Egun osoko festa alaia izan da aurtengo Euskal Jaia. Goizean goiz hasi da ospakizuna eta gaueko ordu txikiak arte luzatu. Bitartean, giro ederra ondu dute herriko hainbat eragilek. Musikatik hasi, dantzarekin eta eskulanekin jarraitu eta kirolak zein aitortzak tartea izan dute. Jatekoak eta edatekoak ere protagonista izan dira.
Herriko txistularien dianarekin ekin dio Lasarte-Oriak 2026ko Euskal Jaiari. Erdigunetik barrena, festa handirako beroketa lan musikatua egin dute musikariek. Jarraian, txalapartariekin eta Alboka Abesbatzarekin hasierako ekitaldia aurrera eraman dute, Okendo plazan. Ohiko legez, Euskal Jaiaren hasiera ofiziala irudikatzeko, zapia jarri dute enparantzakoek.
Zapiak zapi, eskulan ederren erakuslehioa izan da Okendo bazkalordura arte. Izan ere, iaz egindakoaren antzera, azoka egin dute Dinagu Kolektiboko kideek. Artelan ederrak ipini dituzte salgai; apaintzeko, erabiltzeko eta jateko modukoak. Bitxiak, agendak eta gaztak, besteak beste. Lasarteoriatarrek ez dute bertaratzeko eta zenbait kontu erosteko aukera galdu.
Herriko txistularien lekukoa harturik, kalejira egin dute Alboka Abesbatzak eta Erketz Euskal Dantza Taldeak, erdigunetik. Dantzan eta kantuan zirelarik, herritarren larunbat goiza doinu eta mugimendu finekin girotu dute. Bien bitartean, kuadrillen proba mistoarekin gozatu dute, Kale Nagusian. Hiru talde aritu dira leiha bizian, baina Zabaletako multzoak irabazi du, azkenean.
Kuriositate handiarekin jarraitu dute, bestalde, Sukaldean Goxo Showcooking-a etxeko txikienek. Gertu-gertutik aritu dira kozinatu bitartean galdera mordoa egiten.
Jendetza ederra bildu du Okerra eta Oztaran harriarekin egindako emanaldiak. Beste behin, Kale Nagusian bildurik, 88 kiloko Oztaran harria altxa zuten emakumezkoek: Udane Ostolaza eta Olaia Esnaola. Hiru aldiz eta bederatzi aldiz hartzea lortu dute, hurrenez hurren. Gizonezkoek, aldiz, 140 kiloko okerra harria. Aimar Ardanza, Xabier Aranburu, Oier Azpeitia eta Gari Garmendia saiatu dira. Erakustaldi bikainak egin dituzte denek, eta iazko marka superaturik, Aranburuk 11 aldiz altxatu du harria. Lehenego hiru sailkatuek Zurmailu Elkarteak eginiko Okerra harriaren erreplika eskuratu dute.
Goizeko txandarekin amaitzeko, Euskararen Maratoiari egin diote aitortza. Zortzikotea oholtzaratu da, Estitxu Alkortarekin batera. Earra Bertso Eskolako Araitz Ramosek eta Maddi Lasak bertso bana abestu diete. Ondoren, Maratoiaren beharraz mintzatu dira eta 11. edizioko kantuaren dantza ofiziala erakutsi dute.
Arratsaldean, gehiago
Bazkari herrikoia egin dute, Antonio Mercero plazan. Jarraian, Andoni Ollokiegik emanaldi musikal mugitua eskaini du. Biziki gozatu dute lasarteoriatarrek Ollokiegiren errepertorio luze eta zabalarekin. LOZETeko buruhandiek eta erraldoiek kalejira egin dute, erdigunetik. Toka txapelketa ere antolatu dute gazteek, Askatasunaren parkean.
Talo eta sagardo goxoarekin indarberritu ostean, plazadantza saio erraldoia egin da, Okendo plazan. Erketzeko musikariek jarri dituzte doinuak eta Erketzeko, Kukukako eta Plazadantza taldeko kideek parte hartu dute. Herritarrek ere, noski.
Afalorduaren aurretik, Oaintxe in deu txarangak musikarako apetitoa sortu du, eta Antiguoko Herenegunek eta Auskalo talde herritarrak asetu dute gose hori Euskal Jaiarekin amaitzeko eskainitako kontzertuekin.