Eguneko egitarauak ez du aldaketarik izango, ordea. Parte hartzaile guztiei agurra dantzatu ostean, hasiko da lehia. 10:28an, patinatzaileak irteera marra ziztu bizian utziko dute atzean. Bi minutu geroago korrikalarien txanda izango da.
Basaundi, Oria eta Zumaburu auzoetan izango du (mapan ikusgai) eragina ibilbidearen aldaketak. Geltoki kaleko zuzengunetik atera eta ohiko bideari ekingo diote Basaundi auzoraino.
Lasterketako lehiakideek industria gunera sartu beharrean, errepidetik jarraituko dute Oriako elizaraino eta bertan sartuko dira lantegien eremura. Zirkuitu ibilbideko etxe parean dagoen gasolindegi atzetik Txartel pareko industria gunera sartuko dira eta Txartel hoteleko biribilgunean Kale Nagusiko pabiloietako errepidearekin egingo dute bat. Zumaburuko elizara iristean, ezkerretara hartu eta Zumaburu kaletik barrena San Miguel okindegira iritsiko dira. Ola Kaletik Telleri kalera egingo dute gero ibai aldera egiteko.
Hipodromo etorbideko dorrearen aurretik igarotzean, Zubieta aldera hartuko dute. Hortik aurrera, ohiko ibilbideari egingo diote aurre parte hartzaileek eta Okendo plaza sarreran helmugara iritsiko dira.
Moldaketa egin arren, ohi bezala guztira 10 kilometro izango dira bi modalitate horietako kideek egin beharrekoak.
Irteera puntutik abiatzen azkenak ipar martxalariak izango dira. Bost kilometroko bidea egingo dute. Ohi bezala, Kale Nagusitik ibai aldera egingo dute Ama Brigitarren komentu parean eta ibaiko bidegorria hartuko dute. Bertan bat egingo dute korrikalari eta patinatzaileekin. Ibaiertza jarraituko dute Michelin 2 gunea igaro eta Geltoki kalera eginez. Azken zuzengune horrek Okendo plazara eramango ditu.
Izen emate eta dortsalak
Izen ematea lasterketa egunera arte irekita egongo da. Bi modu dituzte oraindik euren dortsala eskuratu ez dutenek inskripzioa egiteko. Batetik, Ostadar SKTren webgunea, eta, bestetik presentziala.
Azken hori gaur, hilak 27, Manuel Lekuona Kultur Etxeko 1. solairuan egin daiteke, 17:00etatik 20:00etara. Bihar, hilaren 28an berriz, Michelin kirol guneko pilotalekuan izango da, 11:00etatik 14:00etara edota 17:00etatik 19:30era. Azken aukera krosa hasi aurretik izango dute parte hartu nahi duten pertsonek, hilaren 29an bertan, 09:00etatik 10:00etara kirol gunean.
Dortsala eskuratzeagatik 15 euro ordaindu beharko dituzte kirol elkarteko bazkide ez direnek, eta badirenek, 10 euro. Tramite hori azken egunerako uzten dutenek, aldiz, 23 euro ordaindu beharko dituzte.
Kamiseta teknikoa ere izango dute parte hartzaile guztiek eta horrela egokituz gero, saria (herriko taberna, jatetxe, okindegi eta komertzioek eskainitako opariak; Reala, Bera Bera Super Amara eta GBC ikusteko sarrerak; eta abar). Horiek lasterketa bezperan edota egunean bertan jaso behar dira frontoian, arestian zehaztutako ordutegian.