Lasarte-Oria Bai! kroseko izen ematea ireki du Ostadar SKTk

Txintxarri Aldizkaria 2023ko urr. 6a, 09:30

25. Lasarte-Oria Bai! kroseko podiumeko argazkia.

Behobia-Donostia lasterketarako ia hilabete geratzen da. Urria hastearekin batera korrikalariek euren marka ondu edo helburuak betetzeko aukera ezberdinak dituzte astebururo. Hilaren amaieran Lasarte-Oria Bai! Krosa izango dugu Lasarte-Orian

Badator 26. Lasarte-Oria Bai! herri krosa, 23 egun falta dira gure herriko kaleak korrikalari, patinatzaile zein ipar martxalariez betetzeko. Ostadar SKTk lasterketa nagusi eta Korrika Festako gazteen (infantil eta kadete mailak barne) probetarako izena ematea ireki du.   

Inskripzioa egitearekin batera, 15 euroko ordainketa egin beharko dute paret hartzaileek; Ostadarreko bazkide izanez gero, kopurua 10 eurokoa da eta kadete eta infantil mailako gazteen eta haurren kasuan, aldiz, 7 euro.

Inskripzioa formularioa kirol elkartearen webgunean dago eskuragarri. 

Maratoi erdia

Hilaren lehen egunean, bestalde, Donostiako Zurich Maratoi erdia lehiatu zen.

Izena emanda zeuden nazioarteko 2.200 lasterkarien artean, 30 bat herritar edo Lasarte-Oriako kirol taldeetako ordezkari zeuden. Horietako batzuk gainera denborak zehazten dituzten banderinak eramateko erantzukizuna izan zuten.

Eguzkia eta beroari aurre eginez, herritar gehienek jaso zuten proba gainditu izanaren domina Donostiako udaletxe aurreko helmugan. Horien artean, David Cordero izan zen azkarrena; 01.21.32ko marka egin zuen.

Maratoi erdian banderina eraman zuten herritarretako batzuk. Ezkerrean lasterka eta eskubian helmugara iritsi ostean. Arg.: FlyGroup / fotorunners.es