Lasarte-Oriak irabazi du krosa

Txintxarri Aldizkaria 2023ko urr. 29a, 13:24

Urteko egun berezienetako bat da gaurkoa lasarteoriatarrentzat: kros herrikoiaren eguna. Goiz-goizetik jo eta ke aritu dira boluntarioak, aurtengo omenduak, dena prestatzen. Dantzarien eta txistularien agurraren ostean, ziztu bizian atera dira rollerrak, lasterkariak eta ipar martxalariak, hurrenez hurren. Helmugan azkarrenak Ximon Villalobos, Amale Mujica, Ander Ortiz, Enara Oronoz, Axier Baro eta Manoli Zumeta izan dira.

Urteak joan urteak etorri, krosak bere esentzia mantentzen jarraitzen du, nahiz eta pixkanaka (normala den bezala; bizitza) belaunaldiak aldatzen joan. Horren adibide, eskobaren kuadrilla. Gaur lasterka egin duten guztiak dira talde horri ekin ziotenen seme-alabak. Geltoki kaleko helmugara iritsi direnean erratza pasatzen hasi dira, ez 10 kilometroak egin izana ospatzeko, baizik eta azaroaren 30eko greba feminista orokorraren muinari keinu bat egiteko, zaintza lanena alegia. Zeregin horiek sexu bakar batenak ez direla islatu dute.

10:20ak izango ziren rollerrak irteteko prestatzen ari zirenean eta euri tanta batzuk erortzen hasi denean. Zorionez, eguraldiak eutsi dio eta hiru diziplinetako partaideek (patinatzaileak, lasterkariak eta ipar martxalariak) arazorik gabe burutu ahal izan dute 10 eta 5 kilometroko ibilbidea, hurrenez hurren. Helmugan azkarrenak Ximon Villalobos, Amale Mujica (rollerrak biak), Ander Ortiz, Enara Oronoz (lasterkariak biak), Axier Baro eta Manoli Zumeta (ipar martxalariak biak). Sei horiez gain beste 750 pertsona iritsi dira Geltoki kaleraino, eta gogotik ospatu dute askok. Hunkigarria izan da, esaterako, Jon Presa herritarraren iritsiera: dena emanda iritsi da, arnasari buelta eman ezinda hasieran egindako ahaleginagatik, baina izan ditu indarrak aitonarengana joan eta egindakoa berarekin ospatzeko. Bestelako keinu ugari izan dira, hala nola seme-alabekin batera sartzea helmugara, aldarrikapen banderak erakustea (Palestinaren edota euskal presoen alde, besteak beste), abereekin amaitzea lasterketa eta Geltoki kaleko bi aldeetan zeuden ikus-entzuleak agurtzea, eskua emanda.

Sariak banatu dituzte ondoren, Okendo plazan. Kategoria bakoitzeko lehen hiru sailkatuek Aterpea elkarteko kide diren establezimenduetan erabiltzeko erosketa bonuak jaso dituzte eta Kale Nagusiko tarteko helmugara iritsitako lehenengoek Berria saria ere bai, hau da, komunikabide horren produktuak, euskara sustatzeko asmoz.

Helduen proba amaitzean hasi da Korrika Festa, gaztetxoen txanda.