Udalbatzar berezia izan da gaur sarean. Egoerak baldintzatuta, telematikoki bildu dira Lasarte-Oriako udalbatzako kideak. Hainbat batzarkideri arraroa egin zaie pantaila bati hitz egin beharra. Antolakuntza azalpen batzuk eman eta soinu arazoak medio, batzarra aurrera atera da. Besteak beste, Lasarte-Oriako udalbatzak 2019 urteko soberakinekin hainbat proiekturako dirua gordetzea onartu da, PSE-EEren aldeko bozkekin. Beste udal taldeek abstentziora jo dute.
Lasarte-Oriako Gobernu taldeak 2019 urteko soberakinaren 2,5 milioi erabiliko ditu hainbat proiektu gauzatzeko. Alkateak azaldu duenez, COVID-19a dela-eta, 2020 urteko aurrekontuak, “guda” aurrekontuak izango dira. Gipuzkoako Foru Aldundiarekin izandako bileran, Funts forala %20-25 jaitsiko dela iragatzen duela jakitera eman zien. Horregatik, aurrekontuetan gastu korrontea jaisten saiatzen ari da Gobernua. Gainera, Udalaren sarreran beherakada aurreikusten da eta eskaini ez diren zerbitzuen kuoten itzulera ere kontun hartu behar dute. Horren guztiaren ondorioz, inbertsiorik egiteko ez litzateke dirurik egongo eta 2019 urteko soberakinari esker, Gobernuaren ustez beharrezkoak diren hainbat proiektu aurrera eraman ahalko dira.
Ez dute soberakin osoa erabiliko. 2019 urtean, 6 milioi euroko soberakina izan zen. Milioi bat aurreko legealdietatik pendiente geratzen diren ordainketak egiteko erabiliko da eta 2,5 milioi eurolp poltsa utziko da, sarreren jaitsierek sortu ditzaketen ezbeharrei aurre egiteko.
Gainerako 2,5 milioiak, besteak beste, honako proiektuetarako erabiliko da:
-
Landaberriko aldaparen konponketak
-
Ikastetxeetako margoketa lanak eta hesi konponketa
-
Manuel Lekuona kultur etxeko teilatuko sabai-leihoaren konponketa
-
Brunet poligonoaren asfaltzatze lanak
-
Zatarain auzo goikaldean ura egoteko lanak
-
Urdaburu eta Isla plazako haur parkeen konponketa
-
Michelin fabrika ondoko pilotaleku txikiaren konponketa
-
Oriako pilotalekua margotu eta argiteria aldatzea
-
Irisgarritasun arazoak dituzten eta igogailua jarri behar duten etxebizitzentzat laguntzak
-
Zerbitzu publikoetako eta hirigintzako proiektuetarako poltsa
-
Udalaren kudeaketa hobetzeko azterketa
Alkateak azaldu duenez, Udaleko teknikariei ezinbestekotzat zituzten proiektuak aurkezteko eskatu zitzaien eta horietatik udal gobernuak beharrezkotzat jo dituenak aukeratu ditu.
Oposizioko alderdiak bat etorri dira haien abstentzioko arrazoiak eskaintzean. Lan horietako asko beharrezkoak direla onartu dute alderdi ezberdinek. Lehentasunik ez duten edo atzeratu daitezkeen proiektuak aukeratu dituela ere nabarmendu dute.
Jon Martin EH Bilduko bozeramaileak, gainera, erabakia PSE-EEk bakarka hartzea salatu du eta larrialdi mahai bat sortzeko eskaera egin dio udal gobernuari. “Hori izango litzateke leku egokiena udalak eta agente ezberdinek elkarlanean egoerari erantzuteko”.
EAJren izenean Jon Antxordokik udalak neurri guztien berri eman arren, sail batzuetako laguntzei buruzko informazio eza salatu du.
Laguntzak
Eta diru kupuru horren barruan, COVID-19ak sortutako egoerari aurre egiteko 770.000 euroko laguntza txertatzea ere onartu du Udalbatzak.
Laguntzaren banaketa honakoa izango da:
-
COVID-19aren ondorioei aurre egiteko bulegoa: 100.000 euro
-
Langabeei, ABEEE egoerandauden langileei edo autonomoei laguntzak: 400.000 euro
-
Komertzio, ostalari eta zerbitzuei laguntzak: 125.000 euro
-
Herriko komertzioetan erosketak egiteko bonoak: 125.000 euro
-
Ikasturte hasierako materiala erosteko laguntza: 20.000 euro
Gai honek oposizioko alderdien onespen gehiago izan du. EH Bildu eta
ELOP Elkarrekin Lasarte-Oria Puedek alde egin baitute. EAJ abstenitu egin da.
EH Bildu eta ELOP Elkarrekin Lasarte-Oria Puedek beharrezkotzat jo dituzte laguntza horiek egoerari aurre egiteko, baina gabezi batzuk daudela zehaztu dute.
EH Bilduk laguntza horiek beste alderdi edo eragilerekin bildu gabe onartu direla salatu du. Laguntzen banaketa sistemak kezka sortzen diela ere onartu du alderdi abertzaleak. Eskaerak iristen diren ordenaren arabera egiten badira, EH Bilduren ustez, ez dago bermerik gehien behar dutenek laguntza horiek jasoko dituztela jakiteko eta Eusko Jaurlaritzaren autonomoen laguntza eskaera jarri du adibide gisa Jon Martin bozeramaileak.
Honez gain, herriko etxe guztietara laguntzen berri iritsi beharko litzatekeela uste du alderdiak, “ez litzateke GAOn edo udal webgunean bakarrik argitaratu behar”.
Azkenik, laguntza plan honetan Lasarte-Oriako komertzioen aldeko ekimen bat dagoenez. Horiekin ekimena nola gauzatuko den adostea eskatu du Bilduk.
ELOP Elkarrekin Lasarte-Oria Puedek ere laguntzen banaketa moduan ditu zalantzak. “Herritarrei laguntzak iristea beharrezkoa dela uste dugu. Baina kezka dugu banaketa hori nola gauzatuko den zehaztu ez delako”.
EAJk, berriz, kezka bera eta udalaren erabaki azkartasun eza aipatu ditu bere abstentzioa azaltzean. Alderdi jeltzaleko bozeramaile Jon Antxordokik udalak aurrera eramandako neurri guztien berri eman diela jakitera eman du. “Kasu askotan, ados egon gara hartutako neurriekin, eta, beste batzuetan, uste dugu egindako lana hobea izan zitekeela, adibidez, udaleko bitarteko digitalen bidezko komunikazioan. Gaur egun, Udalaren webgunean COVID19ren egoeraren berri emateko atal espezifikoa eguneratu gabe dago martxoaren 25etik”.
Egoeraren aurreikuspenak erakunde guztiei gain egin diela onartu arren, Udalak erabakiak hartzerakoan azkartasun gehiagoz jokatu behar zuela adierazi du Antxordokik. “Erritmo handiagoa gustatuko izango litzaiguke erabakiak betetzeari dagokionez, alarmaegoerak alkateei hainbat neurri onartzeko eskumenak eman baitizkie. Gaur egun, 100.000 euro jarri ditugu mahai gainean COVID19 bulegoa martxan jartzeko, eta 670.000 euro familiei, saltokiei, ostalaritzari eta enpresei laguntzeko, baina oraindik ez dakigu nola izango diren diruak banatzeko arau guztiak”.
Zuzenketa eske
Ez dira bi puntu horiek mahai gainean jarri diren bakarrak.
Kontu-hartzaile jaunak aurreko ekitaldian egindako erreparo-txostenen kontu ematea ere egin da.
EH Bilduko Jon Martin Tejeriak bi eskaera egin dizkio Gobernuari horren harira. Batetik hainbat zerbitzuetako kontratu txikiak enpresa berdinei ematen zaizkiela-eta, horiek egunean jartzea eskatu du. Bestetik, Lurraren udal patrimonioan 2,5 milioiko galera dagoenez, udal patrimonioaren oreka mantentzeko planik baduen galdetu du.
Agustin Valdivia alkateak erantzun dio EH Bilduko bozeramaileari. Alkateak onartu du hainbat kontratuen luzapena ez dela regularra eta batzuk metatu duten diru kopuruarengatik lizitaziora atera beharko liratekeela. Eta gogora ekarri du, iaz tekniko bat kontratatu zela kontratu guztiak gainbegiratu eta ahal diren zuzenketa guztiak zehazteko. Moldaketa horiek aurten egitea aurreikusten dutela nabarmendu du alkateak.
Lurraren udal patrimonioaren galderari erantzunez, alkateak hurreno aurrekontuetan aztertu beharreko kontua izango dela azaldu du. Aurretik, kontu-hartzaileak zehaztapen bat egin du. “ez dago legerik non udal patrimonio hori zein epetan orekatu behar den zehazten duenik, beraz, hurrengo urteetako aurrekontuetan orekatu daitekeen galera bat da”.
Udalaren 2019 ekitaldiko aurrekontulikidazioaren berri ere eman dute. Likidazio hori Alkatetzaren 2020ko martxoaren 27ko ebazpenaren bidez onartu zen.
Hau guztiaz gain, hainbat batzarkideek eskerrak eman dizkiete herritarrei, udal langileei eta egoera honi aurre egiten ari diren osasun langileei.
Jon Antxordoki EAJko bozeramaileak Atsobakar zahar egoitzeko langileei ere egin die aipamena, “Beren ahaleginari eta profesionaltasunari esker lortu baitute Atsobakarrek COVID19 kasurik ez izatea”.