitzeko lehen hiru emakumezkoek zein gizonezkoek aipatu hedabideak emandako produktu sorta bana jasoko dute.
Izen ematea, zabalik
Ostadarreko kideek gogorarazi dute euren webgunean izena eman dezaketela herritarrek. Sarean egitearekin zailtasunak edo arazoak dituztenei begira, hilaren 20tik aurrera Manuel Lekuona Kultur Etxeko 1. solairuan egongo dira, lehen kafetegia zen horretan. 17:00etatik 20:00etara artekoa izango da ordutegia, astelehenetik ostiralera. 28an berriz, egun handiaren bezperan, Michelin kirol guneko pilotalekura joan beharko dute inskribatzera, 11:00etatik 14:00etara edota 17:00etatik 19:30era. Azken aukera krosa hasi aurretik izango dute, 29an bertan, 09:00etatik 10:00etara. Dortsala eskuratzeagatik 15 euro ordaindu beharko dituzte kirol elkarteko bazkide ez direnek, eta badirenek, 10 euro. "Tramite hori azken egunerako uzten dutenek, kasua edozein izanda ere, 23 euro ordaindu beharko dituzte", ohartarazi dute antolatzaileek. "Hori da aurtengo aldiko bigarren berritasuna, izen ematearen prezioa igo izana; bizitzaren garestitzeak esparru guztietan eragin du eta dirua ez galtzeko asmoz hartu dugu erabakia".
Parte hartzaileek dortsalak, kamiseta teknikoak eta horrela egokituz gero, sariak (herriko taberna, jatetxe, okindegi eta komertzioek eskainitako opariak; Reala, Bera Bera Super Amara eta GBC ikusteko sarrerak; eta abar), lasterketa bezperan edota egunean bertan jaso behar dituzte frontoian, arestian zehaztutako ordutegian.
Helduen ostean, gaztetxoak
Lasterketak eta sari banaketa amaitu eta gero haur eta nerabeen txanda izango da: 21. Korrika Festan parte hartuko dute. Izen ematea Manuel Lekuona Kultur Etxeko kafetegian egin beharko dute, hilaren 20tik aurrera, 17:00etatik 20:00etara. Haur bakoitzak 7 euro ordaindu behar ditu, eta trukean, kamiseta tekniko bana eta lasterketa amaitzean, bestelako opariak izango dituzte.
Lehenengo lasterketak kadete (2008-09an jaioak) eta infantil (2010-11) kategorietako korrikalarienak izango dira. Ondoren, 2018an jaiotakoak, 2016-17, 2014-15 eta 2012-13 urteetan jaiotakoak aterako dira, hurrenez hurren. Adinaren arabera 100, 150, 400, 800 eta 1.200 metroko ibilbideak osatu beharko dituzte partaideek.
Bukatzeko, Ostadar SKTko kideek eskerrak eman dizkiete egun handi hori aurrera eramaten laguntzen dieten guztiei, eta, bereziki, babesle eta kolaboratzaileei: Etxezarreta harategia, Avenida taberna-jatetxea, Bertako Igogailuak, Factory logistika, Frutas Ruiz fruta denda, Ventanas San Miguel, Lasarte-Oriako Udala eta Isaac Farre argazkilaria.