Ostadarreko kideentzat "oso garrantzitsua" da lasterketak herrian sortzen duen giroa, "udalerriko ekonomia bultzatzen duelako". Aurten ere bermatuta egongo da hori, partaide lasarteoriatarrak "asko" izango direlako. "Gora egingo dutenak, batez ere, korrika egingo duten emakumeak dira". Udalak eta Ostadarrek gogorarazi dute izen ematea irekita dagoela, kirol elkartearen webgunean bertan edota Manuel Lekuona Kultur Etxeko 1. solairuan. Bazkideek 10 euro ordaindu beharko dituzte eta ez direnek, 15 euro. Lasterketaren egunean bertan apuntatu nahi dutenek, kasua edozein izanik ere, 23 euro pagatu beharko dituzte.
Aterpeako bonuak sari
Krosaren azken aldietan bezalatsu, antolatzaileek Aterpea elkarteko kide diren komertzietan gastatzeko bonuak banatuko dizkiete kategoria eta modalitate bakoitzeko lehen postuetan sailkatzen diren kirolariei, era horretara ere tokiko merkataritza bultzatzeko.
Bestalde, iragarri dute Berria saria berreskuratuko dutela aurten. Komunikabide horrekin hitzarmena egin dute euskara bultzatzeko produktuak sustatzeko. Gauzak horrela, tarteko helmuga bat jarriko dute Kale Nagusian eta modalitate bakoitzeko lehen hiru gizonezko nahiz emakumezko sailkatuek sariak jasoko dituzte.