LANDABERRI

Autobusak ikastola atariraino igotzen hasi dira berriro

Txintxarri Aldizkaria 2021ko api. 29a, 11:13

Sarbidea itxi zenetik –2019ko irailean– urte eta erdi baino gehiagora, ikasleak Landaberrira garraiatzen dituzten autobusak ikastetxe atariraino igotzen hasi dira berriro, ikastolako aldapa sendotzeko obrak amaituta baitaude. 2021eko urtarril amaieran ekin zien konponketa-lanei Construcciones Moyua enpresak; aurrekontua 294.727 eurokoa izan da.

Hiru hilabetez jardutea aurreikusi zuten, eta bete dute ezarritako epea. Maldan ez ezik, beste esku-hartze batzuk egin ditu Lasarte-Oriako Udalak. Esate baterako, ikastolara sartzeko bideak bermatzeko lanak egin dira: horretarako, 33.852 euroko kreditu-aldaketa bat onartu zuen udal-korporazioak. 

Agustin Valdivia alkatea eta Nagore Duran zinegotzia joan den astean izan ziren obrak gainbegiratzen.

Luze jo duen arazoa

Esan bezala, Landaberrira igotzeko aldapa 2019ko irailetik egon da itxita. Igaro ziren hilabete batzuk Lasarte-Oriako Udalak konponketa-lanen oinarriak finkatu zituen arte, urte horretako abenduko ohiko udalbatzarrean. Lursaila Donostiako Udalarena denez, bi erakundeen arteko gatazkak gertatu ziren, batak besteari egozten ziolako arazoa konpontzearen ardura. Kurtso hasieran Udal Gobernuko kideek erregulatu zuten trafikoa zenbait egunez. Horren ostean, aldapako zati bat hesiz babestu eta libre geratzen zen pasabidetik igotzen ziren ikasleak klasera.

COVID-19aren pandemiak ere nabarmen eragin du konponketa-lanen atzerapenean. Aurreikuspen baikorrenen arabera, obrak 2020ko uztailean hasi zitezkeen, baina ez zen horrela izan. Hilabete batzuk lehenago, apiril amaieran, 2019ko soberakinekin kreditu-aldaketa egitea onartu zuen udal-korporazioak; zati bat Landaberriko aldapa sendotzeko lanak egitera bideratzea adostu zuten.

Lanak, esan bezala, aurtengo urtarril amaieran hasi ziren, hilaren 27an. Construcciones Moyua enpresak gauzatu ditu, eta aurrekontua 292.727 eurokoa izan da. Horrekin batera, sarbideak egokitzeko obrak egin dira, 33.852 euroko kreditu-aldaketa bat baliatuz.