Landaberriko sarbidea erregulatuko dute udal gobernuko kideek

Txintxarri Aldizkaria 2019ko ira. 10a, 18:50

Lasarte-Oriako udal gobernuko kideek erabaki dute beraiek erregulatuko dutela Landaberri ikastetxeko sarbidea, Hezkuntza sailaren eta Donostiako Udalaren utzikeria salatzeko, eta instituzio horiei "arazo larri hori" konpontzeko eskatzeko. 08:15etik 09:15era eta 12:15etik 14:00etara etengo dute autoen joan-etorria.

Landaberriko sarbidearen egoerari buruzko prentsa-ohar bat bidali du Lasarte-Oriako Alkatetzak. Jesus Zaballos alkateak salatu du Hezkuntza Sailaren eta Donostiako Udalaren "utzikeria". Horren aurrean, honakoa erabaki du udal gobernuak: egunero-egunero etengo du gune horretako zirkulazioa, ikastetxeko autobusek bakarrik erabili dezaten. 08:15etik 09:15era eta 12:00etatik 14:15era ariko dira horretan. Txandak egingo dituzte alkateak eta zazpi zinegotziek. "Ezin ditugu udaltzainak beste udalerri batera bidali; ez daukagu horretarako eskumenik".

Alkatetzak dioenez, joan den ekainaren 7an txosten bat bidali zioten Hezkuntza Sailari, adieraziz "arazo larriak" zituela Landaberri ikastetxeko aldapak. "Behin eta berriz eskatu diegu obrak tramitatzen hasteko, baina departamentu horrek ez du ezer egin". Donostiako Udaleko Mugikortasun arloarekin ere hitz egin du alkateak, oharrean zehazten denez. Ikastetxera joateko orduetan segurtasuna bermatzeko eskatu dio, baina Pilar Arana zinegotziak erantzun dio ez daukala pertsonal nahikorik lan egiteko. Espazio publikoetako zinegotzi Marisol Garmendiari ere galdegin dio gaia jorratzea, "urgentziaz", Donostiako gobernu batzarraren hurrengo bilkuran.