UDALBATZARRA

Landaberriko aldapa konpontzeko oinarriak finkatu ditu udalbatzarrak

Iñigo Gonzalez Sarobe 2019ko abe. 11a, 17:06

Ordubete ingurukoa izan da abenduko ohiko udalbatzarra: laburra, baina mamitsua. Landaberri ikastetxeko aldapako obren lizitazioa 2020ko aurrekontuetan sartzea adostu du udalbatzarrak, aho batez. HAPO Hiri Antolamendurako Plan Orokorrera begira parte-hartze prozesu bat egitea ere onartu dute. 

Landaberri ikastetxeko aldaparen afera konpontzeko bidean urratsa egin du udalbatzarrak. EH Bilduk gai horri buruz mozioa aurkeztu du abenduko ohiko saioan; horrekin guztiz ados ez, eta alternatiboa eraman dute pleno aretora PSE-EEk eta EAJk. "Osatuagoa", euren hitzetan. Ñabardurak ñabardura, alderdi guztiek erabaki dute azken hori onartzea, zerrendatzen diren konpromisoak arazo hori konpontzeko aurrerapausoak izango direlakoan –erretiratu egin du jatorrizko mozioa EH Bilduk, bere proposamenean jasotako puntuak betetzen direla iritzita–. Hauek dira: sarbidearen egoera konpontzeko obra-idazketa kontratatuko du udalak, aurtengo aurrekontuetako diru-partida bat erabilita; lanen lizitazioa sartuko du datorren urteko aurrekontuetan; beste administrazio batzuen laguntza bilatuko du proiektu hori finantzatzeko; eta Donostiako Udalarekin lan egingo du, aldapako errepiderako "irtenbide egokia" bilatzeko.

Elkarrekin Lasarte-Oria Puedek, EAJk eta PSE-EEk "harriduraz" hartu dute EH Bilduk gai hori plenora eraman izana, mozio bidez. "Esan genuen alderdikeriarik gabe landuko genuela gaia; ez zaigu egokia iruditu zuen jarrera, denon interesak komunak direla uste dugu", adierazi du jeltzaleen bozeramaile Jon Antxordokik. "Uste dugu gai honetan denok batera joan behar dugula; ez dugu jatorrizko mozioa alternatiboa baino gehiago babestuko, eta alderantziz", zehaztu du ELOP alderdiko bozeramaile David Aresek. PSE-EEko Agustin Valdivia: "Ez genuke moziorik aurkeztuko EH Bilduk gaia ekarri izan ez balu; iruditzen zaigu ez zegoela guztiz osatua proposamena". Horren aurrean, EH Bilduko Jon Martinek nabarmendu du koalizio abertzalearentzat ez zela aukera bat "ezer egin gabe" geratzea, "zain", eta "aurpegiratutako ekintzak" –mozioa aurkeztea eta gaiari buruz aritzeko prentsara jo izana– udal gobernuaren asmo zehatzak zeintzuk diren jakin aurretik egin dituela. Hezkuntza sailaren "interes falta" ere salatu du Martinek.

Galdera eta erreguen txandan ere jorratu zuen gaia udal korporazioak. Landaberriko Guraso Elkarteko bi kide joan ziren asteleheneko udalbatzarrera. Lanen epeak dira euren kezketako bat. Hirigintza zinegotzi Agustin Valdiviak erantzun zien: "Aurreikuspenak betetzen badira, aldaparen obrak 2020ko udan hasiko lirateke, ez lehenago". Datorren urteko aurrekontuak onartu behar ditu udalbatzarrak aurrena –hasi dira lanean–, eta obren lizitazioa egin gero. "Hiruzpalau hilabete iraun dezake prozesu horrek".

HAPO plana

HAPO Hiri Antolamendurako Plan Orokorrari buruz ere hitz egin zuten plenoan. Parte-hartze prozesu bat abiatzea adostu zuten, EH Bilduren mozioa aho batez onartuta. Estitxu Garmendia zinegotziaren hitzetan, plan horren hasierako diagnostikoa egitean ez dira jaso herritarren ekarpenak. "Ezinbestekoak izango dira horiek, nolako herria nahi dugun hausnartzerakoan". Esan bezala, alde egin dute gainontzeko alderdiek. Aresen hitzetan (ELOP), "egokia" da lasarteoriatarren iritziak biltzea, horrek "planaren onarpena zertxobait atzeratzea" ekarri badezake ere. "Alde bozkatu dugu iruditzen zaigu beharrezkoa dela, baina mozioari edukia falta zaiola uste dugu", zehaztu du Antxordokik (EAJ). Agustin Valdiviak (PSE-EE) zenbait xehetasun eman ditu: "Parte-hartze prozesua legez egin behar dugu, garapen fasearen araudiak dioen bezala; bestalde, uste dugu gaia lantzeko egokiagoa dela dagokion batzordean planteatzea".

Koalizio abertzaleak beste proposamen bat ere eraman zuen plenora, etxebizitzen eta udal ekipamenduei buruzkoa, baina ez zuen nahikoa babes jaso. Sei aldeko bozka (EH Bildu eta ELOP), zazpi aurkako (PSE-EE) eta hiru abstentzio (EAJ). Hori izan zen bozketaren emaitza.

Gai ordeneko aurreneko puntuan 1. mailako ofizial errementari lanpostuari dagokion hizkuntz eskakizuna onartu zuten, hori ere aho batez. Bestalde, jarduneko alkate Lourdes Acevedok –Jesus Zaballosek bajan segitzen du– eskatu zuen Gaztegintzari buruzko proposamen bat urgentziaz eztabaidatu eta bozkatu ahal izatea. Onartu zuen hori udal korporazioak, eta mozioaren edukia ere bai. 

Galderak eta erreguak

Gai ugari jorratu ditu korporazioak galdera eta erreguen txandan. Acevedok jakinarazi du eskutitz bat jaso duela Usurbilgo Udaletik. Alkate Agurtzane Solabarrietak idatzi du –Gipuzkoako alkate guztiei bidali die gutun bana–. Erraustegiaren aurkako manifestazioa egingo dute herri horretan ostiralean, 19:00etan. "Udal korporazioko alderdi guztiei bidali diet, bakoitzak erabaki dezan ekitaldiarekin bat egin ala ez", zehaztu du jarduneko alkateak. EH Bilduk eta ELOPek eskatu dute puntu hori bozkatzea, atxikitzea erabakitzeko ala ez, baina Acevedok ez du onartu. "Udal gobernuaren eginbeharra da airearen kalitatearen neurketak egitea, hilero-hilero; momentuz ona dela erakusten dute txostenek. Hori aldatuko balitz, erabakiko genuke nori eskatu ardurak", azaldu du. 

EAJk bi galdera egin ditu: hirigintzako administrari lanpostuaren euskararen profila eta ospakizun zibilen araudia plenoan noiz landuko ote diren. "Dagokien batzordeetan hitz egin dugu horri buruz, baina udalbatzarrera ez dira ekarri gaiak oraindik". Udal gobernuak erantzun die "erredaktatzen" ari direla araudia, eta lanpostuaren gaia teknikariarekin landu behar dutela.

Amaitu aurretik, galderak egin zituen EH Bilduk ere. "Atsobakar egoitzako langileen protesten ostean, jakin dugu FCC enpresako langile bat espreski horiek kentzen aritu zela. Berari galdetuta, erantzun du 'zinegotziaren aginduz' egin zuela. Horrela izan al da?", adierazi du Martinek. Acevedok erantzun dio ordenantza zibiko bat dagoela onartua, eta informazio paneletatik at dauden "kartel eta margoketa guztiak" kentzeko agindua daukala garbiketa enpresa horrek, "bereizketarik egin gabe". 

Erlazionatuak

Abenduko ohiko udalbatzarra

Iñigo Gonzalez Sarobe 2019 abe 11 Politika